ETBko Gu ta gutarrak saioak laugarren denboraldia hasi berri du irailean. Orioko (Gipuzkoa) aterpetxe batean grabatzen dute programa, asteburuetan. Aurretik elkar ezagutzen ez zuten hamabi gazte elkartu, eta denboraldiaren amaieran «jatorrena» aukeratzea da programaren xedea. Horretarako, probak egiten dituzte, festak, elkarbizitza… Iaz hasi zen programa, eta Euskal Herriko gaztetxoen artean izugarrizko arrakasta lortu du.
Denboraldi honetan, bi goierritar daude partaideen artean, zein baino zein saltseroagoak. Eukene Goikoetxea segurarra eta Josu Rodrigez urretxuarra dira, moda zaletua bata, eta DJ-a bestea.
Eukene, moda zaletua
Goikoetxeak hemezortzi urte ditu, eta moda da bere zaletasun handiena. Hain zuzen ere, moda diseinua ikasi nahi du aurrerago. Lagunek animatuta aurkeztu zen kastingera: «Zirikatu egin ninduten, eta azkenean animatu egin nintzen». Uda amaieran esan zioten onartua izan zela, eta «sorpresaz» hartu zuen berria.
Josu, DJ-a baino gehiago
Ostiraletan platoan grabatzen dute programa; bi asteburutik behin, berriz, Orioko aterpetxean. «Hasieran platoan pixka bat agobiatzen nintzen, hainbeste kamerarekin», dio Goikoetxeak. Dagoeneko ohitu da, ordea, eta gainontzeko kideekin duen harremanarekin ere gustura dago. «Denok adin beretsukoak gara, eta ongi moldatzen gara».
Rodrigezek, bestalde, 25 urte ditu, eta apur bat ohituagoa dago aurpegi ezaguna izatera. Izan ere, DJ-a da, eta hainbat festatan izana da giroa sortzen. Aurreko denboraldiak gustatu, eta horregatik aurkeztu zuen bere burua. «Ezagutzen nauen jendeak esaten dit kanpoan bezalakoa naizela programan». Jaso omen ditu kritika batzuk ere, «txuloa» dela esanez. «Programak aurrera egin ahala ikusiko dute ez dela horrela».
Irabaztea zaila ikusten du Rodrigezek, baina kuadrilla jatorrenean ikusten du bere burua. «Eta espero dut programan egindako lagun batzuekin harremanetan jarraitzea aurrerantzean ere; oso talde txukuna da».