Ana Iruretagoienak (Ordizia, 1992) aurtengo otsailean bukatu du kazetaritza karrera, eta martxoaz geroztik Euskadi Irratian ari da lanean, asteburuetan batik bat. Ekainaren 28an, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, beste bi lagunekin batera sortutako klitto.com euskarazko atari digital feminista estreinatu zuten. Lehen asteetako harrera onaren ondoren, elkartea sortu dute, eta udazkenari begira webgunea berritu eta itxuraldatzeko asmoa adierazi dute.
Nola definituko zenuke zer den Klitto! atari digitala?
Gure definizio orokorra da, euskarazko atari digital feminista. Egiten duguna da feminismoaren inguruko gaiak jorratu feminismotik eta euskaraz. Ikusten genuen bazegoela gabezia handi-handi bat euskaraz horrelako gaiak produzitzeko. Adibidez, Berria-n, Argia-n… gaia lantzen dute, eta Hamaika Telebistan Identitateak saioak ere arrakasta eduki du. Zutabegile edo kolaboratzaile konkretu batzuekin aritzen dira, baina espezializatu gabe. Gurea feminismoari buruz eta euskaraz ariko den gune espezializatu bat da.
Feminismotik esaten duzunean, zer esan nahi duzu zehazki?
Feminismotik, feministak garelako. Zuk idatz dezakezu feminismoari buruz feminista izan gabe, baina ikuspuntu zeharo matxista batekin. Eta badaude, gainera, hortik suelto sare sozialetan-eta kristoren komentarioak egiten dituztenak feminista batek idazten duen bakoitzean, edo feminista bat elkarrizketatzen duten bakoitzean. Trolak deitzen zaie horiei. Feminismotik gizonezkoek eta emakumezkoek idatz dezakete, gizonezko feministak ere bai baitaude. Badauzkagu lagun asko gizonezkoak feministak direnak, eta baten batek kolaboratzen du gainera Klitton!
Eta sumatzen zenuten gabezia zein zen bada?
Beste hedabide batzuk ez zeukatela bere osotasunean feminismoan espezializatutako atalik. Uste dut zirkulu feministetan ibiltzen garenak, baita bestelakoek ere, erreferente garrantzitsu bat daukagula Pikara aldizkari digitalean. Euskal herritarra da aldizkaria, baina ez da euskalduna, gazteleraz publikatzen du. Indar handia daukate, ikaragarri zabaltzen dira beraien edukiak, oso gauza interesgarriak egiten dituzte, indartsuak, eta jendeak hori asko irakurtzen du. Guk gure buruari esaten genion Euskal Pikara egingo genuela.
Eta izena nondik nora bururatu zitzaizuen? Hitz joko bat dago izenaren atzean.
Euskarazko hitz jator bat izatea nahi genuen, euskarazko sustraiak dituena, eta era berean emakumeekin zerikusia izan zezala, iradokitzailea… Ez zitzaigun ezer okurritzen, eta halako batean Danele Sarriugartek esan zigun Klitto! Izan zitekeela izena. Asko gustatu zitzaigun. Leire Palaciosek Berria-n idazten duen zutabe batetik hartua da.
Ataria sortzeko prozesua noiz hasi zenuten?
Ikasketak bukatuta geunden hirurok –Malen Aldalur eta Irati Urkiola ditu proiektukideak–, lanik ez zitzaigun sortzen, baina zerbait egiteko gogoa genuen. Asperduratik ere sortu zen, neurri batean. Orduan Donostian bizi ginen hirurok, eta han elkartzen zen gure lagun zirkulua. Ideia hori bururatu zitzaigun, serio hartu genuen, eta hilabete batean martxan jarri genuen. Hasieran lasai hartzea zen gure asmoa eta taxuzko zerbait egitea, batik bat irailari begira. Baina gero ikusi genuen uda garai ona zela, material asko sortuko zela udako ikastaroetan eta jaietan, eta interesgarria zela hori kubritzea. Pixka bat zalapartaka hasi ginen, eta ekain bukaera jarri genion epea gure buruari.
Hasiera estua beraz.
Lortu genituen lauzpabost kolaboratzaile ahal genuen moduan, lagunetatik tira eginez. Abuztuan lasaixeago hartu dugu, jendeak ez du batere irakurtzen, kanpoan dabil, eta gu ere bakoitza bere martxan… Neurria hartzeko gaude oraindik. Lehenengo astea ikaragarri estresantea izan zen, egun osoa mugikorrari begira, sare sozialetan…
Zer maiztasunarekin eguneratzen duzue webgunea? Nola lantzen dituzue edukiak?
Astean behin gutxienez bilera bat egiten dugu erabakitzeko zer gai landu behar ditugun, eta baita hurrengo asteari begira zer aurreikuspen dauden. Hasierako planteamendua zen astean gutxienez hiru eduki sortzea, bi guk eta bat kolaboratzaile batek. Horri buelta eman diogu guztiz, kolaboratzaile asko dauzkagu, eta ez bakarrik guk lotutakoak, zorionez jende askok idatzi baitigu esanez gurekin kolaboratu nahi duela. Astean bost eduki gutxienez bai, eta gehienak kolaboratzaileek egindakoak.
Kolaboratzaile batzuk aipatzekotan, zeintzuk?
Ezagunenak Danele Sarriugarte, Ane Labaka, Kattalin Miner, Josebe Iturrioz… Eta gero, baditugu ezagunak ez direnak, baina ikusgarritasuna merezi dutenak: Lekeitioko Kamutsa proiektukoak, ilustrazio iruzkinduak egiten dituzte; gero, Olatz Salvador abeslaria; gero badabil hortik beste anonimo bat… Izen potolo eta ezagunak badauzkagu, baina uste dugu besteek ere merezi dutela, eta feminismoaren ikuspegitik asko daukala emakumeen ahalduntze horrek, norberaren burua ikustea gai dela medio batean beste izen horien ondoan azaltzea.
Zer irizpide dituzue? Zer baldintza bete behar dira Klitton! parte hartzeko?
Gure linea editorialarekin jarraitzea, eta noski, euskaraz eta feminismotik idaztea. Eta gero, feminismoaren barruan korronte pilo bat daude, eta orduan, alderdi horretatik, ez gara batere abolizionistak. Publikatu ditugu edozein medio erabiliz landutako gaiak. Hau da, beti jotzen dugu testuak edo iritzi artikuluak egitera, baina gero gehien ikusten direnak beste batzuk izaten dira: bideoak, ilustrazioak… Webgune batean sar daitekeen edozein informazio ongi etorria izango da.
Eta bisita kopuruak?
Gorabehera asko izaten ditugu. Artikulu batzuk ikaragarrizko arrakasta izaten dute, beste batzuk inor ohartu gabe pasatzen dira… Asko aldatzen da egilearen arabera. Izena duten pertsonen sarrerek tiradizo handia daukate, gaiak ere zerikusi handia du ikustaldi kopuruan… Normalean, mila bisita izaten ditugu egunean bataz beste, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago.
Bi hilabeteko ibilia izateko, ez dira datu txarrak.
Bai, pozik gaude, eta oso pozik gaude baita ere asko elkarbanatzen direlako sare sozialetan. Esango genuke gure irakurleak oso fidelak direla zentzu horretan. Albistea webgunean sartzen dugu, eta gero facebook-en eta twitteren zabaltzen dugu. Saiatzen gara sare sozialetan jende gehien dabilen orduetan ematen.
Epe motzari begira zer asmo duzue? Berrikuntzaren bat egiteko asmorik bai?
Elkartea sortu dugu: Klitto kultur elkartea izango da. Diru-laguntzak eskatzeko elkartea sortzea ezinbestekoa da, eta asmoa badaukagu Emakundera, Eusko Jaurlaritzara, Diputaziora, Donostiako Udalera jotzeko… Gure denbora debalde emateko prest bagaude, baina azkenean gastuak, gutxi badira ere, gure ekonomiarako inportanteak dira. Webgunea ere berrituko dugu udazkenean, intuitiboagoa, dinamikoagoa… izatea nahi dugu, oraingoak blog itxura baitauka gehiago.