Idoia Luzuriaga
Askotan komentatu izan dugu hemen argitaratutakoa egun batzu lehenago idazten dugunez batzuetan bere denboratik at eta atzeratuta ere gelditu izaten dela, ezta Tere? Ba horixe gertatzen zait gaur. Izan ere Zumarragako festen lehen txanpa hasi berri da ekaineko azken asteburuarekin, baina hau argitaratzerako festen egun handia, Santa Isabel, alegia, historia izango da jada. Eta honekin Zumarragako ezpata dantza lehen aldiz neskek ere dantzatu izana. Iritziak gora, iritziak behera, eta dagoeneko entzun ditut kontrajarri batzuk, hau ez da tesi bat egiteko tokia, baina, uste dut esan dezakedala gustatu zaizkidala Irrintzi dantza taldeak emandako azalpenak. Ni haiekin eta haiek hartutako erabakiarekin bat nator, eta egon daiteke inor ez datorrenik, baina sakonetan sartu gabe, gaiaren inguruko azalpenak normaltasunez, heldutasunez eta naturaltasunez eman izana modu egokia iruditu zait. Aurten albiste izan da festen prologoan, eta pentsatzen dut egunean ere hala izango dela, baina aurrerantzean horrelakoak normalizatuko ditugula uste dut. Izan ere, Santa Isabeletan, urtero bezala dantzariek egingo dute Ezpatadantza, txistulariekin bat eta Antiguako Amaren begiradapean. Hori bai, ez dakit eguzki edo euripean, baina hori, beste kontu bat da!
Tere Madinabeitia
Badaude, zorionez, aurrekariak Idoia, eta zuk zure herriko jaiak aipatu dituzun bezala, nik nere herrikoak ekarriko ditut gogora. Izan ere, Legazpiko aurtengo Santikutz jaietan ezpata dantza mistoa dantzatu baitzen, eta gure dantza horren unerik hunkigarriena eta ikusgarriena, hau da, ezpata gainean dantzaria altxatzen denekoa, emakume batek protagonizatu zuen. Txalo zaparrada jaso zuen emakume hark eta berarekin batera ezpata-dantza egin zuten gainerako emakume eta gizonezkoek. Duela urte batzuk, ordea, kritika gehiago jaso zuen dantza taldeak ezpata dantza emakumeek soilik egin zutenean. Baina oraingoan ez, normaltasuna izan zen nagusi. Eta nere ustetan, iritzi hau Santa Isabel eguna igaro eta gero kaleratuko dela kontuan hartuta, gauzak erabat normal joango dira Antion ere egun horretan, eta dantzari guztiek, emakume zein gizon, ikusleen txalo zaparrada jasoko dute, txistulariek, hauek ere gizon eta emakume, jasoko dutenaren parekoa. Beraz, har ditzagun horrelako gauzak normaltasunez, eta zentratu gaitezen arazo edo kontu larriagotan. Dantzariak alde batera utzi eta protesta dezagun gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten artean dagoen aldearen aurrean, adibidez. Horrek bai merezi duela gure denbora.