Beasaingo Txolarte zentroan 80ko hamarkadatik dihardute adimen urritasuna duten pertsonei aisialdirako eskaintza zabala ematen. Lan horretarako, ordea, boluntarioen beharra dute, eta deialdia egin dute, taldea berrindartzeko.
Adimen urritasuna duten pertsonei asteburuetan aisialdirako ekintzak eskaintzea da Txolarte zentroen helburua. «Esperientzia berriak bizitzeko, ongi pasatzeko eta lagun berriak topatzeko aukera» ematen diela azaldu du Olatz Miranda, Beasaingo Txolarteko arduradunak. Horretarako, ordea, lan hori egiteko prest dauden boluntarioak behar dituzte, «taldea indartzeko». Aurten ere asteburuetako eskaintza hori martxan jartzeko asmoz, deialdi berri bat egin dute, jendea ekimen honetan parte hartzera animatu dadin.
Beasainen 80ko hamarkadan sortu zuten Txolarte taldea, Atzegi elkartearen babesean. Harrezkero, asteburuetan mota askotako irteerak eta ekintzak antolatu dituzte: parke eta museoetara txangoak, poteoa, afariak, zinema saioak, asteburu pasak edota kirol ekintzak, besteak beste.
Mirandak azaldu duenez, Atzegitik aisialdirako programa ezberdinak egiten dira, baina gurasoek, asteburuetako hutsunea nabaritzen zuten. Hortik sortu ziren Txolarte taldeak. Adimen urritasuna duen jendeari «asteburuetako lagun talde edo koadrilla bat» izateko aukera ematen dio. «Beraiek nahi dituzten ekintzak egiten dituzte, beraiek aukeratutakoak».
Boluntario izateko, ez da baldintza berezirik bete behar. 18 urte beteak izatea eta adimen urritasuna duten pertsonekiko «jarrera positiboa eta irekia» izatea, eta bere denbora eskaintzeko prest egotea da eskatzen duten bakarra. Normalean ekintza gehienak larunbat arratsaldetan izaten dira.
Izena emateko deia
Izena eman nahi duenak, Beasaingo Txolarte zentrora jo edo beraiekin harremanetan jarri behar du. Bi bide daude horretarako: 943 42 39 42 telefono zenbakira deititua edota olatzmiranda@gmail.com helbidera mezu bat bidalita. Txolartetik, «adminen urritasuna duten pertsonei aisialdiaz gozatzeko aukera eman eta esperientzia berri bat» bizitzeko aukera dela azaldu dute.