Alex Areizaga
Gora Ez-erabakitzeko eskubidea. Eta ea nork argumentatzen duen hori orain, gazta bat nazionalismoen batasun ikur denean. Gerra Zibiletik, ez genituela nazionalista guztiak Ebro ibaiaren alde berean ikusten. Gaztazionalismo erradikala. Gerra gastronomikoa. Aberri eguna Ordiziako Artzai Egunagatik aldatu beharko dute. Eta Ampo alderdi bihurtuko da orduan.
Baina nik ez-erabaki nahi dut, norbaitek esan ez zuen moduan, hau ez-lekua delako; eta beraiena, ez-jakintasuna. Ez-erabaki egin nahi dut, ez dudalako zirkorik behar, ez inoren baimenik, nirea dena aldarrikatzeko. Eta egunero egite horrek, eta hori egunero egiteak, sinestaraziko dit, azkenean, nik hala nahi badut, aske naizela. Eta orduan izango naiz ni. Ni ez naizen hori guztiak gabe. Ni ez naizen hori guztiak gainetik kentzen ditudanean. Eta orduan, ni soilik geldituko naiz. Ni soilik baitnaiz. Izan ere, mundua desberdin ikusten da, gazta baten zuloetatik.
PD: Maite Zaituztegu. Nahiz eta jendeak nahiago duen hondartzara joan.
Jon Plazaola
Agur bero bat Yaw-en oinordeko zaitugun hori. Gastronomiak berak, inork baino hobe azal dezake herri honen nortasunaren nondik norakoa. Charles de Gaullek esan zuen behin gure iparraldeko bizilagunen lepora, zaila behar zuela ehundaka gazta mota dituen herrialde bat ados jartzea; hainbat buru hainbat aburu atsotitzari omenaldi eginez ia ezinezkoa zela herrialde bat norabide berean jartzea.
Urte batzuk beranduago euskaldunak izan behar teoria hori goitik behera desmontatzeko arduradunak. Ze hemen, nahi ez eta gazta mota asko supergazta bakar baten izenpean batzen diren eta jendearekin lehenengo aldiz antzeko zerbait lortu denaren sentsazioa izan dezakegun, arras neketsua eta zaila da herria foko bakar bati begira, boya bakar baterantz arraunean jartzea.
Umorerik gabeko iraultza gorringorik gabeko arraultza da eta azken ahaleginek badute hortik zerbait eta ez da gutxi. Bekozkoarekin egindako aldarrikapenak geroz eta gutxiago dira. Gazta denontzat dago, baina gazta horretatik denok jan nahi ote dugun da galdera. Batzuek jan eta errepikatu nahiko dute, beste batzuei ez zaie gazta gustatzen eta beste batzuek nahiago izango dute cabrales edo camembert. Ez dadila urtu eta fondue hutsean geratu.