Mikel Alvarez
Taxistak Uberren aurka, Autobusak Bla Bla Car-en aurka, hotelak etxe-trukeen aurka eta orain, disketxea crowfundingaren aurka. Malgutasuna zein austeritatea eskatzen digute gobernu eta enpresa munduak baina badirudi, gainontzekoei eskatzen digutena ez dutela beraientzat nahi. Teknologiak mundua aldatu du eta horrek merkatu ereduak aldatzea ekarri du. Beraien ustez, etxe-truke bat egiten duenak egin izan ez balu, hotel bat hartuko luke eta hori, erabat okerra da. Musika edo zine munduak kalkulo berbera egin zuten eta denborak frogatu du mundu berria ezagutzen ez duenak eginiko hausnarketetatik atera zirela ondorio haiek. Urtean 100 pelikula pirata jaisteak ez du esan nahi pirateririk egongo ez balitz, zinera 100 aldiz joango nintzatekeenik. Eredu berria eraikitzen saiatu beharrean zaharrari heldu eta sorkuntzatik aldendu dute. Dirua ematen duena bakarrik ekoizten dute eta komertzialtasun negargarri horretatik kanpo mugitzen den sorkuntza autoekoizpenera bultzatu dute. Crowdfundinga da autoekoizpen mota berri honen adibiderik garbiena eta hara! Hortik etorri da azken hamarkadetako musika sorkuntza uholderik handiena. Disketxeek ordea, ez dute atsegin jendeak gustoko artisten diskak ekoiztea. Hori, intrusismoa omen da! Hau da, ez egin eta egiten ez utzi… gaztaz gainera?
Jon Artola
Teknologiak bultzaturiko paradigma aldaketak bai jauna, baina kasu ezberdinak aipatzen dituzulakoan nago Mikel!
Nik behintzat Uber eta AirBnB ‘intrusismoz’ salatzea ulergarria ikus dezaket esate baterako. Internet aurretik eraikitako lege markotik at dauden egoera ilunak sortzen dituzte eta aplikazio horiek. Zergarik ordaintzen ez dituzten taxi eta logela zerbitzuak diru-truk ematea adibidez…
Auto bidaia gastuak partekatzea eta logela edo etxebizitza elkartrukatzea ordea kontu %100 garbia da nire ustez. Eta kultura sortzeko crowdfundinga berriz, zer esanik ez!
Azken hau gainera XXI. mendeko ‘errifatzat’ hartuko nuke nik beste ezer baino gehiago. ‘Ez dut nire ideia aurrera eramateko dirurik eta jendeari sos batzuk eskatuko dizkiot’ planteamendu klasikoa, baina internetizatua. Banku edo ekoizle bati diru kantitate handi bat eskatzeak gainera kultur produktuaren jabetza zati bat saltzea ere ekarriko luke ziurrenik. Beraz, dirua zuzenean sortzaileari, bitartekaririk gabe eta askatasun handiagoa emanez. Non dago arazoa?
Gertatzen dena da, hori bai, errifekin bezalatxu azkenean ez ote duten gaitasun sozialek, proiektuaren kalitateak baino arrakasta handiagoa izaten.