Gizakia ez da naturaz hartza baino indartsuagoa. Baina bai aztiagoa, tresna artifizialak erabiltzen iaioagoa; eta ziurrenik maltzurragoa ere bai. Hartza desagerrarazteko erabaki sendoa izan du, azken bostehun urtean bereziki. Goierrin denak akabatu zituzten.
Ataungo Miguel Arrondok 75 urte zeuzkan 1556an. Etxarriko eta Arbizuko basoak ondo ezagutzen zituela zioen, 1505etik «hartzak eta basurdeak ehizatzen ibiltzeagatik». Goierritarrei eta hartzari buruzko lehen aipamena da. Aralarren, 1523an, 28 urteko Sancho de Arruazuri hozka egin zion hartz batek. Bere kabuz jaitsi zen.
Hartzaren ehizan triskantza handien berri dago udal diru kontuetan. 1579tik 1608ra 19 hartz eta zortzi otso hil izanaren ordainagiriak badira Ordizian, Amezketan eta Abaltzisketan.
Enirio-Aralarko Batasuneko bizilagunek bilera egin zuten 1578ko maiatzaren 20an, Zaldibian. Aralarren ardiei piztiek kalte handiak eragiten zizkietela eta, araudi bat onartu zuten. Hartza hiltzeagatik sei dukat ordainduko zen, otsoagatik bi dukat, otsokumeagatik bi erreal.
Lehoinabarrak ere bai
Goierriko mendietan «tigreak» eta «leopardoak» edo lehoinabarrak ere ehizatu izan dituzte. Serapio Mujikaren arabera, Nafarroako erregeek Afrikatik eta Asiatik ekarri zituzten, ehiza irteeretan jare egin eta atzera harrapatzeko. Batzuek ihes egin izango zuten, eta Gipuzkoako mendietara iritsi, libre.
1603an «onza brava» bat (pantera mota bat) harrapatu eta Ordiziako udalak saria eman zion ehiztariari. 1606an, Ataungo Agautz mendian «tiguere» bat ehizatu zuten. Idiazabalgo artzainek 1776an «tigre handia» harrapatu zuten zepoan, herriko Arantzazu mendian. «39 kilo zen larru eta guzti, haragi kolore horizta zuen, eta marra beltz distiratsuak», idatzi zuen Iztuetak. Lizartzan leopardo bana hil zituzten 1777an, 1781ean eta 1820an, Gorosabelen arabera.
Gabirian 1658an ehizatu zuten hartz batengatik eztabaida izan zuten gabiriarrek eta ormaiztegiarrek, haragi eta larru eskubideak nori zegozkion ez zirelako ados ipintzen.
1735ean, Aralarren hartz bat harrapatu zuten; 87 kilo zen pisuan, larrua kenduta. Valmedianoko markesaren Ordiziako jauregian (Barrenetxea edo Barrena) eduki zuten, ikusgai.
Gipuzkoako azken hartza Antzuolan hil zuten, 1867ko uztailaren 4an. Baina hartz-domatzaile edo «titiritero» bati ihes egindakoa zela esan zen. Geroztik, gizakiak bakarrik egin du orro Goierriko mendietan.