Etiopiako bost txirrindulari Idiazabalen daude uda pasatzen, Ethiopia Academy –Ner Group proiektuaren barruan. Txirrindulari etiopiarrak formatzea da helburua, hango txirrindularitza indartu eta gazteentzako irteera bat izan dadin.
«Etiopian, Afrikako herrialde pobreenetakoan, bizimodu hobe bat izateko bi bide baino ez dituzte gazteek: unibertsitatera joan, edo kirolari ona izan». Mikel Gurrutxaga idiazabaldarraren hitzak dira. Duela hiruzpalau urte kooperante joan zen Etiopiara, eta ordutik ez du eten herrialde harekiko lotura. Bere esparrutik abiatuta, ahal duen neurrian laguntza ematen saiatzen da. Eta txirrindularitza da Gurrutxagaren esparrua.
Etiopiarrak ezagunak dira dagoeneko atletismoan, baina ez txirrindularitzan. Horrek ez du esan nahi, ordea, Etiopian txirrindularirik ez denik. Badira, eta, Gurrutxagaren esanetan, potentziala dute, gainera. Baliabideak dira falta zaizkiena.
Ner Group taldearen eta beste hainbat enpresaren laguntzarekin, Ethiopia Academy-Ner Group proiektua jarri du martxan. Ez da txirrindulari talde soil bat, akademia bat baizik. Txirrindulari etiopiarrak formatzea du helburu. Zertarako? Etiopiako txirrindularitza indartzeko, eta, modu horretan, etiopiarrek txirrindularitzan irteera bat ikus dezaten.
Proiektu horren barruan, Etiopiako Club Guna ekipoko bost txirrindulari eta entrenatzailea Idiazabalen daude. Hiru hilabete egingo dituzte bertan, txirrindularitzaz ahalik eta gehien ikasi eta hemen ikasitakoa Etiopian praktikan jartzeko helburuarekin. Irailaren 7an itzuliko dira berriro Etiopiara.
Atletismoarekin duela urte batzuk egin bezala, Gurrutxagaren helburua txirrindularitzan ere erreferente batzuk sortzea da, hango gaztetxoak txirrindularitzara erakartzeko. «Etiopian %2 inguru nahiko ondo bizi da; Idiazabalen dauden txirrindulariak %2 horren barruan daude, eta horren arrazoia da txirrindulariak direla», adierazi du Gurrutxagak. «Txirrindularitza indartuz ongi bizi diren horien kopurua %3ra igoko bagenu ere, bada zerbait, ezta?».
Hailemelekot du izena Idiazabalen dagoen txirrindularietako batek, eta bera da, hain justu, Gurrutxagarekin harremanetan jarri zena. Facebook bidez jarri ziren harremanetan, iaz. Etiopiako txirrindularitzaren egoerak interesa piztu zion Gurrutxagari, eta Internetek ahalbidetzen zion neurrian, Hailemelekot eta bere taldeari laguntzen saiatzen zen, entrenatzeko aholkuak emanez.
Interneten muga haustea erabaki zuen, ordea, Gurrutxagak, eta Etiopiarako bidaia antolatu zuen iazko abenduan. Aurrez aurre ezagutu zuen orduan Hailemelekot, eta bertatik bertara ikusi ahal izan zuen txirrindularitza nolakoa zen lurralde hartan. «Oso baliabide gutxi dituzte, baina hori kontuan hartuta, oso ondo antolatuta daude».
Euskal Herrira itzuli bezain laster hasi zen Gurrutxaga etiopiar txirrindulari taldetxo bat hona ekartzeko ideiari bueltak ematen eta babesleak bilatzen. Ner Groupen babesarekin, posible izan da proiektua aurrera eramatea. Ekainean etorri ziren Idiazabalera txirrindulariak, eta Segurako San Joan txapelketan parte hartu zuten lehenengoz. Udan zehar beste hainbat lasterketatan ere izan dira.
Txirrindularitzaz harago
Gurrutxagaren esanetan, hasieran kosta egin zitzaien moldatzea. Izan ere, oso desberdinak dira hango eta hemengo lurzoruak, baita lasterketak ere. Hala ere, «progresio oso ona» izan dutela adierazi du. Emaitzak, dena den, bigarren mailakoak dira kasu honetan Gurrutxagarentzat, formakuntza baita helburua.
Formakuntzaz hitz egiten duenean, Gurrutxaga txirrindularitzaz harago doa. Izan ere, beste hainbat balore erakustea ere badu helburu Ethiopoia Academy-Ner Group akademiak. «Horregatik da akademia bat, eta ez talde bat». Balore horiek elkarbizitzarekin daude lotuta, eta, batez ere, buruaskiak izatearekin.
Idiazabalen udalak utzitako etxebizitza batean bizi dira txirrindulariak, Zepai hotelaren eraikinean. Bertan, eguneroko etxeko lanak egin behar dituzte: etxea garbitu, janaria prestatu, erosketak egin… Taula batean dituzte banatuta lanak, eta txandaka egiten dituzte.
Gurrutxagaren hitzetan, entrenamenduak egitea bezain garrantzitsua da lan banaketa errespetatzea. «Etiopiako kultura oso ezberdina da; mutil hauek etxean ez dute laguntzen, gizonak direlako, eta txirrindulari taldean langileak dituzte lan horiek denak egiten dizkietenak». Hori dela eta, garrantzitsua ikusten dute beren burua zaintzen irakastea.
Proiektu hau boluntarioen bidez eramaten dute aurrera, eta Angel Gomez idiazabaldarra da boluntarioetako bat. Sukaldaria izana da, eta janaria prestatzen irakasten die berak bost mutilei. «Ulertarazi nahi diegu hemen denok batera bizi garela, eta inor ez dagoela inoren zerbitzura», adierazi du Gomezek. «Egia esan, oso ondo moldatzen dira sukaldean». Gomezez gain, Ampo enpresako hainbat boluntario ere proiektuaren parte dira. Hizkuntzak eta informatika irakasten dizkiete hauek, arratsaldetan.
Hailemelekot oso gustura dago Euskal Herrira etortzeko aukera eman diotelako. Aukera handia dela dio: «Batetik, Europa ezagutzeko aukera ematen digu honek, eta, bestetik, Etiopiako txirrindularitza ezagutzera ematekoa». Entrenamenduak eta lasterketak «oso desberdinak» iruditzen zaizkio, baina gutxika moldatu da. «Txirrindularitzaz gain sukaldean ikasi dut, etxea garbitzen… hori ere garrantzitsua da guretzat gure familiari lagundu ahal izateko».
Gurrutxagak ez du proiektu hau anekdota hutsa izaterik nahi; jarraipena eman nahi dio, «bestela ez baitu zentzurik». Datorren urtean ere etiopiar txirrindulariak ekartzen saiatuko da, eta ahal izanez gero denbora luzeragorako.