Edukiontzi urdinera bota berri dugu letra larriz EKAINA jartzen zuen egutegi orria. Joan zaigu. Adio! Oso gustukoa dut ekaina. Urtearen ekuatorea, udaren hasiera, eguraldi onaren etorrera, egun luzeagoak, haurren oporraldi amaigabeen abiaburua, jende gehiago kalean eta terrazetan eserita, eta oro har neguko egun beltzetan baino umore hobea hego haizeak mugiarazitako uhinetan. Gorriz jantzitako hilabetea dela iruditzen zait: dotorea, galaia, kapela eta guzti, eguzkiak aurpegia erre ez dakion. Eta ez pentsa! Ez dut hilabete hau goratzen soil-soilik urtero ekainean betetzen itudalako urteak!
Ekainean egiten da Legazpin Oilar Jokoa, tradizio handikoa gurean. XVIII. eta XIX. mendeetan hain hedatua zen joko hori dagoeneko desagertu da herriko plazetatik, eta Legazpi dugu ohitura horri eutsi dion herri bakarretakoa. Xabier Ortiz de Luzuriaga BTT Mendi Ibilaldia ere ekainean egiten da, eta baita etxeko txikien ikasturte amaierako jaialdia ere. Legazpi Hiria Argazkilari Lehiaketaren sari banaketa eta argazki irabazleen erakusketa ere ekaineko osagaiak dira.
Gure Hegialde Potxolak urteko seigarren hilabetean ospatzen ditu bere jaiak. Auzokideek ilusio bereziz eta ahalegin handiarekin antolatzen dituzten festa ederrak dira, azken urteotan petardo zaratatsuz zipriztindutakoak. Ekainean egiten dira, halaber, Armen Alardea eta San Joan sua; udako solstizioaren hasiera iragartzen duen gau magikoa, magikorik bada. Atzean utzi nahi diren guztiak sugarretan erretzeko urteko aukera «ofizial» bakarra. Eta sanjoanak ospatzen dituzte Telleriarten, Arrizabala Auzo Elkarteak antolatuta; horiek ere ekainean. Gainera, gorriz jantzitako hilabete honetan, kontzertuak izaten dira Doinua Musika Eskolako ikasleen eta Alaitasuna Errondailaren eskutik. Izan ere, ederrak dira, berez, gure herria zein herritarrak, eta are ederragoak sasoi jakin batzuetan.
Alabaina, guretik etxekonera igarotzen gara ekainari agur esandakoan, Zumarragan Santa Ixabelak ospatzen baitituzte. Atzo zuten egun nagusia, hain zuzen. Ongi pasa festak zumarragarrok, eta baita “ni ez naiz hemengoa, baina…” esanez inguruan ibiltzen zareten urretxuarrok ere! Zorionak, halaber, Ixabel guztiei! Bereziki, nire ama maiteari!
Baina ekaina dugu gaur hizpide. Aurtengoan, gainera, Legazpi herritik Euskal Herrira egin dugu jauzi, eta gorriz jantzitako ekainak kolore guztietako oihalak jantzi ditu soinean, era guztietako pentsamoldeek eta jendeak txera handiz jositako oihalak. Gure hiriburuetako futbol zelaietako ia eserleku guztiak itxaropenez bete ditugu. Egunetik egunerako erronka txikiak egon badaudela eta bete egin behar direla ikusi eta ikasi dugu. Eta ikusi eta ikasi bezalaxe, adierazi eta zabaldu, lau haizeetara. Herri libre bat gara, herri libre izan nahi dugulako. Bagara nor, eta badugu zer egina. Eskutik helduta ari gara bidea egiten; pausoz pauso, orratz puntadaz orratz puntada, baina guztiok norabide berean.
Izan ere, herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta iritsi da herritarron garaia. Joan zaigu ekaina, baina ez itxaropena. GURE ESKU DAGO!