Bi probarekin nahikoa ez antza eta hirugarren bat ere gehitu diote Ehunmiliaki. Mari Murumendi Marathon izen ofizialarekin aurkeztu zuten iazko abenduan Ehunmiliakeko arduradunek, proba luzearen eta motzaren seigarren edizioarekin bat egingo zuela iragarriz. Hala, lasterketa luzea, ertaina eta motza dira orain Arrastaka taldearen ardura.
MMM probak 42 kilometroko luzeera izango du, 2300 metroko desnibel positiboarekin, eta Beasaingo Loinazko San Martin plazan hasita Usurbe, Murumendi, Pagorriaga, Mandubi, Kizkitza, Atxurtza, Izazpi, Ezkio-Itsaso eta Arriaran igaroko dizte. Lasterketa, gainera, Mariren kobazulo paretik ere igarotzen da.
Igandean, hilaren 12an, da proba, 09:00etan hasita, eta Ehunmilietako arduradunek jakinarazi dutenez, eta aurreikuspenen arabera, lehen korrikalaria 13:30ak-14:00ak inguruan iritsiko da berriz Beasaingo plazara. Gehienez, zortzi ordu izango dituzte parte hartzaileek zehaztutako ibilbidea egiteko. Tartean bi kontrol gune ere gainditu beharko dituzte, Atxurtzan eta Arriaranen.
Dortsalak hartzeko zehaztu duten ordutegia honakoa da: osteguna (hilak 9) 17:00etatik 20:00etara, ostirala 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 20:30era, larunbatean 18:00etatik 20:00etara eta igandean 07:00etatik 08:00etara. Igandean, proba egunean, 08:00etan hasiko da irteera kontrola, eta probaren hasiera 09:00etan izango da.
Erronka berri bat
Arrastakako arduradunek eta Ehunmilietan lanean aritzen direnek irailean egin ohi dute lasterketaren balorazioa, eta orduan erabakitzen dute hurrengo urteko antolatzen hasi edo ez. Iazko proben balorazioa egiterakoan, baina, hirugarren erronka bati heltzea erabaki zuten.
Lantaldea eta arduradunak ugaritu eta boluntarioei dei berezia eginda, hirugarren proba bat egitea posible zela ikusi eta aurrera egin zuten. Hala iritsi da Marimurumendi maratoia. Beasaingo Murumendi mendiari erreferentzia polita egitea lortu dute, herrian eta inguruan maitatua den mendia baita. Hala, urte askoan erabili gabeko bide bat ere berreskuratu dute probara honetarako zehazki, eta Beasain inguruan dauden txokoak erakusteko ere aprobetxatuko dute, Ehunmiliaken lehen kilometroetan barrena.
Igandean 151 korrikalari elkartuko dira Loinazko San Martin plazan, asko etxekoak, parte hartzaile asko goierritarrak izango direlako. Euskal Herrikoek osatzen dute gehiengoa eta denen artean helmugara iristen den lehen gioznak eta lehen emakumeak 205 euro, garaikurra eta txapela jasoko dituzte sari modura.
151 parte hartzaile
Lehen aldiz egingo da MMM proba, eta parte hartzaileen artean asko goierritarrak izango dira (55 korrikalari guztira). Euskal Herrikoak gehiengoa. Jatorriari erreparatuta, gipuzkoarrak izango dira 30 korrikalari, Bizkaitik 21 iritsiko dira, Arabatik 11, Nafarroatik 2, Kataluniatik 2, Espainiatik 29 eta beste bat Frantziatik.