Nerea Gabirondok (Urretxu, 1990) Urolan hasi zuen bere futbolari ibilbidea. Realean jokatu du azken lau denboraldietan eta orain futbola utzi du beste egitasmo batzuei ekiteko. Realera joan aurretik, Eibarren jokatu zuen. Futbolean hasi aurretik, pilotan aritu zen.
Ametsa izan al da Realean jokatzea?
Bai. Umetatik Real zalea naiz. Eibarko entrenatzailea izan zen Realetik nigatik galdezka deitu zutela esan zidana. Hasieran ez nuen nire burua gai ikusten, baina oso ondo hartu ninduten. Gainera, atzelari bat lesionatu egin zen eta lehen denboraldian dezente jokatu nuen. Denboraldi amaieran, zoritxarrez, lesio larria izan nuen. Hurrengo denboraldi osoa behar izan nuen osatzeko. Bitartean, taldeak entrenatzailez aldatu zuen. Osatu nintzenetik nahi baino gutxiago jokatu dut, baina jokatu dudanean maila eman dudala uste dut.
Nolako jokalaria zara?
Altua izan arren, buruarekin ez dut ondo jokatzen. Baloia jokatuta ateratzen, ordea, abila naiz. Indarra ere badut.
Nola bizi izan dituzte ingurukoek lau urte hauek?
Izugarria izan da herrian nola jarraitu nauten. Partiden biharamunetan jende asko etorri zait bezperako partidari buruz hitz egitera, bai gazteak eta bai adinekoak. Emakumezkoen futbola geroz eta gehiago jarraitzen dela dirudi. Prentsak ere astero ematen du gure partiden berri. Realak-eta taldea atera izana onuragarria izan da.
Zergatik utzi duzu Reala?
Aspaldi erabaki nuen hau izango zela nire azken denboraldia. Futbola asko gustatzen zait, baina beste zaletasun batzuk ere baditut eta horiek ere landu nahi ditut. Idoia Agirre legazpiarrak eta Uxue Garmendia lazkaotarrak ere Reala utzi dute.
Ze ikasketa egin dituzu?
Irakasle izateko ikasi nuen, Eskoriatzan. Ondoren, urte eta erdi eman nuen Donostian, ingelesa ikasten. Azken urtebetea herrian eman dut. Atsegin tabernan eta begirale bezala lan egiten dut.
Zein da egoera emakumezkoen Lehen Mailan?
Realak baliabide asko jartzen ditu emakumezko taldearen esku. Espainia hegoaldera, adibidez, hegazkinean joaten gara. Gure aldagelak ditugu, arropa garbitzen digute, soldata dugu eta kotizatu egiten dugu… Talde gutxitan dituzte horren baldintza onak. Aurrerapauso handiak eman dira, nahiz eta gehiago eman behar diren.