Sorterria duela 150 urte utzi zuen Lorentzo Apaolaza aztiriarraren ondorengoak Gabirian izan dira.
Migrazio mugimenduen oinazeak, dramak eta saminak azal-azalean dira berriro Europan. Beharrak eraginda, ametsek elikatuta eta etorkizuna hobetu nahian, milaka etorkin eta errefuxiatu ari da heltzen kontinente zaharrera. Jaso nahi ez dituzten agintari axolagabeek, europar ezjakinek edo biztanle bihozgabeek badirudi, ordea, ahaztu dutela behinola europarrak izan zirela joakin.
XIX. mendeko Amerikarako emigrazio uholdearen zipriztin bat itzuli da, uda honetan, Goierrira. Atlantikoaz beste aldetik etorriak, Apaolaza sendiko zazpi lagun izan ziren, uztail bukaeran, Gabirian. Arbasoen sehaska ezagutu nahi zuten, aitona hazi zen herria ikusi. Aurreko hilabeteetan herritar baten laguntzaz baserria zein zen jakin ondoren, Aztiria auzoko Lizardi Goikora jo zuten.
Argentinarrak dira Apaolazatarrak. Gaur egun Cordoba hirian bizi dira, nazioaren erdi aldean. Roberto Pedro, Cristina eta Yolanda Apaolaza txundituta geratu dira Gabiriako herrigunearekin, baita haien bikotekideak eta alabak ere. Etengabe argazkiak ateratzen dizkiete parajeei. Harrituta geratu dira jaiotetxera ailegatzeko oraindik gehiago igo behar dugula entzundakoan: Aztiriara.
Aitona Lorentzoren bila
Haien aitona Lorentzo Bonifazio Apaolaza Zumalakarregik zabaldu zuen euskal hazi bat Argentinan. Lizardi Goikoa baserrian jaioa 1853ko ekainaren 5ean, oso gazterik joan zen Argentinara, Santiago anairekin batera.
«Buenos Airesko portura itsasontziz iritsitakoan, anaia bat iparraldera abiatu zen, eta bestea hegoaldera. Han banatu ziren betiko, eta ez zuten elkar gehiago ikusi», azaldu du Roberto Apaolazak.
Haien arbaso Lorentzo General Las Heras hirian bizi zen, 15 urterekin jada. Biltegi bat jarri zuen. 1906an italiar jatorriko Carmen Ciprianorekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten. 1919an hil zen, eta Gabiriara bisitan ‘etorri’ zaizkion bilobek ez zuten ezagutu.
Gabiriako plaza eguzkitsua utzi, eta Lizardira. Mendian, duela 150 urteko biztanleek zer nolako bizimodua egingo zuten galdetzen dute, behin eta berriz. Emigratu behar izateko bezain gogorra, seguruenik. XIX. mendean benetako uholdea joan zen Euskal Herritik Amerikara. Argentinan, esate baterako, gaur egun 3,5 milioi herritarrek euskal jatorria dutela kalkulatzen da (biztanleriaren %10). Euskal Herri osoko biztanleria baino gehiago da hori.
Apaolazatarrek euskal kultura eta hizkuntza galdu zituzten. «Gure artean jada lausotu da euskal kultura. Ez dugu jarraitzen», aitortu dute. Aztiriarraren birloba batek, ordea, ikurrina batekin apainduta eta Beti aurrera leloarekin sinatzen ditu mezu elektronikoak. Sehaskaren deia jaso bailuen.
Hunkituta, buelta
Bi orduko bisita motza izan arren, aitona Lorentzoren jaiolekuaren indarra barruraino sartu zaiela ziurtatu dute. Lizardi Goiko nagusiak —ez du zerikusirik Apaolazatarren arbasoekin—, adeitsu erakutsi die etxea. Ataria, sukaldea, etxe inguruko zelaiak, zuhatzak eta soroak. «Hunkituta» behatu dituzte argentinarrek.
Duela lauzpabost urte «beste argentinar batzuk» joan zirela kontatu die etxe nagusiak. Ez zuten berririk Apaolazatarrek. Aitona Lorentzok kaian agurtutako anaiaren enborrekoak agian? Sehaska, bakarra baita.