Eñaut Gereñu (Ordizia, 1987) izan da Goiekik ekintzailetasuna sustatzeko urtero antolatzen duen Enpresa Ekimen Berritzaileen XVIII. Sariketaren irabazlea, Euskal Herriaren eta Hego Amerikaren artean kudeaketa komertziala garatu, eta ezagutza eta esperientzia partekatzeko proiektu batekin. Enpresa eta Informatika Ingeniaria da ikasketaz, pertsonen kudeaketei (Coaching) buruzko master bat ere egina da, eta gatazken konponbideei eta negoziazioari lotutako beste bat bukatzen ari da. Orain urtebete Gertuko SL enpresa sortu zuen, eta harrez gero Txile eta Euskal Herriaren artean bizi da.
Egiten ari zaren lanaren errekonozimendu modura hartuko zenuen noski saria.
Bai, hala da, ez noala bide okerretik behintzat. Inguruko jendeak-eta esaten zidan gaztea nintzela horrelako proiektu batean hasteko, aurrena beste enpresa batean egin behar nuela lan… Etxekoek behintzat nirea egiteko esaten zidaten. Nik zerbait berria egin nahi nuen, jendeak egiten ez duena, eta gainera, Txilen.
Sari honekin zer konpromiso edo aukera zabaldu zaizu?
Goierriko enpresa eta erakundeei Hego Amerikan laguntzeko jaso dut sari hau. Lotura ofizialik ez dago, baina nik hala bizi dut, eta saria irabazita, konpromiso handiagoa dudala sentitzen dut orain.
Orain dela bost urte joan zinen aurrenekoz Txilera, artean ikasketekin ari zinela.
Eta harrez gero joan-etorrian nabil –elkarrizketa hau argitaratzen denerako Txilen egongo da atzera–. Orduan ikastera joan nintzen, eta sei hilabete egin nituen. Txile eta bertako jendea ezagutzeko aukera izan nuen, eta konturatu nintzen Txile aukera asko eskaintzen dituen herrialde bat zela. Beti esan izan dut Txile gu baino belaunaldi bat atzerago dabilela, eta ematen du badakizula zer gertatu behar den han bost-hamar urte barru.
«Nik zerbait berria egin nahi nuen, besteek egiten ez dutena, eta gainera, Txilen»
«Ezagutza saltzea gaizki ikusita bezala dago; nik ez dut hori hala ikusten»
«Enpresentzako aukera handia dago kudeaketa komertzialean, eta zerbait berritzailea egin daiteke»
«Gure burua ezagutzera eman nahi badugu, modu honetan lortzeko aukera ona dugu»
Eta iaz Gertuko enpresa sortu zenuen. Zer da Gertuko?
Gertuko sortu nuenean bi lan-lerro ireki nituen. Bat, coaching alderdia, eta bestea, hemengo enpresei Hego Amerikarekin kudeaketa komertzialean laguntzea, lotura hori egitea, zubi lana egitea. Enpresa sortutakoan Txilera joatera erabaki nuen, lanera. Diagnostiko bat egin nuen: Txile nola zegoen, zer aukera zegoen, zer enpresa zeuden, enpresa horien egoera zein den, neuzkan kontaktoekin zer egin nezakeen…
Zer ondorio atera zenuen?
Bi gauza ikusi nituen: coaching-arekin leku batean finkatu beharra neukala, eta ezin nuela bi herrialdeetan aurrera eta atzera ibili. Eta bestetik, enpresentzako aukera handia zegoela kudeaketa komertzialaren alorrean, eta ikusten nuen zerbait berritzailea egin zitekeela. Ezagutza nahi zutela ohartu nintzen, eta hor jarri dut indarra.
Zure proiektua, beraz, esperientzia eta ezagutza zabaltzeak egiten du berritzaile.
Hori da niretzat ezberdintasuna, horrek bereizten du nire lana. Produktu bat komertzial baten bidez modu batera ala bestera sal dezakezu, baina esperientziaren eta ezagutzaren transferentzia horretan ez dago jenderik, inork ez du lan hori egiten. Ezagutza saltzea gaizki ikusita bezala dago, hori egiten baduzu besteek aurre hartuko dizutela ematen baitu. Nik ez dut hori hala ikusten. Saldu, eta irabazi duzun hori hobetzeko aprobetxatzen baduzu ez da ezer pasatzen, eta gainera, ez du zertan zure lehiakidea izan behar.
Adibideren bat jar dezakezu?
Goierri Eskolak hango eskola bati erakuts diezaioke nola lan egiten duen, edo Goiturrek edo Goiekik esplika diezaiekete nola gara dezaketen halako edo bestelako plan bat. Eta beste ezberdintasun bat da nik beharrak sortu egiten ditudala. Ez dut itxoiten garapen agentziak niri esateko Txilen zer egin. Txileko Gobernuarekin hitz egiten dut, eta haien beharrak zeintzuk diren galdetzen diet. Nik Euskal Herritik zer eskain diezaiekedan esaten diet, baloratzen dute, eta aukera ona dela iruditzen bazaie, martxan jartzen naiz.
Eta zer egiten duzu orduan?
Hona etortzen naiz, eta esaten diet era honetako edo bestelako enpresak behar dituztela Txilen, eta ezagutza arlo jakin batean. Berez, beti alderantziz funtzionatzen da. Beti dago enpresa edo erakunde bat nonbaitera joan eta han saldu nahi duena. Nire kasuan, neronek eskaintzen diet saltzea.
Traturik itxi al duzue?
Proiektu handi batzuekin gabiltza martxan, luzerako direnak, gutxienez bi urte beharko dutenak gauzatzeko. Txilen ez ezik, Bolivian ere banabil, eta hango gobernuarekin eguzki energia aprobetxatzeko garapen plan bat aztertzen ari gara. Goierri Eskolarekin ere hor gabiltza, hango eskola batek eskatu digulako hemengo metodologia txertatzen laguntzeko.
Udaberrian Txileko Valparaiso eskualdeko ordezkaritza bat etorri zen Goierrira, eta hainbat hitzarmena sinatu ziren.
Unibertsitatearekin, Goierri Eskolarekin, Goiekirekin… hitzarmen horiek denak martxan daude. Delegazio horrekin egiten ari garen lana da esku artean dugun inportanteena. Unibertsitate askorekin hitzarmenak egiten ari dira ikasleen trukerako; Arrasate ere han formazioa emateko lanean ari da; Goierri Eskolara urtez urte ikasle gehiago etorriko dira; Txiletik Goierri Eskolako lan metodologia ezagutzera ere badatoz; praktiketara ere bai Goierriko enpresetara…
Eta zer lortzen da horrekin?
Txilen interesa duten Goierriko enpresek, esaterako, hango Ingeniaritza Unibertsitate oneneko ikasleak haiekin lanean eduki ditzaketela, ikasle horiek beraien lantokia izan behar dutela eta hala nahi badute, haien langileak izango direla Txilen.
Sari-emate ekitaldian adierazi zenuen Gipuzkoako enpresa gutxi daudela Txilen, eta egon direnak ez dutela asmatu.
Gipuzkoako eta Bizkaiko enpresen artean alde handia dago, izugarria: jarreratan, funtzionamenduan… Gipuzkoan oso onak gara egiten, baina saltzen oso txarrak. Eta enpresa bezala oso kontserbadoreak ere bai. Niretzat gabezia handi bat dago. Iruditzen zait ezin zarela beste herrialde batera joan ezagutu gabe, oinarrizko lan hori egin beharra dago. Horregatik hartu nituen nik bi hilabete Txile ezagutzeko, kultura ezagutzeko, jendea… Txile ez da merkatu erraza, lehiakortasun handia dago, baina aldi berean aukera asko ematen du.
Bolivia ere aipatu zenuen, esanez datozen hamar urteetan aurrera egingo duen herrialde bat dela. Zertan dira gauzak?
Ez dauka Txilerekin zerikusirik. Hego Amerikan azken hamar urteetan gehien hazi den herrialdea da, oso ondo hazten ari dena fase guztietan. Dena ar dai hobetzen, pobrezia beherantz doa… Ekonomia aldetik eta enpresei begira gauzak oso garbi dituzte. Adibidez, energia kontuetara bazoaz, eta zure helburu bakarra dirua irabaztea bada, gobernuak ez dizu lagunduko, baina laguntzera bazoaz, eta horrekin batera dirua irabaztera, lagundu egiten dute.
Nola laburbil zenitzake Gertukoren helburu nagusienak?
Bitan banatzen ditut. Bat, aberastasuna sortzea, lanpostuak sortzea, bai zuzenekoak eta baita zeharkakoak ere. Eta bestea, oso inportantea, bai Goierri eta bai Euskal Herria munduan ezagutzera ematea eta mundura zabaltzea. Gure burua ezagutzera eman nahi badugu, modu honetan lortzeko aukera oso-oso ona daukagu.