Egun gutxi barru Hondarribiko alardea ospatuko da; alardeak, hobeto esanda, izan ere, Irunen bezala, Hondarribian bi alarde izango dira aurten ere: ofiziala eta sasikoa. Sasikoa diot herriko erakunde ofizialek alarde parekideari oraindik ez diotelako inolako aitortzarik egin.
Aurtengo Zumarragako ezpata-dantzak bizi izan duen aldaketa ikusita, neure buruari galdetzen diot zein ezberdintasun ote dagoen Zumarraga eta Irun edo Hondarribiko herrien artean; herritarren artean. Gurean, nesken parte-hartzea zergatik eman ote den halako giro on eta baketsuan, eta Bidasoaldeko emakumeek, berriz, zergatik jasan behar ote duten urtero halako bazterketa eta erdeinua, herritarren aldetik ez ezik, herri erakundeen aldetik ere, berdin.
Teresa del Valle antropologoak dio Hondarribian eta Irunen aldaketa proposatu zeneko 90eko hamarkada berezia izan zela Euskal Herrian; gatazka politikoaren amaieraren hasierak egin duela ezberdin. Herritar gehienak gizarte aldaketen alde agertu ziren trantsizio urteetan ez bezala, 90eko hamarkadan euskaldun askok, gizarte aldaketa berrien aurrean, beren herri izaera arriskuan ikusi omen zuen. Hori omen da aldaketari diogun beldurraren arrazoia.
Donostiako danborradan emakumeen parte hartzea, alardeen aurretikoa izan zen eta ez zen horren gatazkatsua izan.
Argudioari jarraituz, pentsatzekoa da, XXI. mendean sartu garelarik, aldaketak malgutasun handiagoz onartzen ikasi dugula edota ezinbestean geure egiten. Alderdi politikoen lelo guztiek ere, ezkerretik hasi eta eskuin muturreraino, norabide berean egiten dute azken boladan; aldaketaren alde, edozein dela ere.
“Dena aldatu guztiak berdin jarrai dezan” Giuseppe Tomasi di Lampedusa idazle italiarrak Gattopardo eleberrian jasotako esamoldeak erakusten du tradizioek, gizamolde guztiek bezala, aldaketak behar dituztela, desagertu behar ez badute. Alardean emakumeen presentzia gaitzesten dutenek horrenbeste jakin beharko lukete. Akaso, badakite, eta jaiaren aldaketak berak baino beldur handiagoa ematen die gizonek gizartean duten lekua galdu eta emakumeekin partekatzea. Alardea aitzakia hutsa delakoan nago.
Hemezortzi urte bete dira Irun eta Hondarribiko emakumeak alardean desfilatzen hasi zirenetik. Kanpotik ezin dugu irudikatu ere egin emakume askok, bazterketaren ondorioz, bizi izan duten jazarpena eta erdeinua, eta hala ere, urtero hutsik egin gabe, desfilatzen dute ukatzen zaien eskubidearen defentsa eginez.
Beste antropologo batek, Margaret Bullenek dio gizartean gertatzen denaren isla dela jaietan gertatzen dena. Eta niri zaila egiten zait sinestea Irun eta Hondarribiko kaleetan beste emakume batzuk iraintzen dituzten emakumeek gizonezkoen eskubide berberak nahi ez dutenik, betiko genero ereduari lotuta jarraitu nahi dutenik. Baina ondo pentsatuta, beti ziurtzat jotzen dugu gizakiok askeagoak izan nahi dugula; nik esango nuke askatasunari beldur handiegia diogula gehienetan, aldaketari bezain beste, horregatik nahi izaten dugu gure eredu zaharretan bizitzen jarraitu, askatasunaren aldeko aldarriak ahotan etengabe baldin baditugu ere.
Dena aldatu guztiak berdin jarrai dezan.
Gizon portatzea eta gizonkeriak ez dira gauza bera.