Gazteek sare sozialekin duten harreman estuak kezkak sortzen ditu gurasoen eta hezitzaileen artean. Psikologoen ustez sare sozialak komunikatzeko modu aproposa dira, baina erabilera txarra eginez gero arriskutsuak bihur daitezke.
Urretxuko kale estu batean, txoko ezkutu batean, bi mutil gazte bakoitza bere sakelakoarekin jo eta su. Zertan ari ote dira txoko horretan? «Ondoko lokaleko wifia harrapatzen dugu hemen!». Misterioa argituta, beraz. Sarera konektatuta egoteko modua izatea, horixe da gaurko gazteen —eta dagoeneko ez hain gazteen— kezka nagusietako bat. Interneteko konexioa zertarako? Bada, gehienbat, sare sozialetara konektatuta egoteko.
Duela hamar urte nahikoa lan izaten zen sare sozialak zer ziren azaltzen. Gaur egun, dagoeneko, hainbat eta hainbat daude aukeran: Facebook, Instagram, Tuenti, Twitter… eta, ziurrenik arrakasta handiena izan duena: Whatsapp, doako mezuak bidaltzea ahalbidetzen duen sakelakoetarako aplikazioa.
«Whatsapp-a, sakelakoarekin batera, gure eskuaren apendize bat izatera iritsi da», adierazi dute Carmen Maganto eta Montserrat Peris EHUko psikologia fakultateko irakasleek. Sare sozialek pertsonen egunerokoan, emozioetan, harremanetan eta beste hainbat eremutan duten eragina aztertzen ari dira, eta dagoeneko datu esanguratsuak dituzte esku artean. Esaterako, hauxe: %70ari amorrua eta ezinegona sortzen die whatsapp-a erabili ezinak.
Izena ere, dagoeneko badu izena sakelakorik gabe egoteak sortzen duen antsietate egoerak: nomofobia. Whatsapp-a gure bizitzaren parte bihurtu denez, gure emozioei zuzenean eragiten diela uste dute Magantok eta Perisek, eta emozio horiek ikertu dituzte. «Datuek erakusten digute nerabeek eta gazteek antsietatearekin eta adikzioarekin lotutako gero eta pentsamendu gehiago dituztela sakelakoaren eta whatsapp-aren erabileri dagokionean».
Asko dira ikerketan bildu dituzten datuak, baina batzuk aipatzearren: %70ak esaten du seguruago sentitzen dela sakelakoarekin, edozein momentutan norbaitekin harremanetan jar daitekeelako; %55ak antsietatea sentitzen du inorrek idazten ez badio edo erantzunik jasotzen ez badu; %63,7ak onartzen du sakelakoak lo orduak kendu dizkiela eta %65ak ikasketetan eragiten diela.
Datuak baino ez dira, zenbakiak, baina whatsapp-ak gazteengan izan dezakeen eraginaz ideia bat egiteko balio dezakete. Izan ere, gaur egun nerabe gehienei 11 urterekin erosten diete lehenengo sakelakoa —hala ondorioztatu dute EHUko ikertzaileek—. Adin horretan emozioak kontrolatzea zailagoa izaten denez, errazagoa da adikzioan edo antsietatean erortzea.
Dena den, horrek zer esan nahi du, sakelakoak arriskutsuak direla gazteentzat? Ez. Maganto eta Perisen esanetan, erabileran dago gakoa. Modu egokian erabiliz gero, nerabeentzat harremanak garatzeko beste baliabide bat izan daitekeela adierazi dute. «Lagunekin geratzeko, gertu ez dituzten lagunekin harremana mantentzeko, oporretan egon diren lekuaren argazkiak bidaltzeko… erabil dezakete sakelakoa, eta hori positiboa da».
Sare sozialak komunikatzeko beste modu bat direla adierazi dute EHUko ikertzaileek. «Arrobaren belaunaldikoak ez garenoi kosta egiten zaigu harremanak mantentzeko modu hori ulertzea, baina beste edozein bide bezain baliozkoa izan daiteke».
Gurasoen eta helduen artean askotan entzuten den kezka da, esaterako, gazteak sare sozialen bidez komunikatzen direla, baina horrek aurrez aurreko komunikaziorako gaitasuna murrizten diela. Magantok eta Perisek uste hori ikertu dute, eta uste okerra dela ondorioztatu. Pertsona irekien kasuan, sare sozialen bidez are ezagunagoak bihurtzen direla ikusi dute, eta horrek ez diela eragiten aurrez aurreko komunikazioa albo batera uztea.
Pertsona lotsatien kasuan, bestalde, sare sozialen bidez gehiago eta errazago komunikatzen direla ikusi dute, eta beste modu batera egingo ez lituzteketen lagunak egiten dituztela. «Egia da pertsona hauen kasuan aurrez aurreko komunikazioa okertzeko arriskua egon daitekeela, baina ez da sare sozialen erruz gertatzen, lehendik ere harremanak sortzeko arazoak dituztelako baizik». Hortaz, Peris eta Magantoren ustez sare sozialak ez dira aurrez aurreko komunikazioaren ordezkoak, osagarriak baizik. Are gehiago, aurrez aurreko harremanak aberas ditzaketela uste dute.
Arriskuak ere badituzte
Aurrerago esan bezala, erabileran dago gakoa. Eta sare sozialen erabilera txarrak bai, baditu arriskuak gazteentzat. Sexting izeneko fenomenoa, esaterako, nahiko zabalduta dago. Bideo edo argazki erotikoak bidaltzean datza, norberarenak edo besteenak, burla egiteko intentzioarekin. «Klik soil batekin bidaltzen dituzte argazkiak, ondorioetan pentsatu gabe», adierazi dute EHUko ikertzaileek. «Ez dira ohartzen sare pornografikoetan amai dezaketela argazki horiek, edo norbaitek txantaia egiteko erabil ditzakeela».
Sare sozialen erabilera desegokiak ekarri duen beste arazoetako bat cyberbulling-a da. «Arazo larria da, eta adin ezberdinetako gazteei eragiten die». Bullyng-a lehendik ere bazegoen, noski, baina sakelakoaren bidez anonimotasuna nagusitu da, eta biktimak «erasotzen errazagoak» bihurtu dira.
Sare sozialak nahiko berriak dira, azken hamarkadako kontua. Hori dela eta, gurasoentzat eta hezitzaileentzat bidea urratu gabe dago oraindik. Gutxika ari dira sare sozialen erabilera desegokia sahiesteko moduak arakatzen. Goierriko ikastetxe askotan lantzen dute gaia nerabeekin batera, sexting eta cyberbullying bezalako fenomenoei aurre hartzeko. Izan ere, ez dago gaia gazteekin batera lantzea baino prebentzio hoberik.
Aholkuak
Sare sozialen arriskuen prebentziorako hainbat aholku.
Ordutegia zehaztu. Sare sozialak erabiltzeko debekua jartzea ez da bidea. Hobe da ordutegi bat adostea.
Elkarrekin ikasi. Seme alabekin batera sare sozialak erabiltzen ikasi.
Elkarrekin gozatu. Seme alabekin batera sarea arakatu, eta ekintza hezitzaileak baina aldi berean dibertigarriak bilatu.
Pribatutasuna errespetatu. Ezinbestekoa da seme alaben pribatutasuna errespetatzea.
Mugak adostu. Sare sozialen erabileraren inguruko arauak eta mugak seme alabekin batera adostu.
Beraiekin txateatu. Noizbehinka haiekin batera txateatu, nola jokatzen duten ikusteko, baina intimitatea errespetatuz.
Galdetu. Seme alabekin hitz egin, eta sare sozialak zertarako erabiltzen dituzten galdetu.
Sareko kontuen berri izan. Beti erraza ez bada ere, komenigarria da gurasoek jakitea seme alabek sarean zein kontu dituzten, eta zein diren pasahitzak.
Aholkuak eman. Seme alabei babestuta egoteko aholkuak eman, adibidez, sarean datu pertsonalik ez emateko.
Laguntza eskatu. Seme alabek sare sozialekin lotutako arazoren bat badute, jarri harremanetan eskolarekin edo Ertzantzarekin. Eta, beharrezkoa bada, jarri denuntzia.