Ordiziak badu bere babes zibileko lantaldea. Musutruk aritzen dira SOS Deiak koordinatutako sare batean. Larrialdiak eta prebentzioa dira euren lan esparruak. Garai bateko auzolanetik biziraun duen katebegietako bat dira.
Ordiziako Zahar Etxean argindarrak kale egin du. Ilunpetan geratu dira oherako orduan. Goiko solairura ezin joanda daude adinekoak eta bertako langileen eskuak urriak dira guztiei igotzen laguntzeko. Babes zibileko boluntarioei deitu diete. Deia jaso eta aktibatu egiten da taldea. Ezintasunak dituzten adinekoak besoetan altxatu eta oheratu egiten dituzte banan-banan. Zahar etxean gertatutakoak kanpoan ez du oihartzunik. Bertako egoiliarrek, langileek eta babes zibileko boluntarioek badakite, halere. Joxe Arizmendi Ordiziako babes zibileko boluntarioaren hitzetan, «halakoetan, lana amaitu ondoren, zer egin dugun galdetuta erantzuna bakarra da: lagundu».
2003. urtean martxan jarri zuten Ordiziako boluntario taldea. Hamabi bat lagunek osatzen dute egun. Berrogeita hamar inguru urte dituztenak eta hogei bat urte dituztenak elkartzen dira taldean; ez dago erdibideko kide gehiegirik. Arizmendi: «Aurten 18 urte beteko dituztenak batu zaizkigu, transmisioa eman da nonbait, izan ere, taldekideen semeak hasi dira».
Babes zibileko taldea sortu aurretik, suhiltzaile boluntarioak zeuden Ordizian. Gipuzkoako Foru Aldundiak suhiltzaile parke profesionala bertan kokatu eta gero, boluntario taldea desagertu egin zen. Arizmendik larrialdien eta prebentzioaren arloan hutsunea zegoela sumatu zutela dio, «beste esparru batzuetan beharra zegoela ikusi genuen, batez ere, udaletxeko langileak nahiko ez diren arloetan». Arlo horietako batzuk zerrendatu ditu, hala nola, mendi martxen nahiz jaietako zaintza bereziak edo elurra enbarazu egiten duen tokietatik kentzea.
Babes zibileko boluntarioak arautegi propio batera lotuta daude. Udal taldea dira, hau da, udalbatzak osoko bilkuran onartutako ordenantza bat da euren arautegia. Ordiziako kasuan 2008an onartu zuten arautegi hori. Baldintzak, eskubideak eta betebeharrak jasotzen ditu ordenantzak. Tartean, prestakuntza jakin bat izan behar dutela babes zibilean aritzeko.
Garai batean Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzak kudeatzen zituzten udalek eta prestakuntza saioak antolatzen zein kudeatzen zituzten. Aurreko legegintzaldian, ordea, jaurlaritzak prestakuntza bere gain hartu zuen eta, ordutik, boluntarioak Arkauten prestatzen dituzte, Araban, ertzainak trebatzen diren toki berean. Araututako prestakuntza horrez gain, urtean hainbat ikastaro eskaintzen dizkie jaurlaritzak: suteak itzaltzeko oinarrizko ikastaroa, desagertutako pertsonak bilatu eta erreskatatzeko ikastaroa, larrialdietan lehen laguntza psikologikoak emateko ikastaroa eta abar.
Larrialdiak bakarrik ez
Arizmendik beren jarduna bi lerrotan banatzen du: larrialdiak eta prebentzioa. Aurretik zehaztu du prebentzioan aritzen direla larrialdietan baino gehiago, «zorionez». Larrialdiei aurre egiteko sistema «nahiko ondo» eratuta dagoela dio. SOS Deiak koordinatzen du, «herritar batek arazo bat duenean 112 telefonora deitu eta handik bideratzen dute laguntza». Larrialdia zein den ikusita, dagokion aktorea bertaratu ohi da. «Ohiko arazo batzuk badaude zeintzuetan guk informazioa jaso arren, ez dugun esku hartzen. Puzzle osoaren atal bat gara eta dagozkigun egoeretan aritzen gara».
Arazoak mailakatuta daude larriaren arabera. Larrienetan profesionalak eta hain larri ez direnetan boluntarioak; batzuetan, guztien beharra dago. Adibideak jartzeko eskatuta, Ordiziako lantaldeak parte hartu duen kasu bat kontatu du Arizmendik: «Urtarrilean luizi bat egon zen eta lurra behera etorri zen. Eraikin bati eragin zion, nahiz eta zuzenean ukitu ez. Halakoetan suhiltzaileek ez dute esku hartzen, baina gu han izan ginen bizilagunei laguntzen eta ura bideratzeko ubide bat irekitzen».
Ohikoena lantaldea Ordizian bertan aritzea den arren, SOS Deiak eskatuz gero, Ordiziatik ateratzen dira. Errepideetara erortzen diren arbolak kentzen aritu daitezke edota suteak zuzenean itzaltzen ez badituzte ere, suteek eragin ditzaketen bestelako kalteak artatzen laguntzen dute.
Prebentzioa ere bai
Prebentzioari dagokionez, udaltzainei laguntzen diete Olentzero egunean, udaberriko zikloturista martxan, San Joan sua zaintzen dute edota datozen Ordiziako jaietan ere bertan izango dira. Uniformeak identifikatzen ditu, «zerbitzua behar den bezala emateko unean-uneko irteeraren arabera janzten gara, baita urteko sasoiaren arabera ere». Baliabideak ere badituzte: 4×4 bat, furgoi bat, quad bat, zodiac bat eta motobonba bat, besteak beste.
Udal taldea dira eta udalbatzak onartutako arautegi propioa dute babes zibileko taldeek.
Prestakuntza derrigor gainditu behar dute; orain Arkauten trebatzen dituzte boluntarioak.
Ez dute egiten duten lanagatik dirurik jasotzen, baina lanak asebete egiten dituela diote.
Boluntario bakar batek ere ez du dirurik jasotzen babes zibilaren esparruan egiten duen lanagatik. Lan orduetatik kanpo egiten dute eta bizimodua bestela ateratzen dute. «Gurean norberaren gogobetetasuna baino ez dago», dio Arizmendik. Orain bi urte adineko gizon bat galdu zen Ordizian. Pasieran ibiltzea atera zen eta ez zen ordurako etxeratu. Ingurua miatzeari ekin zioten baina adinekoa ez zen agertzen. Babes zibileko boluntarioetako batek ideia bat izan zuen eta hari kasu eginda galdutako gizonezkoa aurkitu zuten, bizirik. Arizmendik aipatutako gogobetetasuna halakoetatik elikatzen da, baita egunerokoan egiten dituzten ekintza txikiagoetatik ere.
«Gure lanak balio jakin batzuetatik eta elkartasunetik edaten du. Sistemak erakundeak jarri ditu auzolana zegoen tokietan eta horrek, ezpata bat bezala, bi alde ditu: gizarteari laguntzen dio baina gizartea desaktibatzen du aldi berean». Dioenez, gizarte aberatsena ere, behartsua da balioetan galtzen badu. Beraiek, beste asko bezala, isilean lanean ari dira eta balio horien ikur dira.
Liztorren kontrako borrokan lanean ari dira
Gero eta liztor asiar gehiago, orduan eta bertako erle gutxiago. Liztorrek akabatu egiten dituzte bertako erle ezti egileak. Gizakiarentzat ez dira lehen mailako arriskua, baina erle kopuruak behera eginez gero biodibertsitatearen desoreka eragin ahal dute, eta hori gizakiarentzat bada arriskutsua. Joxe Arizmendi Ordiziako Babes Zibileko taldeko kideak abisu bat jaso berri du elkarrizketa egin bitartean, Altamiran beste erlauntza bat jarri dute liztorrek, kasu egin beharko diote.
Maiatzaren 2tik zortzi erlauntz kendu dituzte liztor beltzenak eta beste zortzi bertakoenak. Liztorren arloari dagokionean, protokolo bati jarraiki egiten dute lan. «Gipuzkoako Foru Aldundia eredua eta aitzindaria izan da. Hasieran, orain hiruzpalau urte, suhiltzaileek beren gain hartu zuten liztorren gaia, baina arazoa areagotu da eta, honezkero lanak banatu dituzte». Liztorrei aurre egiteko boluntario taldeak sortu ziren herriz herri. Ordizian babes zibileko taldea egon bazegoenez, eurek hartu zuten liztorren kontrako borrokaren ardura. «Kasurik zailenetan suhiltzaileek laguntzen digute». Edonola ere, gero eta lan zailagoa dela dio, «dena arauak dira edota dena da negozioa». Arizmendiren ustetan, «arazoak bestelako dimentsioa hartu du eta erlauntzak kenduta ere, aurki ezingo diogu aurre egin. Ikerketaren esparruan zerbait egin beharko da».
Boluntarioak erlauntzak non dauden antzematen dute, «ez da beti erraza mimetizatu egiten baitira». Behin antzemanda, protokoloak agindu bezala kentzen dituzte eta, beharrezkoa bada, kanpoan geratzen diren liztorrak akabatzeko tranpak erabiltzen dituzte. «Gizakiarekin ez dira oldartzen, baina etxeko leihoan edukitzea ez da batere atsegina eta ordiziarrek esparru honetan egiten dugun lana ondo baloratzen dute».