1967ko martxoan ireki zuten ikastola Seguran, guraso eta herritarren esfortzuarekin, eta ezkutuan, noski.
Duela ia 50 urte, 1967. urtean, bi eskola zeuden Seguran: Nazionala eta mojena. Herritarren eta gurasoen esfortzuarekin, ordea, hirugarren bat sortzea lortu zuten: Ikastola. Debekatuta zegeon ikastola urte haietan, noski, eta ezkutuan ematen zituzten eskolak, Txanbolingainen. «Atean kartela jartzen genuen, apaizaren sinadurarekin, gela hartan katekesia emango balitz bezala» gogoratzen du Maixabel Telleriak.
Irakaslea zen Telleria, hasierako bizpahiru urteetan Segurako Ikastolako irakasle bakarra. 1967ko martxoan hasi zen herriko hamabost haurri eskola ematen. Argazkia urte hartakoa da, 1967ko Gabonetakoa. Hain zuzen ere, gabonak zoriontzeko gurasoei bidali zitzaien argazki hori, ondorengo testuarekin: Ikastolako aurrak eskerronez zuri ta zure sendiari, Gabon pozgarri ta urteberri zoriontsu.
Telleriak ikastolan ateratako lehena dela uste du. Hiru eta lau urte bitartean dituzte haurrek argazkian. Telleriak, berriz, hamazazpi baino ez zituen ikastolan eskolak ematen hasi zenean. «Donostiako erresidentzia batean prestatu nintzen andereño izateko».
Irakasleez gain, guraso eta herritar askok parte hartu zuten ikastolaren sorreran eta lehen urte haietan. Hain zuzen ere Ikastolaren sorrera bizi izan zuten hamar lagunek Europar Komisioak eta Arantzadi elkarteak bultzatutako proiektu batean parte hartu dute aurten, memoria historikoa berreskuratzeko. Ikastolaren sorrera gogoratu dute denen artean, eta hil honetan kaleratzekoak dira oroitzapen horiek guztiak jasotzen dituen liburuxka.