Ezohiko bizimodua izan zuen Jose Francisco Zabalozuazolak: XX. mende hasieran Zeraindik Bilbora joan eta argazkilari aritu zen
Argazkilaritzaren sorrerak erakarrita, XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran, hainbat gizon eta emakumek sentitu zuten errealitatea dokumentatzeko modu berri horrekiko interesa. Hiriburuetan bizi ziren burges familietan ohikoa bihurtu zen argazkiak ateratzea; gutxi batzuen eskura zegoen luxua zen. Garai hartarako hain ohikoa ez zena, baserri mundutik zetorren norbaitek kamera bat hartu eta argazkiak egiten hastea zen. Eta hori da, hain zuzen ere, Jose Francisco Zabalozuazola zeraindarraren historia. Argazkilari moduan ezezaguna bada ere, balio historiko handiko argazkiak atera zituen XX. mendearen hasieran. Haren senideek, ondo gordeta dute utzitako ondarea. Bere datu biografiko asko jaso gabe dauden arren, merezi du haren historia ezagutzeak.
Zabalozuazola Zerainen jaio zen 1878an. Hiru anai-arrebetan zaharrena zen, baina bere jakinmina baserri mundutik haratago zihoan. Gaztetan, XX. mendearen hasieran, Bilbora joan zen lan bila, eta Zarrabeitia familiak zuen jaki denda batean aritu zen lanean. Bere denbora librean, ordea, argazkilaritzaren munduan sartzen hasi zen. Handik aurrera, bizitza osoan zehar izango zuen lagun argazki kamera.
Haren hilobak, Jaime Zabalozuazolak azaldu duenez, ez dakite garbi nolatan sartu zen argazkilaritzaren munduan, baina badakite Bilboko beste argazkilari batzuekin batera aritzen zela. «Bilboko Museo Etnografikoan, bertako emakumezko argazkilari baten erakusketa jarri zuten, eta gure osabaren oso antzeko argazkiak zituen, toki berdinean eta modelo berdinekin aterata». Emakume hura Eulalia Abaitua (1853-1943) zen, Euskal Herriko argazkilaritzaren aitzindarietako bat izan zena. Pentsa liteke beraz, haren eskutik jaso zituela argazkilaritzaren inguruko lehen nozioak. Bilbon egin zituen urteetan hango kaleak, ibai ertza, udaletxea eta beste hainbat eraikin erretratatu zituen, baita bere lagunak eta lankide izan zituenak ere.
«Osabaren gauzen artean kaxa bat ireki eta han bilatu nituen ‘cliché’ eta negatibo guztiak»
«Ez dakigu nolatan hasi zen, baina bai beste argazkilari batzuekin batera aritzen zela»
Jaime Zabalozuazola, Jose Franciscoren hiloba
Urte batzuk beranduago, Zabalozuazola Zeraingo etxera bueltatu eta baserriko lanetara itzuli zen. Hala ere, argazkiak egiten jarraitu zuen, Zerainen bertan eta baita inguruko herrietan ere. Segurako prozesioko eta Zeraingo San Blas ermitako erromerietako argazkiak atera zituen. Baita bere familiarenak edota inguruko baserrietako familienak ere. Arantzazura, Santanderrera (Espainia) edota Lourdesera (Frantzia) egindako erromesaldiak ere jaso zituen iruditan. Bitxikeria moduan, garai hartan ohitura zen moduan, hildako umeei ateratako argazkiak ere badaude bere lanen artean. Familia askok, hildakoaren oroimena gorde nahian ateratzen zituzten argazki horiek.
Gizon polifazetikoa
Bere afizio nagusia argazkilaritza izan bazen ere, aurpegi askotako gizona izan zen Zabalozuazola. Musika zalea ere bazen, eta bere kabuz ikasi zuen armonioa jotzen. Zeraingo elizan igandero jotzen omen zuen. Bere beste zaletasunetako bat, eguraldiaren ingurukoa izan zen. Hogei urtez, Zerainen egiten zuen euriaren datuak biltzen aritu zen, Igeldoko Meteorologia Zentrorako.
Patricia Arostegi emaztearen ondoan, bizitza luzea eta interesgarria izan zuen Zabalozuazolak. 1961ean hil zen, 83 urte zituela.
Ehunka negatibo
Zabalozuazolaren ibilbideak ez du oihartzun handirik izan, Juantxo Egaña argazkilari eta dokumentalistak Zazpika aldizkarian egindako erreportaje batetik haratago. Ezezaguna izanagatik, ordea, dokumentu moduan balio handia duen argazki fondoa utzi zuen.
Haren hilobak, Jaime Zabalozuazolak ia kasualitatez bilatu zituen argazki eta negatibo horiek guztiak. «Nik hamahiru bat urte nituela hil zen osaba. Gerora, niri ere argazkilaritza gustatzen hasi zitzaidan, eta osabaren gauzen artean, kaxa bat ireki eta han bilatu nituen bere cliché eta negatiboak». Ezusteko ederra izan zen, berealdiko materiala baitzegoen han gordeta. Kristalezko 400 plaka eta ehunka negatibo ditu jasota Jaimek, eta digitalizatu ere egin ditu. Osabak erabili izan zituen sei argazki kamera ere gordeta ditu oraindik. Berak ere mantendu du osabaren argazkilaritzarako pasioa, eta mimoz eta estimu handiz gordetzen du haren ondarea.