Kontseiluak ‘Euskaragileak’ sarea sortu du, euskaraz lan egin «nahi» duten enpresen ahalegina, bitartekaritza eta aukera indartzeko. Goierrikoak bi sartu dira, momentuz: Ordiziako Orkli eta Ormaiztegiko Irizar kooperatibak.
Hizkuntzak tresnak direla esan ohi da. Bitartekoak, komunikatu nahi dena esateko edo jasotzeko kodea. Besterik sartzen da, ordea, erabili beharreko hizkuntza aukeratzeko unean: politika, prestigioa, aurrejuzkuak, ezjakintasunak, lotsak edo harrotasunak. Euskarak lan munduan duen iluntasuna argitzen laguntze aldera, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskaragileak egitasmoa abiarazu du. «Euskaraz lan egin nahi duten enpresen sarea» da.
Kooperatiben artean aurkitu dute babesa, hasiera honetan. Sorburua 2013ko Lan mundua euskalduntzeko konferentzian du egitasmoak. Batzordea iazko irailean eratu zuten, eta harrezkero 13 enpresak bat egin dute. Goierrikoak bi dira: Irizar (Ormaiztegi) eta Orkli (Ordizia). Tartean da Mondragon Korporazioa ere.
Ideia, sinplea bezain samurra da. Baina, beste arlo askotan gertatu ohi den bezala, natural garatzeko zailtasun ikaragarriak dituena: euskaraz saldu, erosi eta lan egin.
Euskaragileak proiektuan dauden kooperatibak ez dira euskararen lan munduko betebeharretan hasiberriak. Euskara plangintzak dituzte askok eta askok. Goierriko bi ordezkarien kasuan bezala, gainera, euskara batzordeak ere finkatuta dituzte enpresaren organigraman.
Helburuak, urtekakoak
Kontseiluak bultzatutako egitasmoak enpresaren helburuekin bat egiten zuelako erabaki zuen Orklik Euskaragilean sartzea. «Guk urtez urte definitzen ditugu helburuak eta ekintza-plana, eta egunerokoan horiek lantzen saiatzen gara», azaldu du Orkliko Euskara Batzordeko kide Andoni Zubeldiak.
Talde horretan aritzeak, bi norabidetan irekitzen ditu bideak, gutxienez. Batetik, kideen arteko «sinergiak» bultzatzen ditu. Helburuak markatuta eta egitekoen jakitun, beraien artean euskaraz aritzea besterik ez delako geratzen orduan. «Indar metaketa hori aprobetxatuz edo arazo komunei irtenbide bateratuak aurkituz, adibidez».
Bestetik, Euskaragileen sortzaile diren kideek «eragile eta eredugarri» izatearen zama ere hartu dute bizkarrean. «Horiexek dira, hain zuzen ere, egunerokoan ditugunez gain hartu ditugun konpromisoak», dio Orkliko ordezkariak.
Lan mundua euskalduntzeko prozesuetan, eragile estrategiko modura lau sektore zehaztu zituzten, duela bi urte: enpresak, langileak, bezeroak eta administrazioa. Euskalgintzak ere parte hartzen du, aholkularitza edota euskarri teknikoa eskainiz. Orain arte, enpresa barruko langileei bideratuta, euskara indartzeko neurriak hartuak dituzte. Bereziki, hornitzaile eta enpresa laguntzaileen sarean eragin nahi dute, orain.
«Orklin zehaztuta dugu Euskal Herriko hornitzaile, bezero eta administrazioarekin ditugun harremanak euskaraz edo bi hizkuntzatan izango ditugula. Aurten, hornitzaileekin ditugun harremanak lantzen ari gara», dio Zubeldiak.
Ingudea, Goierriko sarea
Ez zereginean, ez funtzionamenduan, Euskaragilearen jarduna ez zaie arrotza Goierriko enpresei. Ingudea taldea badago lehendik ere, Goierriko enpresen euskara batzordea.
2011n sortu zuten Ingudea, «enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko pausoak» emateko. Bi hilero elkartzen dira kide diren lantegietako ordezkariak. Batzordeko kide honako enpresak dira, gaur egun: Ampo, Arri, CAF, Ederfil Becker, Eredu, Estanda, Ezarri, Goieki, Goilaser, Hertell, Irizar, Montte eta Orkli.
Hain zuzen, 2015erako jarrita daukaten helburuak Euskaragilearekin bat egiten du: hornitzaileekin gaia lantzea. «Euskaragilearen batzordean bildu garen enpresek erabaki dugu, urrats garrantzitsua izan daitekeela gure hornitzaile nagusiei zerbitzua euskaraz jaso nahi dugula eskaera bidaltzea», azaldu du Euskaragilearen bozeramaile Leire Okarantzak.
Hornitzaileengan eragin nahi dute. «Hornitzaile komunekin prozesu bat hasiko dugu, zerbitzua euskaraz jaso dezagun eurek ere konpromisoak hartu eta urratsak egin ditzaten».
Aukera badago
Euskaraz egiteko «aukera badago», azaldu dute Orklitik; «baliabideak dauden adinean. Hala ere, hizkuntza aukeratzea norberaren erabakia da. Eta hori da lanik zailena: orain arte izan ditugun hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretarako, ezinbestekoa da euskararen beharra sortzea eta langileak kontzientziatzea eta motibatzea», dio Orkliko Zubeldiak.
Oraingoz, hornitzaileak identifikatzen eta harremanak aztertzen ari dira. Tresnak badaude, produktua ekoizteko.