Ricardo Mediavilla legazpiarra da Gipuzkoa osoan forjatze lanbideari eusten dion bakarra. Artisau eran lantzen du burdina. Ofizioa erakusteko prest dago.
Gipuzkoa osoan artisau forjaketan lan egiten duen bakarrak Legazpikoa izan behar zuen, nola ez. Izan ere, herri honek beti izan du lotura estua burdinarekin: burdinolak eta haizeolak garai batean, Patrizio Etxeberriaren lantegia geroago…
Hain zuzen ere, lantegi horretan bertan ikasi zuen burdina lantzen Ricardo Mediavillak. Palentziako Boadilla del Camino herrian 1958an jaioa, urte bete zuenean ekarri zuten Legazpira, aita, Ricardo izenekoa bera ere eta errementaria lanbidez, Patrizionean forjan lan egitera etorri zenean. Haren ondoan jarri zen semea errementari-mutil gisa 14 urte eskasekin. Aitak erakutsi zizkion forjaren sekretuak.
XVIII. mendera bidaia
Ricardo semeak Azpikoetxe auzoan duen lantegira sartzea XVIII. mendera bidaia egitea da. Artisau forjaketan ez da eboluziorik izan, eta duela mende batzuk lan egiten zen bezala lantzen da burdina orain ere, eskuz gehiena. Sutegian ikatz mineralarekin burdin totxoa berotu, kurrikarekin pieza hartu eta gabiaren lekura eraman, haren kolpeekin luzatu eta forma eman, ingudearen gainean mailuarekin moztu… Lan tresna batzuk, ordea, mekanikoak dira gaur, gabia, esaterako, eta baita sutegian sua piztu eta gori mantentzeko haizagailua ere, garai bateko hauspoaren ordezkoa hau.
Lantegiak 23ren bat urte ditu. Patrizionean 80ko hamarkadako krisialdiak eraginda itxi zuten errementari tailerrean –berak lan egiten zuen tailerrean– baztertuta geratu ziren makinak eta tresnak erosita muntatu zuen. Sutegi, gabi, kurrika, mailu eta ingudearekin batera, zizaila, prentsa, esmerila edo guraizeek osatzen dute paisaia. Baita ikatzak ere, eta nola ez, burdin totxoak eta zatiak, tailer osotik sakabanatuta.
Kurrikak nagusi
F114 deritzan materiala erabiltzen du gehien bat Mediavillak. Altzairuztatutako burdina. Aproposena bere produkzioaren gehiengorako. Kurrikak egiten ditu batez ere. Garai bateko Patrizio Etxeberria lantegitik datozen GSB eta Bellota Herramientas fabriketarako bereziki. Baita metalaren sektoreko beste lantegi batzuetarako ere. Izan ere, gaurko fabrika hauetan, dena edo ia guztia mekanizatuta badute ere, oraindik eskuz egindako kurrikak erabiltzen dituzte, produzitzen duten pieza mota bakoitzerako neurrira egindakoak.
Ez dira kurrikak, ordea, Mediavillak egiten dituen bakarrak. Zaharberritzeak ere egiten ditu: ateetako eta leihoetako burdinderia (Beasaingo Igartza jauregikoak berak egindakoak dira), aldabak, balkoi eta leihoetako barrak, altzariak…
Orain proiektu berezi bat du eskuartean: Albaola elkartea eraikitzen ari den San Juan itsasontziarentzako iltzeak, jatorrizkoak bezalakoak.
Ofizioa erakusteko prest
Tailerreko lana afizioa da Mediavillarentzat. Ogibidea, metalaren arloko enpresa handi batean du. Urte batzuk falta zaizkio jubilatzeko, eta ondoko lokaleko Juan Mari Burguera eskultorearekin batera planak egiten hasia da ordurako.
Baina jubilatu aurretik ofizioa erakutsi nahiko lioke jendeari Mediavillak, desagertu ez dadin. Bere afizio hori ogibide izan daitekeelakoan dago. Konpentzia handiegirik ez luke izango, ez Gipuzkoan behintzat.