Cheers 1980ko hamarkadako telebista saio estatubatuarrean irudikatzen zen Bostongo tabernarekin alderatu dute Jexux Iraeta Poxpolok eta Rafa Villalainek Zumarragako Urola taberna. Batik bat, bezero gehienak egunero doazelako eta nork bere tokia duelako tabernan, baita bere rola ere. Taberna, gainera, bitan banatzen da: barraren ezkerretan Marca eta halako egunkariak irakurtzen dituztenak, barraren eskuinean intelektualak. Eskuineko aldekoen gai izarra hieroglifikoak dira.
Orain hamabost bat urte, goizetik eguerdira arteko tartean ofizio eta afizio ezberdinetako pertsonak biltzen ziren Urola tabernara. Garai hartan bertako ugazaba zen Villalain eta barra barrutik ikuspegi osoa zuen. Iraetaren esanetan, «Luis Garcia Berlanga zine zuzendaria etorri balitz… Hemen La escopeta nacional filmaren moduko bat egin ahal izango zuen».
Barraren eskuin horretik abiatu zuten hieroglifikoen eguneroko sekretua askatzeko lehia. Orduan piztu zen harra piztuta dago oraindik ere. «Hieroglifikoa zaila bazen, ikustekoa zen zazpi gizonezkoen aurpegiak, nork bere ariketa egiten kabala hura askatzeko», dio Villalainek.
Elkarrizketa egin bitartean Villalainen telefonoak hoska egin du, wasapetik egun horretako hieroglifikoaren erantzunari buruz ari zaizkio. Egia da, sare bat dira. Ez da elkarrizketa egin bitartean sarea direnaren konstatazio bakarra. Bi gizonezko sartu dira tabernan eta biek ahotan ekarri dute egun horretako jero-a. Zinez zaila zen egun hartakoa.
Medikuak, jubilatuak, postariak, estanko ugazabak, tabernariak… Guztiak buru-belarri sartuta daude hieroglifikoaren lehian. «Guk ez dugu futbolari buruz hitz egiten eta egunkariak dakarrenari bakoitzak bere modura erreparatuko dio, gu benetan dibertitzen gaituena hieroglifikoa da, gero eta zailago orduan eta handiagoak dira lehia eta zirrara», jarraitu du Villalainek.
Ariketa errezek ez dute lehiarik sortzen, ezta beraien arteko solasaldirik ere. Errazei izena jarri diete: Jaen. Iraetak azaldu du arrazoia: «Demagun hieroglifiko baten galderan Espainiako probintzia baten izena galdetzen dutela. Hieroglifikoan JA eta EN agertzen bada erantzuna bistan da, baina topatuko duzu erantzuna Guadalajara dela esango dizun norbait. Horrek, jakina, ez du hieroglifikoak askatzeko balio».
Iraeta maisua da eta ez du tranparik egiten. Tranpa egitea, esaterako, Internet edo hiztegi bidez hitzak begiratzea da. Behin, halere, sareko kide denek askatu zuten abenduaren 11 bateko hieroglifikoa eta Iraetak ez. «Batean kale egin nuen eta legenda bihurtu naute», dio barrezka Iraetak. Izan ere, hieroglifikoen lehian asmatzeko une gozoen atzetik datoz asmatzen ez dituzteneko une gaziak, horrelakoetan lagunen isekak entzuteko prest egon behar dira.
Iraetak hieroglifikoak diren kabala horiek asmatzeko kultura bat izatea ezinbestekoa dela dio, «trebeenak ere kale egingo du kulturarik ez badu». Asmatzeko zailtasunak dituztenean lagunak beste denbora pasatara bidaltzen ditu Iraetak, zazpi ezberdintasunak kasu. Lehiak, gainera, tabernen hormak gailentzen ditu: «Hiru eta 33 taberna bigarren mailan daude hieroglifikoen ligan, Urolak katedrala izaten jarraitzen du». Tranpatia, bestalde, azkar asko harrapatzen dute.