Geografia eta historia eskolak ematen ditu Marian Segoviak (Beasain, 1963) Goierri garaiko Helduen Hezkuntza Iraunkorreko (HHI) ikastetxe publiko eta doakoan. Irakasle izateaz gain, zentroko zuzendaria da. Bi egoitza dituzte; bata Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko hirugarren solairuan eta bestea Legazpiko Itxaropen auzoan. Aurten 330 lagunek egin dute matrikula. Urtarrilean berriz irekiko dute izena mateko epea.
Helduen hezkuntzako zentroak ezagutzen al ditugu?
Ez. Hor gaudela badakite baina hemen zer egiten dugun ez.
Eta zer da egiten duzuena?
Hezkuntza arautua eta ez arautua eskaintzen dugu hezkuntza sistema publikoaren eta doanekoaren barruan.
Arautuaren barruan zeintzuk dira hemen egin daitezkeen ikasketak?
Arautua DBHko titulua ateratzera bideratua dago. Lehenengo gradua eskolatu gabeko ikasleak hezkuntza sisteman sartzeko egiten da. Bigarren gradua lehen hezkuntzarekin bat dator. Hirugarren gradua DBHko titulua eskuratzeko egiten dute ikasleek; titulu hori hemen, zentroan bertan, lortu daiteke.
Eta zein da eskaintza ez-arautuan?
Euskara, ingelesa, frantsesa eta sarbidea eskaintzen ditugu. Sarbidea goi mailako graduetara sartzeko bidea da. Lanbide heziketako goi zikloetan sartzeko azterketa bat egin behar dute eta guk froga hori prestatzen laguntzen diegu ikasgai komunak emanda: matematika, gaztelania eta halakoak.
Ikasleen soslaia oso ezberdina izango da. Aletuko zenuke?
Institutuetan DBHko tituluak atera ez dituzten ikasle gazteak ditugu, 18 urtetik gorakoak. Bestetik, beren bizitzako uneren batean ikasketak utzi, eta orain berreskuratu dituzten 20 eta 30 urte inguruko ikasleak daude; langabezian daudenak edo lanean gutxieneko titulazioa eskatu, eta lortzera guregana datozenak. Atzerritarrak ditugu, euskara edo gaztelania jakin gabe iristen direnak eta hona hizkuntzak ikastera datozenak; behin ikasita hezkuntza arautura bideratzen ditugu. Profesionalak ere etortzen dira, ingelesa edo frantsesa ikasi nahi dute baina erritmo lasaian; tartean, jubilaturen bat ere badator.
Horien artean emakumezko asko al dago?
Hezkuntza ez arautuan gehienak emakumezkoak dira. Sarbidean eta hezkuntza arautuan andrazkoak erdiak dira; atzerritarren artean gutxiengoa dira.
Horrenbestez, zuen ikasle gehienak benetan ikasi nahi dutelako iritsi dira helduen hezkuntza zentrora, ezta?
Bai, ez daude behartuta. Derrigorrezko hezkuntza 16urtera artekoa da. Egia esateko, badaude Lanbidek gurera bidaltzen dituen ikasleak eta horiek, akaso, behartuago etortzen dira.
Irakasleek ikasi nahi duen ikaslearekin hobeto egiten al duzue lan?
Bai, nabaritzen da. Gurasoek presionatuta etortzen diren ikasleak egon badaude, hala ere, hemengoak ez dauka institutu baten panoramarekin zerikusirik.
Profesionalki lanean jarraitzeko gogoa piztuko zaizu, ezta?
Batek baino gehiagok arazoak ditu eta nork bere ikasgaian ahaleginak egin behar ditu ikasleak harrapatzeko. Nire kasuan, historia eta geografia ematen ditut eta eztabaida politak sortzen dira. helduak dira eta zentzu kritikoa agertzen dute. Heldutasun horrek lotsa eta beldurra gehitzen die hasi berritan. Edonola ere, izena eman eta etortzeko urratsa ematen dutenean pozik sentitzen dira, areago amaitzen dutenean.
Izan ere, aurretik hezkuntza sistematik pasatu direnean askok eta askok porrota sentitu dute; horregatik autoestimu urria dute ikasketei dagokienez. Ikustekoa da nola iristen diren eta nola ateratzen diren hemendik. «Ez nuen uste lortuko nuenik», esaten digute lortu dutenean. Hori, irakasleontzat, lanean jarraitzeko akuilurik indartsuena da.
Orduan, ikasketen beste aurpegi bat ikusten al dute hemen?
Bai, jakin-mina pizten diegu eta zentzu kritikoa suspertu ere bai. Aurretik, hezkuntzari dagokionez, zirrikitu gisa ikusi duten hori leiho gisa zabaltzen diegu. Hori da, hain zuzen, gure lana.
Zuen geletan horrenbesteko aniztasuna egonda, nola uztartzen dituzue soslai horiek guztiak?
Klaseen metodologia moldatzen dugu. Etengabean prestakuntza jasotzen ari gara gure hezkuntza zentroen ezaugarrietara egokitzeko.
Beste eskoletan bezala hemen ere ikasgeletatik kanpo aterako zarete, ezta?
Gure arteko harremanak oso aberasgarriak dira eta ez dira ikasgeletara mugatzen. Irteerak egiten ditugu, bazkariren bat edo beste… Orain ikasturte berriaren programa antolatzen ari gara.