Zumarragan entzumenari buruzko hitzaldia egin berri du Amaia Lopez de Sosoagak (Gasteiz, 1974). Tomatis metodoak dituen onurak azaldu ditu, esate baterako, hiperaktibitatea edo arreta defizita sendatzen laguntzeko. Urretxun lan egiten du.
Ikasketaz farmazialaria da eta betidanik osasuna izan du gogoeta nahiz kezka iturri. Ez da, ordea, osasungintzaren bide ortodoxotik joan eta medikuntza naturala, naturopatia zein iriologia ikasketekin osatu du bere prestakuntza.
Nolatan lotu zinen Tomatis metodora?
Medikuntza tradizionalak sintomak tratatzen ditu. Gehienetan ez dute pertsona bere osotasunean aztertzen. Sintomak tratatu eta desagertu daitezen saiatzen dira. Sintomak, aldiz, gorputzak ematen dizkigun seinaleak dira. Askotan, sintoma horien jatorrira joan daiteke eta maila fisikoan nahiz emozionalean gertatzen ari dena aztertu daiteke.
Musikak liluratu egiten nau. Tomatis metodoak osasungintza eta musika uztartzen ditu. Horrenbestez, metodo honekin topo egitea aurkikuntza izan zen niretzat. Tomatis izenak barrea eragiten du gurean, baina otorrinolaringologo frantses baten abizena da. Metodoa sortu zuenarena.
Zertan datza Tomatis metodoa?
Gizakion komunikatzeko erak bost zentzuak hartzen ditu aintzat. Tomatis metodoarekin entzumena estimulatzen dugu era jarraituan. Musika erabiltzen dugu efektu neurologiko bat lortze aldera.
Euskaraz hitz bakarra dugu entzuteko ekintza izendatzeko. Entzutea soinuen pertzepzio pasiboa da alde batetik. Bestalde, entzuteak borondate bat eskatzen du, aditzeko gogoa. Finean, entzute on batek komunikazio zuzen bat sortuko du, arreta on bat eta memoriaren lanketa. Tomatis metodoak entzumen egokia lantzen du.
Entzumen desegokia fisiologikoa izan daitekeela diozu. Adibide bat jarriko zenuke?
Bai, guk belarri erdiko giharra lantzen dugu, birgaitu egiten dugu nonbait. Bizitzan entzumena ixten duten gertaerak jazotzen dira. Maite duzun norbait galtzea, errepikatzen diren otitisak, oihuak entzutea etengabean, mina sentitzea… Eta, gizakiok, halakoetan inkontzienteki entzumena ixten dugu.
Demagun ume bati betaurrekoak jarri berri dizkiotela. Inork ezer esan aurretik berak berritasun hori negatiboki har dezake. Gero, ikaskideek adarra joko diote eta emozio horiek guztiak garunaren talamoan gordeko ditu. Amona etorriko zaio eta betaurrekoak jantzita zein eder dagoen esango dio, baina umeak ez du entzungo. Izan ere, gaizki kudeatutako emozioak izango dira bere entzumen subjektiboaren oinarri; entzundakoa ez da talamotik garun-azalera igoko. Burmuinaren bi atal hauen arteko elkarrizketaren ondorioa da entzumen objektiboa.
Orduan, entzumena ixten dugu min ematen digun horretatik babesteko.
Bai, hala da. Positiboa da ez dituzulako oihuak entzuten, baina komunikazioaren beste hainbat frekuentzia galtzen dituzu eta, adibidez, irakasleari ez diozu behar bezala entzuten. Tomatis metodoarekin irekiera lortzen da.
Paziente bat iristen denean nola egiten duzu bere egoeraren diagnosia?
Lehenengo eta behin bere entzuteko gaitasuna test baten bidez ikuskatzen dugu. Pertzepzio pasiboa nolakoa den ikusi eta arazoren bat badago otorrinolaringologora bideratzen dugu. Bestelako entzumena, borondatea tarteko duena ere frogatzen dugu. Horrez gain, elkarrizketa sakona egiten diogu. Historia klinikoa, haurdunaldia, erditzea… Informazio asko behar dugu. Behin diagnostikoa edukita entzumen sesioak egiten ditugu.
Nolakoak dira sesio horiek?
Mozart eta kantu gregorianoak jartzen dizkiegu. Tomatis medikuak esperimentu ugari egin zituen. Mozart oso alaia da eta oso-oso gazterik hasitako musikaria izan zen. Tomatisek frogatu zuen tonu altuek burmuina elikatzen dutela eta Mozarten doinuek, gainera, 120 pultsazio minutuko egiten dituzte, haur baten bihotzak bezalaxe. Sormena bultzatu eta alaitasuna eragiten dute. Kantu gregorianoek, beren aldetik, zentratzeko aukera ematen dute.
Modu berezian entzuten al da musika?
Bai, ez da ohiko grabaketa bat. Harmonikoekin aberastuta dago eta entzuten dugunak zein gure belarriak entzun ez dezakeenak ere garrantzia dauka. Belarri elektroniko batetik pasatzen da eta entzuteari utzitako frekuentziak entzuten uzten digu. Aurikularrekin entzuten da bi bideetatik, airetik eta hezur-bidetik aurikularrek goiko aldean duten bibragailu baten bitartez.
Hiperaktibitatea eta arreta defizita tratatzeko metodo eraginkorra dela diozu. Nola?
Entzumena ez bada eraginkorra arreta mantentzeko gaitasuna galtzen da. Gauza asko entzuten dute baina ezin dira bakar batean ere zentratu. Irakaslea hitz egiten, klariona erortzen, ikaskidearen hitzak… Dena aldi berean entzuten dute. Tomatis metodoak barruko belarriari heltzen laguntzen dio eta umeei lasaitzeko bidea ematen die musikaren bitartez.
Badirudi nahasmen hauek gero eta gehiago ematen direla.
Diagnostiko gehiago dago. Tamalez, diagnostikoa egin eta substantziak errezetatzen dizkiete, epe luzean dituzten eraginak behar bezain ondo ezagutu gabe. Ez dakit, tratamendu horien atzean farmazia multinazional handien itzala ez ote dagoen… Garai batean ume batzuk mugituak zirela genion, orain arreta defizita dutela diogu. Edozein kasutan, osasun profesionalen artean ez dago, oraindik, gai honen inguruko adostasun handiegirik.
Tomatis metodoa erabilita eboluzioa nolakoa da?
Hasieran ez dituzte aurikularrak 20 minutu baino gehiagoan jasaten. Poliki-poliki lasaitasuna sentitzen dute eta sesio luzeagoak onartzen dituzte, ongizate sentipena dutela esango nuke. Ingurukoek ere terapia egitea gomendatzen dugu.
Entzumenaren garrantziari azpimarra egin diozu. Nahasmenetatik harago, gutxi entzuten duen gizartean bizi al gara?
Komunikaziorako gaitasunak bereizten gaitu animalietatik. Behar bezala entzunez gero bareago, zentratuago eta zoriontsuago gaude eta hala komunikatzen gara gure inguruarekin. Egia da gurean asko direla entzun baino hitz egiteko grina dutenak, baina entzuna izateko entzuten jakitea ezinbestekoa da. Entzutea bizitza da