Beasaingo Indar enpresak 75 urte bete ditu. Motor eta alternadore elektrikoak ekoizten hasi zen, 1940an. Makina elektriko, itsasontzien motor, ponpa hidrauliko eta eoliko egile dihardu gaur egun, 784 langilerekin.
Beasainen sarreran, errepide bazterrean tailer txiki batean hasi zen Indarren ibilbidea, 1940an. Bost urterako lehen pabilioia eraiki zuten, geroago, Oria ibaiaren ezkerraldea eta gaina hartu zituen, Igartzabako burdinola zaharraren oinarrietan. Hirigintza presioak eta porrot ekonomikoak behartuta, orube hura saldu, eraikin zaharrak bota, eta N-1 autobidearen handikaldean sortu zuten Indar berria, 2000n.
Bost bazkidek eratu zuten, duela 75 urte, Construcciones Electromecanicas Indar: Luis, Jose eta Jesus Larrañaga anaia lazkaotarrek; eta Ramon eta Francisco Ormazabal gabiriarrek. Ormaiztegiko Onena motor elektrikoen enpresan lan eginak ziren, Joxe Mari Lasarenean, eta sektore berean ekin zioten, motor eta alternadore txikiak ekoizteari.
Motorretan hainbeste kobre sartu ondoren, diamantezko ezteietara heldu da Indar. Asteburu honetan ospatuko dute 75. urteurrena langileek, han ibilitakoek eta familiek.
Motorren merkatua berehala hartu zuen. Industria eta nekazaritza teknologikoki mekanizatzen ari zen olatua harrapatu zuen. Arrantzontzien argindar sorgailuak egiten ere hasi zen.
Benetako sona, 1950eko hamarkadan, elektrobonba urperagarriek eman zioten, ur aratza zein zikina punpatzeko.
400 langileraino hazi
Hogei urteren buruan, Goierriko enpresa garrantzitsuenetako bat bihurtu zen Indar. 1960ko hamarkadan 400 langileri ematen zien lana. 1980ko hamarraldiaren bukaerako industri krisiak, ordea, heriotzezko sastakada eman zion. Espainiako Estatuak merkatua irekitzeak, kanpoko lehiak eta ordura arteko berrikuntzarik ezak, besteak beste, noraezean utzi zuten, zorrek hartuta.
Berpizkundearen hasiera 1997an izan zen. Ingeteam Taldeko Ingelectric SA enpresa bizkaitarrak erosi zuen Indar —ordura arte bezero izana—. Langileria mantentzeko konpromisoa hartu zuen, eta teknologikoki berritzen hasi zen, baita ikerkuntza bultzatzen ere.
Hala, 2000ko urriaren 27an lantegi berria inauguratu zuten; lehengoarengandik oso hurbil espazioz, baina lan moldez eta berrikuntzaz mundu batera.
Kolpeak eta atzerakadak ere izan ditu, 75 urtean. Krisi ekonomiko industrialez gain, 1983an ETA pm-VIII adarrak Jose Kruz Larrañaga presidentea bahitu zuen. 11 egunez gatibu eduki zuten, eta erreskatea ordaindu ondoren, onik utzi zuten libre, Elgeta gainean. Orduko hedabideek zabaldu zutenez, 80 milioi pezeta ordaindu behar izan zuten.
Berriki, Indarren lantegi berriko pabilioi bat osoki kiskali zuen sute batek, 2008ko urtarrilaren 11ko gauean. «Talde lanaren kulturari eta Indarren espirituari esker, ohiko jardueraren %75 hiru egunean berreskuratzea lortu zen, eta urtean zehar ia guztia. Urte hartan 2.000 generadore eoliko ekoitzi genituen, eta makina elektrikoetan eta bonbetan 214 milioi euroko fakturazio errekorra», diote enpresako iturriek.
Gaur egun, sendo
Beste apustu bat 2009an egin zuten, lehengo lantokiaren ondoan 12.000 metroko koadroko pabilioia altxatu zuten, eolikoak egiteko. Arlo horrek ez du izan espero zen garapena. Baina bai toki berean kokatu zuten makina elektriko birakarien eta potentzia elektronikoaren laborategiak. «Proba konbinatu aurreratuak egin ditzakegu».
75. urteurrenera «sendo» iritsi da Indar, enpresak berak dioenez: «Balio erantsi handiko teknologia eta produktuak ditugu, nazioartean asko zabalduta gaude, negozioka antolatuta, eta multinazional handiekin lehian».
2015erako 147 milioi euroko negozio zenbakia du aurreikusita, ia dena (%90) Espainiatik kanpoko salmentekin ateratakoa. 784 langile ditu.
Negozioei dagokienez, sei atal maneiatzen ditu Indarrek: hidroelektrika, eolikoa, gasa eta baporea, geldikako energia, bonba eta motor urperagarriak, eta itsasgintzako zein meatzaritzako motorrak.
Langileek eta familiek ere ospatuko dute urteurrena
Ekitaldi instituzionala ostegunean egin zuen Indarrek, 75. urteurreneko ospakizunei hasiera emateko. Ostiralean langileen eguna izendatu dute, eta larunbatean familiena. 1940tik 2015era arteko bilakaera ikusteko, erakusketa ere jarri dute.
Ostiralean, langileek mus, toka eta igel txapelketak dituzte. Baita bazkari ofiziala ere. Bertsolariak, herri kirolak eta kontzertua izango dira, arratsaldean, lantegian.
Larunbatean, familiei irekiko diete enpresa. Haur jolasak, bazkaria, pailazoak eta disko-festa daude. 1940 inguruko hiru langile omenduko dituzte.
Indarren historiako mugarri batzuk (1940-2015)
1940. Sorrera, tailer batean Beasaingo Nafarroa 41.ean.
1945. Lehenengo pabilioia eraiki.
1955. Bonba hidraulikoen patentea lortu zuen.
1957-1959. Lantegia hazi. Langi- leentzat etxeak ere egin zituen.
1960. Herbehereetara esporta- tzen hasia zegoen, zerbait.
1975. Europara esportazioak hazi, ateak ireki ahala. Lehen krisia, papergintza eta arrantzagatik.
1982. 2.000 milioi pezetako sarrerak, 1981etik 420 gehiago.
1983. 427 langile zituen.
1983-11-7. ETApm-k Jose Kruz Larrañaga Indarren administrazio kontseiluko lehendakaria bahitu zuen, Beasaingo bere etxetik. Azaroaren 18ko lehen orduan utzi zuten libre, Elgetan.
1987. Krisi hasiera. 420 lanpostu erdira jaisteko politika hasi zuen.
1992. Ixteko zorian egon zen, zorrek gain hartuta.
1995. Porrot ekonomikoa.
1997. Ingelectric enpresak (Ingeteam) erosi zuen Indar.
2000-10-27. Lantegi berria inauguratu zuten, Altamirako Txara industrialdean: makina elektrikoen pabilioia (16.000 m2), bonba hidraulikoak (8.000) eta bulegoak (4.000) zituen. 47 milioi euro inbertitu zituzten. 300 bat langile zituen.
2002 apirila. Ingelectric-ek bi enpresatan bereizi zuen Indarren jarduna, «eolikoen negozioaren hazkuntza hobeto baliatzeko». Hidraulikako jarduera Indar Maquinas Hidraulicas enpresak hartu zuen (350 langile), eta ekipo elektrikoena Indar Maquinas Electricas-ek (100 langile). Biek Beasainen segiko zuten. Elektrikoen atalean urtea 42 milioi euroko fakturazioarekin ixtea aurreikusi zuten, eta hidraulikan 7,8 milioirekin.
2003-2006. Indar lantegi zaharra egon zen orubean, Igartzan, indusketa arkeologikoek emaitza garrantzitsuak eman zituzten, eta 1782ko burdinola berritu zuten.
2006. 80 milioi euro fakturatu zituen, eta 120 milioiko eskari-kartera zuen. 500 langile.
2007 uztaila. Eolikoen ekoiz- pena hirukoiztu zuen, Indarren lan osoaren %40 izateraino. Sorgailu hidraulikoen %80 espor- tatu(Turkia, Italia). Dragaontzien bonba urperagarriak egiten zituen bakanetakoa zen, munduan.
2008-1-11. Suak pabilioi bat erabat suntsitu zuen.
2008 maiatza. Potentzia Handiko Makina Elektrikoen Laborategia jartzea erabaki zuen Ingeteamek, ikerkuntzarako.
2009 azaroa. Lan erregulazio espedientea: 210 langileri lanaldi murrizpena. 773 langile zituen.
2010 martxoa. Bere historiako sorgailu elektriko handienak eraiki zituen, Italiarako.
2014. Itsasgintza sektorea sendotu, itsasontzien motoreak egiteko kontratu garrantzitsuak.
2015-3-13. Gipuzkoako enpresa onenaren saria eman zion Indarri Gipuzkoako Merkataritza Ganberak.