Gero eta gehiago dira Ehunmiliak proban parte hartzeko atzerritik Goierrira iristen diren korrikalariak. Aurten lehenengoz izango da Beasaingo irteeran Versteeg. Bizikletan egin du Paristik Beasainera arteko bidea, eta iritsi eta jada mendian gora eta behera ibiltzeko desiatzen egon da. Odolean darama Michael Versteeg korrikalariak natura eta mendia, eta aurten lehengoz ariko da Ehunmiliak proban.
Zer iritzi duzu Ehunmiliak probaz?
Mendi lasterketez maite dudan guztia ordezkatzen du Ehunmiliakek: igoerak eta jaitsierak bata bestearen atzetik; teknika handia; ingurugiroarekiko errespetua eta kontzientzia bultzatzea, eta egun osoan zehar mendian korrika ibiltzea. Europan nire debuta izango da, eta ilusio izugarriarekin nago. Euskal Herrira iritsi eta berehala nire plana mendi hauek nahiz ibilbidea ezagutzea izan dira, eta hamar egun izan ditut horretarako.
Zergatik aukeratu duzu Ehunmiliak debuta egiteko?
Mont Blanc-eko Ultra Traila egingo dut, baina aurretik Europara etorri eta beste lasterketa bat egitea erabaki nuen. Ehunmiliaken berri banuen, Hardrock probarako puntuagarria delako, eta mendian ehun mila egitea prestaketarako egokia izango zela erabaki nuen.
Zein helburu duzu EHMrako?
Korrikalari lehiakorrak lehitzera joaten dira. Eta hau zintzoki esan nahi dut. Ehunmiliak irabazteko esperantzak ditut, eta baita errekorra jartzeko ere. Baina horrelako lasterketa batean horrenbeste baldintza daude… ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den. Azken hilabetean lesionatuta egon naiz, eta ez dakit nire txorkatilak nola erantzungo duen. Hoberena besterik ezin dut espero. Ongi lehiatzen ari banaiz, irabaztera joango naiz.
Zein izango da zure estrategia?
Gogor lan egitea. Lasterketak ezin dira dibertigarriak izan. Sufrimendua besarkatu behar da.
Nola prestatzen dituzu horrelako probak?
Niretzat prestakuntza mentala fisikoa baino garrantzitsuagoa da. Nire burua espazio egokian eta aurrean dudan erronka izugarriarekin eroso dagoela ziurtatu behar dut. Normalean, aurreko astean burua eta ikuspegia despejatzen saiatzen naiz. Arlo fisikoa ez da hain garrantzitsua niretzat, batez ere lasterketa luzeetan: ez duzu inoiz azkar korri egiten, besterik gabe mugimendu konstante batean zoaz. Ondorioz, garrantzitsuena deskantsaturik joatea eta tankea ongi beteta edukitzea da.
Euskal Herriko parte hartzaile asko izango dituzu aurrean, etxean ariko direnak, gainera.
Nire ustez, edozein lasterketetan faboritoak bertakoak dira. Horregatik, proba egun seinalatua iritsi bitartean, eurekin egotea gustatuko litzaidake, aholkuak jaso eta jendea eta ingurua ezagutzeko. Espero dut lasterketan euren erritmoa mantendu ahal izatea. Euskal korrikalariek euren mendiak ederki ezagutzen dituzte, eta maila handia erakutsi dute. Niretzat ohorea izango da ibilbidea elkarrekin egitea.
Zenbaterainoko garrantzia du eguraldiak EHM bezalako proba batean?
Mendi lasterketen zati dira eguraldi baldintza gogorrak. Esperientziak erakusten dio mendi lasterkariari zer egin behar duen egurats bakoitzarekin, eta hori, entrenamenduaren parte ere bada. Muturreko baldintzetan eguraldiak zeresana izan dezake lehiaketan, baina normalean ez da horrelakorik izaten. Hala eta guztiz ere, euria ala ekaitza egin, elite mailako atleta batek badaki zer egin behar duen halakorik gertatzen denean.
AEBtan zein laguntza jasotzen ditu korrikalari batek?
Azken urteetan eztanda moduko bat izan da ultra lasterkarien inguruan, baina oraindik ez dauka komunikabideetan oihartzun handiegirik. Babesleak ez dira elkarren artean kolpeka ibiltzen, dirutza handiak jarriz, baina horrek ez du esan nahi ez dela posible babesa lortzea. Badira gutxi batzuk horretatik bizi direnak, baina gehienek euren poltsikotik ordaintzen dute bidaia edo lehiaketa. Hala eta guztiz ere, kirol hau hazten ari da, eta konpainia gutxi batzuk, nahiz eta handiak izan, ultra trail merkatu honetan sartu nahian dabiltza, batez ere AEBean. Ea aldaketa hori ematen den.
Senideek eta lagunek zer esaten dizute?
Nire ustez gustura egoten dira nire lasterketei begira. Korrikak badu gauza hori, deskubritzen denean inspirazioa sortzeko balio duela. Gero egia da, mendian barrena ehun mila korrika egiten direla ikustean, eskuak burura eramaten dituzte. Oraindik behin baino gehiagotan gogoratu behar izaten diet, ematen duen bezain besteko erokeria ez dela.