Inazio Usarralde
Egunero begi aurrean dugun errealitate gordinari tiraka, gaur etorkinez eta gerratik ihesi doazen iheslariez ariko naun. Biek ala biek Europa amets. Batzuk etorkizun hobe baten bila eta besteak, sorterriarekin batera, izugarrikeria atzean utzi nahian. Ezin hobeto adierazi din egoera, gaztetxo bati irakurri nionak: «Ez dugu Europan onar gaitzazuen nahi, gerra geldi dezazuen nahi dugu!»
Hau dela eta, agintari azal zuridunak sailkapenak egiten hasi zaizkigun gure mendebalde honetan zein giza taldek izan beharko lukeen sarbidea eta zeinek ez: alegia, gerratik ihes datozenak hartzea ondo dagoela baina, kasu!, etorkizun hobe baten bila datozenak ere badaudela tartean eta, haiek ez!, haiek ez omen diten aski larritasunik europarrok leku egin diezaiegun.
Orain urte asko ez dela, euskaldunok ere gerratik ihesi ibili behar izan geninan herrialde guztietan oso abegi ona jasoz. Eta aurrez ere baditun gure artetik etorkizun hobe baten bila etxetik urrun joandako herrikideak, Ameriketara artzain joandakoak, esaterako.
Irudi eta pentsamendu hauek guztiok buruan dabilzkidala galdera hauxe etorri zaidan gogora: aurtengo udan AEBetako Boisen, euskaldunon ohituretan oinarritutako Jaialdi entzutetsua egin diten eta hori ozen goraipatu egin dinagu. Ondo. Ez naun ni horren kontra hitz egiten hasiko. Baina, aizan, zer gertatuko litzateke munta handiko jaialdia antolatuko balute Lazkaon errumaniar komunitatea osatzen duten etorkinek? Nola ikusiko geniken?…»
Joxepa Madariaga
Kaixo, Iñaxio! Oporrak beroak izan dizkiagu eta itzulera ere halaxe. Gori-gori eta beltz zagok etorkinen eta iheslarien gaia.
Hire galderak erantzuten hasiko nauk: Euskaldunon ohituretan oinarrituta, jaialdi handia AEBetako Boisen. Errumaniarren ohituretan oinarrituta, balizko jaialdi handia Lazkaon. Zergatik ez? Ezagutu dezagun berena eta anima ditzagun, gurean daudenez, euskara, euskaldunok eta Euskal Herria ezagutzera eta maitatzera. Seme-alabak euskaraz ederki ikasi ditek, guraso batzuk ere ari dituk ikasten. Hemengoa maitatu, berena ahaztu gabe eta berena bihotzean, itzulera gogoan eta helburu. Beraz, aurrera jaialdi horrekin, ezagutu ditzagun.
«Ez dugu Europan onar gaitzazuen nahi, gerra geldi dezazuen nahi dugu!» Bakoitza geure herrian gaudek ondo. Geurean geure bizimoduarekin, geure hizkuntza, kultura eta ohiturekin, geure familia, lagun eta herritarrekin; geurean libre!
Ondokoen beharra ere badiagu, noski, izan ekonomikoki, izan kulturalki, edota pertsona aberatsak izan nahi dugulako (aberats nortasunez, ez diruz), beste herri, gizarte, hizkuntza batzuk ere ezagutu nahi ditugulako, gustuko ditugulako.
Ez duk gaur goizeko aldarria, baina oraindik eskatzen ari garena: «Errefuxiatuek/iheslariek Euskadin bizi behar dute!» Bakoitzak bere aberrian, libre.
Laster hasiko dituk iristen beren herrietatik ihesi datozen iheslariak geurera. Ea nola datozen, ea nola hartzen ditugun.