Idiazabalgo talde batek bizitza aktibo eta osasungarria lortzeko programa batean parte hartuko du 100 egunez.
Iaz sortu zen dena, Arantxa Orbegozo Txitxi tolosarrak bere buruari jarritako erronka baten ondorioz. Kirol munduan ibilia gaztetatik, fisikoa ez da sekula aitzakia izan harentzat, baina amatasuna dela-eta 20 urtean margolari moduan aritu eta gero, bestelakoa bihurtu zen egoera. «Lehen 15 urteetan errentetatik bizi izan zela esaten du, baina gerora, gizentzen, baldartzen, nagiarekin… hasi zen, eta bere buruari esan zion hori ez zela posible», adierazi du Maider Mendizabalek, Orbegozoren bazkideak.
Urteak berritzeko 110 egun falta zitzaizkion, eta 100 eguneko plan bat diseinatu zuen bere buruarentzako Orbegozok. «Aldaketa handia sumatu zuen, sekulako emaitzak lortu zituen, eta pentsatu zuen beste jende batekin partekatu behar zuela, ea besteei zer gertatzen zitzaien». Iazko irailean bi talde jarri zituen martxan, Ibarran eta Altzon bana, eta horietako batean parte hartu zuen Mendizabalek berak.
«Arrakastatsua izan zen, jendeak jarritako helburuak bete zituen, batzuk gehiago besteak gutxiago, baina emaitzak denek izan zituzten. Erronkaren erdialdean esan zidan funtzionatu egiten zuela, eta elkarrekin hasteko proposatu zidan». Proiektuari «serio» heldu, koadernoak «era txukunago batean» editatu, eta aurtengo martxoan programa ezagutzeko lanari ekin zioten. Me reto 100 dias izena du programak, eta izen bereko webgunean eskura daiteke informazioa.
Kirola eta koadernoak
Harrezkero, ahoz ahokoak zazabaldu ditu programa honen nondik norakoak. Altzoko taldean aritu ziren bi alegiarren bitartez hiru talde osatu ziren Alegian, eta han ibilitako idiazabaldar baten ekimenez sortu da Idiazabalgoa. Joan den astelehenean heldu zion 100 eguneko erronkari 11-12 laguneko taldeak, eta ahalegin horretan arituko da abenduaren 23a arte. Astelehenetik ostiralera Guraso Elkartean bilduko dira ordubetez (20:00-21:00).
Bizitza aktibo eta osasungarri baten bitartez, norberaren onena lortzen laguntzen duen programa berritzailetzat definitzen dute egitasmoa sortzaileek. Idiazabalgo taldeak ariketa fisikoa egingo du 30-40 minutuz egunero, eta ondorengo denboran Bidaia koadernoa eta Elikadura koadernoa irakurriko dituzte. «Elikadurakoarekin baloratzen da norbera zenbat saiatu den egun horretan elikadura zaintzen, eta bidaiarenak egunero landu beharreko puntu bat jasotzen du, autocoaching antzeko bat». Hirugarrena Ariketa fisikoaren koadernoa da, eta aurrez aurreko erronka egiten dutenek asteburuetan erabiliko dute dagokion saioa egiteko.
Eskaintzak aukeran
Idiazabalgo taldean 20 urtetik hasi eta 50 urte baino gehiago dituzten pertsonak ari dira aurrez aurreko erronka egiten, emakumezkoak gehienak. «Fisikoki ondo jarri nahi dutelako datoz gehienak, ez da dena argaltzea. Arin eta energiaz beteta sentituko dira, hori %100ean lortuko dute . Beraien buruei hainbat gauza egiteko direla erakutsiko diete».
Aurrez aurreko 100 saioek 500 euroko kostua dute –hiru liburuak 50 euroan–, baina norberak etxean egiteko aukera ere badago, babesa on-line emanez. Jendea erakartzen dutenentzat deskontuak daude.