Abuztuko oporren ondorengo itzuleran, euskal gizartearen egoerak bere horretan dirauela antzematen dut. Pertsonen arteko harreman gorabeheratsuak eta bizikidetza duina kontrajarriak balira bezala.
Beste behin ere, beti azken-aurreko «ikasgaia» dirudien hau errepikatzera gatoz ikasturte hasi berrian: noiz gaindituko da aipatzen genuen bizikidetza horren baitan, baketze-prozesuaren geldialdia? Ezjakinenak ere badaki Espainiako Gobernuak polizia-operazioez ETAkoak atxilotzen, armategi-zuloak azaleratzen eta auskalo zein garaikur bereganatzen segituko duela abenduko hauteskundeak bitartean. Gehiago kostatzen da ulertzea, euren buruak abertzaletzat dituzten bi aldeak presoen eta biktimen inguruan elkarrekin zerbait gehiago egitera heltzerako pasatzen ari den denbora. Aieteko aukera lurruntzen doa…
ETAk bere aldetik, aldebakarreko iniziatibaz eman zituen pausoekin jarraitu beharra du, noski. Eta, behin betiko bukaera emateko zereginetan, Madrilgo Gobernuaren laguntzaren zain egotea alferrikakoa izango denez, euskal erakundeen artean EAEko Eusko Jaurlaritzaz gain, orain Nafarroako Gobernua ere hor izango du eta Iparraldeko hainbat hiri handietan ere ari dira mugitzen.
Eta azken puntu horretan egin nahi dut azpimarra oraingoan. «Euskal» erakunde horiek eta beste batzuek bere baitan dituzten herritarren etorkizun politikoa «erabakitzeko eskubidea» ez omen da existitzen. Hala diote estatuetako agintariek. Are larriagoa iruditu zait, ordea, ustez euskal komunitateko zati bat behinik bazirela uste nuen batzuk eman diguten lezioa, gure Iparra eta Hegoa zein diren adieraziz, “Tú al norte y yo al sur” telebista-programa sortuz ETBn.
Kataluniarrek, gainontzekooi aurre hartu eta, erabaki hori independentzia izan dadin nahi dutela adierazi dute pasa den iraileko 27ko hauteskundeetan. Kontua ez baita, ordea, lagunari kopiatuz ikasgaiak gainditzea, guk gure bidea egin behar dugu (Gure Esku Dago dinamikaren bidez, adibidez). Hori bai: Zorionak Katalunia! Guk hemen segitzen dugu, EAEn, Nafarroan eta Iparraldean zatituta ez ezik, EAEko Diputazio eta hirien arteko norgehiagoan. Tokitan dugu, Atxaga jauna, Euskal Hiria! Kataluniarren Bartzelona «hiria» guk zein dugun hemen eztabaidatzen hasi besterik ez dugu, «euskal» bera ere zeri dagokion ez dakitenen artean, bizikidetzan…
Aldiz, euren herritik alde egitea beste erabakirik hartu ezinik ihesi doazen milaka pertsona (gaur siriarrakak) ate joka doazen herrietako agintariek badute erabakitzeko eskubidea: errefuxiatu kopuruz gazta zatirik txikiena jasateko eztabaidatzen dute. Bidean bere kabuz hilko dira iheslari asko; eta beste asko, helmuga duten herrien «mugetan» ostiatuz ere hil ditzakete. Muga horien jabeek badute eta, horretarako eskubidea ere.