Oporretan dena da desberdina. Baita ametsak ere. Badirudi urte osoko estresa eta aztoramendua alde batera uzten ditugunean, gauez ere ez dutela tokirik kontu gaiztoek. Hurrengo goizean iratzargailuak joko ez digun lasaitasunez hartzen gaitu loak. Izara zuri leun eta fin batek estaltzen du gure soin biluzi belztua eta iluntzeko dutxa freskoaren ostean igurtzitako kremaren usain gozoa arnastuz igarotzen dugu gaua.
Egunak patxadaz igarotzen ditugu. Seme-alabekin egoteko eta gozatzeko aukera, aspaldiko partez. Ez aurkeztu beharreko lanik, ez desorduko telefono deirik, ez batera eta bestera ordulariaren konpasean ibili beharrik… Gaur zer egingo dugu? Zer jantzi? Hondartza, mendia ala igerilekua? Horiek eta horien parekoak izan ohi dira opor garaiko buruhauste edo kezka nagusiak. Berebiziko erabakiak, ezta?
Badirudi dena dela idilikoa. Ez dugu munduan gertatzen ari denaz pentsatzen. Erlojua stand byean egongo balitz bezala jokatzen dugu. Hura ere, geu bezalaxe, lozorroan. Geurea da unibertsoa, geurea kontrola. Geuk daukagu film berezia gidatuko duen urrutiko agintea: isiltasuna tarteka, ahots goraz noizean behin, bizkor batzuetan, mantso hurrengoan… Guztia nahierara!
Eta gauez, eguzkia ageri ohi da gure ametsetan, haurren barreak, izozkiak, garraio publikoa, ibilaldiak, mahai-buelta ederrak, urtean zehar irakurri ezin ditugun liburuak, kopa erdi bete zein erdi hutsak, zeruko izarrak protagonista dituzten filmak, jostailuak eta baita hondartzak ere: ur urdin gardenekoak, gehientsuenetan. Amets zoragarriak, zinez.
Baina amaitu da oporraldia. Ezin zuen bestela izan. Itzuli gara egunerokora, betikora, errutinara. Haurrak ikastolan, ordenagailua ke betean, ordutegiak, presak, lozorroan zeuden guztiak esna-esna, iratzargailua berriz ere oilar lanak eginez… Eta aldatu egin zaizkigu, halaber, ametsak.
Hondartza bat ikusi dut nire ametsean. Hondartza ertz eder bat, akaso. Eta haur txiki bat irudiaren erdian. Egon liteke jolasean, egon liteke oporrez gozatzen. Baina ez… nire ametseko haurra ahuspez dago, arropak soinean, eta urak haren gorputz txikia harrapatzen du orain bai, orain ez, olatuen joan-etorrian. Ezin diot aurpegia ikusi. Geldi dago, geldiegi aukeran. Hiru bat urte ditu mutikoak. Larritzen hasi naiz… nire semea izan liteke! Aurpegia ikusi nahi diot, baina ezin. Mugimendu bortitzak egiten ditut ohean; ez, ez, ez! oihu mutuak nire ahotik. Bidegabekeriaren harrak tunela egin dit zainetan.
Mutikoaren gorputz txikiak esanahi handia du, istorio/historia gordina baitu atzetik: sarraskitik ihes egin nahian itzulerarik gabeko bidean sartu denarena. Ez bera bakarrik, baita haren anaia, 5 urtekoa, eta ama ere. Guztiak hilda. Aitak Siriara itzuli nahi omen du Turkiako urertzean zendutako senitartekoak lurperatzera. Alegia, ihes egin behar izan duen lurraldera bueltatzeko prest dago, maite dituen pertsonek hango lur lubakitsuetan betiko atseden har dezaten.
Familia horrek, eta finean, gizarte oso batek, bazuen bere ametsa, mareak gora eta behera dantzarazi duena. Izan ere, gure mundu honetan ametsak eta ametsak daude.