Ehunmiliaken anaia txikia indarra hartzen ari zela ohartuta zeuden Arrastaka taldeko kideak –urtez urte parte hartzeak gora nola egin duen ikustea besterik ez dago–, baina aurten orain arteko muga guztiak gainditu dituzte. Parte hartzaileen muga 500 korrikalaritan jarri zuten izen ematea ireki zutenean, eta itxiera epea baino lehen jakinarazi behar izan zuten ia lekurik ez zela Goierriko Bi Handian proban parte hartzeko. Itxaron zerrenda jarri zuten orduan, baina parte hartzaileen zerrendan ez da aldaketa handirik egon.
Guztira 493 parte hartzaile elkartuko dira ostiral gauean Beasaingo Loinazko San Martin plazako irteera gunean, gehienak Euskal Herrikoak. Izan ere, aurten Euskal Herriko txapelketa izango da G2H, eta horrek parte hartzeko nahia handitu du korrikalarien artean.
Joerak jarraituta, gainera, aurrez Ehunmiliak proban parte hartutako korrikalari askok proba txikira salto egitea erabaki dute urterik urte. Iaz 295 izan ziren G2Hn parte hartu zutenak, eta aurten kasik bikoiztu egin da bertan parte hartu nahi zutenen kopurua. Aizkorri eta Txindoki zeharkatzen dituen proba indarra hartzen ari den seinale da hori.
Ibilbidean ez da aldaketarik egongo, eta Beasainen hasi eta bukatu aurretik, aipatutako bi tontorrez gain, beste dozena erdi bat behintzat igaro beharko dituzte.
Ilunetan egiten da gehiena
Goierriko Bi Handiak proba 88 kilometro luze da, 6.000 metroko desnibelarekin. Eta hori dena gutxi ez eta iluntasuna gehitu behar. Izan ere, probaren zatirik handiena gauez egingo dute korrikalari askok. Irteera Beasaingo Loinazko San Martin plazan izango da, ostiralean, 23:00etan, eta larunbat goizean 11:00etarako lehen korrikalaria iritsita egongo dela aurreikusten da –orain arteko denborak kontuan hartuta–.
Askorentzat horrexek egiten du berezi G2H, ilargipean mendiaz gozatzeak. Eguraldiak ez du askorik lagundu izan azken urteetan, ilargia lainoen atzean ezkutatu eta tximisten argia izan baitute lagun korrikalariek.
Ehunmiliaken kasuan bezala, Goierriko Bi Handietan ere hainbat kontrol postu igaro beharko dituzte parte hartzaileek, guztira zazpi; bakoitzetik igarotzeko ordu muga zehaztuta dauka antolakuntzat.
Orduekin jarraituta, eta errekorrak aipatuz, gizonen kasuan Pedro Etxeberriak dauka G2Hren errekorra jarrita (10:41:29), iazko proban; eta emakumeen kasuan Silvia Trigerosek. 13:15:40 da errekorra, 2013ko lasterketan ezarri zuena. Aurten, Euskal Herriko txapelketak ukitu berezia emango die Goierriko bi handiei, eta inoiz baino lehia estuagoa dago iragarrita.
493 parte hartzaile
G2H probak goia jo du aurten parte hartzeari dagokionez, zehaztutako muga gainditu baita. Korrikalari gehienak Euskal Herrikoak dira (381) –goierritarrak 81 dira–, Kataluniatik 17, Espainiatik 84, Frantziatik 8 , eta Erresuna Batutik eta AEBtik bana.