Azkaineren eta Goierriren artean ibili ohi da Lierni Elortza (Segura, 1965), aspaldian. Ordiziako feriara eta Segura Irratira asteazkenero joaten da —elkarrizketa aurreko asteazkenean egina da—. «Energia» jasotzen du batean, eta txikitatik ezagutzen duen irrati egarria asetzen du bestean. Euskalgintzan, bertsolaritzan, herrigintzan… lan egina da, eta ari da. Orain, Errementari jaiotetxea konpontzen ari da, Txomin senarrarekin batera.
Asteazkena da gaur. Egun betea izaten duzu, ezta?
Ordizian izaten naiz 07:30erako. Lagunekin gosaldu, feriako buelta egin, eta 10:30erako Segura aldera. Hitza-rako kronika aurreratu, eta urritik ekainera Bixi-Bixi-rekin hasiko naiz berriz. Gero, sortzen diren lanak kudeatu, profesionalak eta besteak. Bileraren bat ere sarri izaten da. Ilunbarrerako, etxera.
Azkainen bizi zara, Lapurdin. Benetan horren mundu bereiziak dira hego eta ipar Euskal Herriak?
Ez dakit, bada. Nik erraz uztartzen ditut. Ez zitzaidan batere kostatu hara ohitzea. Garbi daukadana da ni Euskal Herrian bizi naizela, hemen eta han. Arrotzak zaizkit bai espainiera, bai frantsesa. Nire munduan, zabaltze bat izan nuen Iparraldera joan nintzenean. Ikuspegia irekitzea izan zen, zenbait gauzatan. Baina diferentziarik ez; plazera gehiago.
Seguran jaioa, Legazpin bizi izana… Non ikasi zenuen?
Eskolan Seguran, eta institutuan Urretxun. Gero, magisteritza Eskoriatzan egin nuen, baina laster konturatu nintzen irakasle izatea ez zela niretzat egina. Ez nuen senti. Aldi berean, irratiko ateak zabal-zabalik izan nituen txiki-txikitatik, familia zela tarteko. Irratian saltseatzen, errosarioa errezatzen aritua… Hor sortu zen lanpostu bat, eta kultura munduan sartzeko bidea izan zen. Irratiak eraman nau kultura, hizkuntza eta mundu horren kudeaketan murgiltzera. Kultur baliabideen master bat egin nuen ESTEn, eta bide horretan jardun nahi genuela erakutsi zidan.
«Ez dut nire burua kazetaritzat. Titulu zabalago bat behar bada, kultur eragile esaterik badago?»
«Bidasoa beti hor dago, baina Orioko erreka gurutzatzen dugun bezain erraz pasatu behar da»
«Errotua sentitzen naiz iraganeko balio askorekin. Nahi ez bada,ez dago etenik»
Beraz, benetako atea irratian ireki zitzaizun?
Bai. Nire mundua hori bazela konturatu nintzen. Giza harremanek eta kulturak orokorrean sortzen duten jakin-mina eta irekitzen dizkizuten bideak jorratzea, nolabait. Gerora, jada borondatez eta nahiz egiten ditudan gauza pilo batera ere eraman nau bide horrek. Baina beti kulturan eta hizkuntzan sakonduz.
Orduan, zeure burua ez duzu kazetari bezala hartzen?
Ez dut nire burua kazetari izendapen horretan jartzen. Beharbada titulu ofizialik ez dudalako. Kazetaritza lanak egiten ditut, hori bai. Titulu zabalago bat beharko balitz, kultura eragile esaterik ba ote dago? Kultura saltseatzaile igual gehiago. Ofizialki, paperetan, gidoilari naiz.
Kultura saltsa horretan, bertsolaritza probatu zenuen lehenik?
Bai. Irratian elkarrizketak-eta egiten hasia nintzen, baina egun batean Mikel Mendizabalek deitu zidan, halako saioa zutela, halako lanak zeudela egiteko… Aurretik, magisteritzan, Xabier Amuriza izan genuen irakasle, eta bertso munduan begiak ireki zizkigun.
Bertsozale elkartean ere ibili zinen, txapelketa koordinatzen.
Lanbide profesionala izan zen Gipuzkoako elkartea. Lanku sortu zenean, lehen urtean ni kontratatu ninduten, propio abiatzeko lanerako. Utzi eta beste fase batera pasatu arren, hala ere beti segitu dut bertsolaritzarekin harremana izaten.
Aktore paperean ere ikusi izan zaitugu, Goierrin bertan.
Egia da. Eguzkilore eta Hazparneko anderea antzezlanetan. Hori ere zainetan eramaten den zerbait izango da. Txikitan, gauzak egin behar zirenean, nik pailazo paper bat egin nuen: Bruno pailazoa nintzen. Asko estimatu nuen momentu hori. Magisteritza garaian, txotxongilo talde bat sortu genuen, eta ni nintzen jende aurrera ateratzen zen amona xaharra. Antzerkiaren esperientzia ikaragarria izan da. Oso gustura ibili naiz, barnea mugitzen du.
Herrigintzan, Iparra-Hegoan ere zure aletxoa jartzen duzu.
Ia-ia nire bidean sortu den zerbait da. Txomin ere horrela ezagutu genuen, Seguran, Iparra-Hegoaren bueltan. Herrigintza dela esan liteke, zubiak aise pasatzeko. Zeren Bidasoa beti hor egongo da, baina Orioko erreka gurutzatzen dugun bezalaxe pasatu behar dugu, erraz-erraz.
Etnografia lanetan ere jardun zara, Isabel ahizparekin.
Urbiako artzainen ikerketa, bizia markatu zidan esperientzia izan zen. Ikaragarri polita. Zenbat ikasi genuen liburu horretatik… Segurako Aste Santua ere jaso genuen. Zintzilik gelditu zaidana antropologia ikasketetan gehixeago sakontzea da.
Baina hori astero egiten duzu Ordiziako plazan, ezta? Zerk erakartzen zaitu feriatik?
Feriarekin engantxatuta nago. Asko ematen du. Lagun giro handia dago, eta sustraiekin oso lotutako mundua. Lurretik abiatuta, oinarrizko printzipio naturalak oso errotuta dauzkate. Hori transmititzen dute. Asteroko topaketak ematen duen aberastasuna ere badago: bakoitzaren tristeziak, gabeziak eta pozak esateko konfiantza. Ferian denbora pasatzea niretzat bizi inbertsio bat da. Beti ateratzen zara zerbaiten esentziarekin. Hor jasotzen dudan energia gustatzen zait.
Galtzear diren balio, ohitura edo tradizioak berreskuratzearen zale zara, ezta?
Bai, agian hori da. Errotua sentitzen naiz, balore horiek nigan ikaragarrizko indarra daukate. Ez dugu horretan gelditu behar, baina justu horiek ondo errotuta edukita, aurrera begira ere mundua askoz zabalago ikusten da. Nahi ez bada, ez dago etenik. Ez dut esaten dena gustuko dudanik; tradizio batzuk aldatu behar dira. Zaharra eta tradizionala ez da dena ona. Baina nik on sentitzen dudana, saiatzen naiz aurrerantz ere bide izan dadin. Jendeak orain badu berriz jakin-mina.