Tontorrez tontor ehun milia Ostiral arratsaldean hasiko da Ehunmiliak probaren seigarren edizioa, 12 jatorritako korrikalariekin .Lehen parte hartzailea 23 orduren bueltan iritsiko da helmugara Datu ezagunak dira jada Ehunmiliakenak, baina sentsazio ezberdinak sortzen dituztenak: 168 kilometro luze eta 11.000 metroko desnibel positiboa. Zirrara, emozioa, poza, lehia eta gozamena askorentzat. Eromena beste batzuentzat. Dena dela, denen arreta bereganatzen duten datuak dira Ehunmiliakek uzten dituenak. Datuak, ordea, dozenaka eman daitezke: denborak, parte hatzaile kopurua, anoa guneetako janari kilo eta likido litro kopurua; datu ekonomikoak –probarenak edo zeharka eskualdearekin zerikusia dutenak–, edo beste hamaika datu.
Bati heltzearren, parte hartzaile kopuruari egin geniezaioke tira. Iazko datuekin alderatuta, behera egin du Ehunmiliak probako korrikalari kopuruak aurten; baina ez da harreta pizteko beherakada izan, iaz 295 korrikalarik eman baitzuten izena (aurten 272 dira). Antolatzaileek ere ez diote aparteko garrantziarik eman jaitsierari, «faktore askok eragiten baitute» datu honen gainean. Beherakadarik izan ez duena Ehunmiliak probako tontor kopurua da. Guztira, 20 gain baino gehiago igo eta jaitsi beharko dituzte asteburu honetan ultra traileko parte hartzaileek. Aralar eta Aizkorri-Aratz natur parkeeetan dauden Txindoki eta Aizkorri tartean. Azken edizioetan eguraldiak hainbat arazo ekarri ditu eta korrikalariek Txindokiko tontorra ez dute zapaltzerik izan, malagetik igaro diren arren.
«Penaz» hartu dute askok ibilbideko tontorrik «politenetako bat» igaro ezin ahal izatea, baina «segurtasuna guztiaren gainetik» dagoela jakitun dira.
Gainditzeko hamar muga
Ibilbidean zehar hamar kontrol gune igaro beharko dituzte korrikalariek Ehunmiliak proban. Gune horiek igarotzeko gehienezko denborak ere zehaztuta ditu antolakuntzak, eta markatutako ordua baino lehen igaro beharko da gune horietatik.
Eta denborekin eta datuekin jarraituta, bada bat kontuan hartu beharreko beste bat: 22:59:19. Horixe da, oraingoz, Ehunmiliak probako denbora errekorra. Imanol Aleson korrikalari azpeitiarrak jarri zuen 2013ko edizioan, orain bi urte; emakumeen kasuan Nerea Martinezek dauka errekorra jarrita: 28:00:56. 2011ko lasterketan ezarri zuen orain arteko denborarik onena j madrildarrak.
Denborak gora behera, bestelako helburu batzuekin iristen dira korrikalariak Beasaingo irteera gunera: mendiaz, naturaz, lasterketaz eta paisaia ikusgarriaz gozatzea, faktore horiek baitira Ehunmiliak proba berezi egiten dutenak, antolakuntzaren eta boluntarioen lana gainetik jarrita beti.
272 KORRIKALARI
Aurten Ehunmiliak proban parte hartuko duten korrikalarien artean gehienak Euskal Herrikoak dira (153); Espainiatik iritsitakoak 88 eta atzerritik etorritakoak 20. Jatorriaren arabera, hauek dira Ehunmiliak proban parte hartuko duten korrikalariak: Goierri (14), Gipuzkoa (53), Bizkaia (53), Araba (27), Nafarroa (6), Katalunia (11), Espainia (88), Portugal (9), Italia (2), Erresuma Batua (1), Guatemala (1), Belgika (1), Frantzia (3), AEB (1), Herbeherak (1), eta Kanada (1).