Urruti geratzen zaigu uztailaren 2an, Irrintzi Dantza Taldeko emakumeek, Ama Birjinaren aurrean dantzatu zuteneko une hura, edo irailaren 8koan, dantza-talde berak Hondarribiko Jaizkibeleko konpainia mistoaren eskutik Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria emandako momentua. Esanahi handiko sari berezia, aurrekari garrantzitsua berdintasunaren historian, keinuz keinu, hezibidean, euskal gizartean ere guztion artean urratzen ari garen bideska estua. Zorionak, Irrintzi, hemendik.
Urretxuko festetan banatu zuten “Beldur Barik” jarreraren liburuskari begira nagokio eta honakoa dio: «Ez ahaztu emakumeak beldurrean hezi gaituztela; kontuz zer egiten duzun, zer esaten duzun, norekin zoazen…» hauxe egia bada ere, esango nuke gaurko gizartea zein gizartean gertatutako egoera anitzak, genero-indarkeria tarteko, emakumeen kasuan bakarrik ez, orokorrean, beldurrean eraikitako gizarte baten isla zuzena dela, alegia, izaten ahaztea erakusteaz gain, txikitatik hasiz, gizaki bakoitzaren talentuetan sakontzeko gutxi erakusten duen gizartea.
Argi dago berdinak izateko jarrera samurra, hurbila izan behar dugula, hau da, uneoro, txikitatik, haurrekin bat egiten emango duena, gurasoek haurrekin denbora urria egonda ere, hauekin benetakoak izanez, hartu-eman zintzoan oinarritutako erlazioa. Benetako jarrera samurra izateak zer dakar? Gure emozioak begiratzea, gure presaren zurrunbiloan izanda, bizi ditugun egoera oro, barruz nola egiten ditugun aztertzea, ez besteari errua leporatzeko, gurean zer dagoen ikertzeko, baizik. Inor samindu edo baztertu nahi denean zergatik gertatzen den arakatuz, zertarako halako jokabide zakarrik, posesibotasunaren oinarria zein den ikusiz, ego-an oin hartutako jarrerok zergatik gailentzen diren analizatuz, arazoak baztertu beharrean aztertuz, erasotzaile eta erasotu bihurtzen gaituzten beldur horien aztarna aurkituz, behatzen dugun, irudikatzen dugun edo bere horretan den errealitatea ikuskatuz.
Ingurua ikusiz, izana ez landuta, heziketa baino gizakiaren izana irentzeko, iraintzeko heziketa erakusten dugu jokabide askorekin. Elkarren arteko ulermena ez eta ego-aren ormak altxatzen ditugunean, mamu bat sortzen dugu, dugu diot eta baita dut esan beharko genuke, ez baikara, maiz, arazoaren erantzule egiten, baina garbi izan behar dugu maitasuna edo ezikusia eskainiko dutenak gu garela, gizateria zabal horretako hari bakoitza garelako, sare bereko hariak.
Gizaki askok ez du aurkitzen bere egiazko izana, ezta benetakoa izaten uzten dion dohaia ere, txikitatik egin beharreko ariketa da hau, dohai horrek benetan zinezkoa izaten laguntzen baitio gizakiari, erreferente bihurtuz besteen aurrean, inork bera ez baztertzeko. Hargatik, zer eta nor garen, zer izan nahi dugun txikitatik, benetan, ikasi behar dugu, beldurrean oinarrituriko giro zabarra saihesteko, konfidantzazko giroa eta ulermena sustatzeko, pertsona bakoitzaren balioa ernatzen joateko. Ez duzu uste barruz ernaturiko gizakiak baino, ernegatzen dutenak daudela gehiago?
Uste dut gutxi ulertutako gizakiez gain, Biziaren premiazko kezken inguruan gutxi sakontzen duenik dagoela, bihozberatasunean aritu baino, gogorkeriaren kulturan oinarritzen direnak. Animaliek ondo dakite izaten, guk, konszientzia izanda ere, izaten ikasi behar. Naturan asko ikasten da, naturalak izateko bihozberatasuna loratzen da, han badago armoniarik, berdintasunik, ez da eredu ederra ikasteko? Sentitu, bizi eta bat egin harekin. Ondoren, ez ahaztu, hango baretasuna, bihozberatasuna egoki gizarteratzen, bizidunok somatuko dugu bizi hori zugan, zure jarrera desberdina izango da gurekiko, ziur naiz. Jaso, aurretik, eskerrak eta besarkadarik handiena.