Uda garaia iristearekin batera, gero eta gehiago begiratzen zaio gorputzari. Urte osoan elikadura zaindu gabe egon eta gero, mirarizko dietak bilatzen dira maiz, epe motzean, ahalik eta pisurik gehiena galdu nahian. Dieta horiek dituzten arriskuez ohartarazi du Amaia Perales dietista-nutrizionistak. Beasainen duen kontsultan, elikadura eta bizimodu orekatu eta osasuntsu bat izateko aholkuak ematen ditu.
Udara dator eta ‘bikini operazioari’ begira gaude… Astakeria handiak egiten al dira?
Zoritxarrez bai. Jendeak emaitza azkarrak nahi ditu, ondorioak kontuan izan gabe. Pisua jaisteko hilabeteak behar dira. Helburua gorputzeko gantz kopurua murriztea da, eta galdu den pisu hori luzaroan ez berreskuratzea. Horretarako ohitura dietetikoak hobetzea eta ariketa fisikoa gehitzea besterik ez da behar. Hau da, lan pertsonal handia egin behar da, norberaren bizitza berrantolatu behar delako. Eta aldaketak ez dira inoiz errazak izaten. Beraz, azkar eta ahaleginik gabe pisua jaisteko aukera ematen duen dieta bati buruz irakurtzen dugunean, kontuz ibili, kaltegarria izan daiteke eta.
Mirarizko dieta horiek zein arrisku izan ditzakete?
Epe motzean eraginkorrak dira, pisu asko gal daiteke, batez ere likido eta masa muskularrean. Baina epe luzera yo-yo efektua izateko arriskua dute; hau da, galdutako pisu guztia baino gehiago berreskuratzea, eta oraingoan gantz moduan.
Gainera ohitura desegokiak proposatzen dituzte, eta horrek aurrerago osasun arazoak eragin ditzake.
Horren ordez, zer gomendatzen du nutrizionista batek?
Bizitza hobeto antolatzea: osasuntsuago jan, ariketa fisiko gehiago egin eta pantaila aurrean pasatzen diren orduak murriztea. Hau lortzeko ezinbestekoa da bizi-ohiturak aldatzea. Eta aldaketa-prozesu hori bideratzea da gure lana, pertsona horri gomendioak eta laguntza emanez, bere ondoan egonez eta motibatuz. Bere esfortzu eta lan guztiarekin pisu osasuntsu bat lortu eta mantendu ahal izateko.
Nola azalduko zenuke hitz gutxitan, zer den elikadura orekatu bat?
Nutrizionalki osoa eta proporzio egokian egiten dena, norberaren beharrak kopuru egokian asetzen dituena, kalitate nutrizional altukoa, elikagai fresko barietate ugarirekin, jatorri begetala duten elikagaiak abere jatorria dutenak baino gehiago izanik, eta noski, gustukoa eta atsegina dena.
«Gizentasuna osasun publikoko arazo bat da. Modu desegokian ari gara elikatzen»
«Haurrei egoki elikatzen erakutsiz gero, etorkizun osasuntsu bat oparituko diegu»
Askotan ikusi izan dugu jakien piramide hori, baina kasu handirik ez diogu egiten…
Beno, zuk behintzat ezagutzen duzu piramidea! Jende askok ez daki zer den, eta ikusi badu ere, irudiei soilik erreparatu die, benetako zentzua ulertu gabe. Etxeko hozkailu guztietan egon behar luke piramide horrek edo «plater osasuntsua» izenekoaren irudiak.
Jaki bakoitza zein proportziotan jan behar genuke?
Teoria erraza da. Jaten ditugun elikagai guztiak mahai baten gainean jartzen baditugu, guztiaren erdia barazkiak eta frutak izan behar dute, laurden bat zereal integralak (ogia, arroza, pasta…) eta beste laurdena elikagai proteikoak (lekaleak, arraina, haragia, arraultzak eta esnekiak). Praktikara eramatea ordea ez da hain erraza izaten.
Teoria batzuek diote behi esnea txarra dela; karbohidratoak kendu behar direla; proteina gehiegi hartzen dugula ere esaten da… zer dute egiatik eta zer gezurretik teoria hauek?
Denetik entzuten dugu, interneten, aldizkarietan, telebistan, zurrumurruak… Mila teoria eta dieta, asko inongo oinarri zientifikorik gabeak. Iturri fidagarriak diren aldizkari zientifikoen artikuluetan aurki dezakegu soilik ebidentzia zientifikoa. Orokorrean esango nuke gaixotasun eta arazorik gabeko pertsona baten elikaduran guztiz desegokia izango litzatekeela elikagai talde oso bat kentzea, eta are gehiago nutriente bat, karbohidratoak adibidez.
Esaera batek dio erregea bezala gosaldu, printzeak bezala bazkaldu eta eskaleak bezala afaldu behar dela. Sintesi ona al da?
Ez zaude batere oker. Gosaria otordu garrantzitsuena da, handiena ez izan arren. Horregatik lehenengo hiru otordutan (gosarian, hamaiketakoan eta bazkarian) eguneko energia guztiaren %65a bildu behar da, eta azkeneko bietan (askarian eta afarian) %35a. Hemen gutxi eta gaizki gosaltzen dugu, eta gehiegi eta beranduegi afaldu.
Garaian garaikoa jateko, urte sasoi honetan zein jaki gehitu behar dugu bereziko gure dietan?
Urte osoan zehar elikagai freskoak, garaikoak eta bertakoak badira hobe. Uda sasoian fruta eta barazki barietate zabala dugu. Hainbat fruta aukera ditzakegu: sandia, meloia, muxika, albarikokea, gerezia… eta entsalada koloredunak edota gazpatxoak ere ezin dira falta.
Gero eta obesitate gehiago dago, batez ere haurretan. Zer ari gara gaizki egiten?
Gizentasuna osasun publikoko arazo kezkagarri bat da. Modu desegokian elikatzen ari gara eta oso barneratuta daukagu janaria plazerra dela. Janari azkarrera errazegi jotzen dugu, elikagai freskoak alde batera utziz; sukaldean denbora gutxi pasatzen dugu eta ordu asko pantailen aurrean, inongo ariketa fisikorik egin gabe. Honek guztiak obesitate kasuak ugaritu ditu. Haur gizentasunean esango nuke ume hauek ez dutela gehiegi jaten, gaizki baizik.
Nola hezi daitezke umeak txikitatik, elikaduraren gaineko beste kontzientzia bat har dezaten?
Umeei esaten diegu denetik pixka bat janez gero nahikoa dela, baina tamalez horrela ez gara gauzak ondo egiten ari. Umeei ez diegu egunero errepikatu behar elikagai egokiak jateko. Etxean aukera osasungarriak eta elikagai freskoak eskura izan eta gu horiek jaten ikustearekin nahikoa da. Hitz gutxiago eta beraientzat eredu izan. Erantzukizuna helduok daukagu. Haurrei modu egokian elikatzen erakusten badiegu, etorkizun osasuntsu eta zoriontsu bat oparituko diegu.