Idoia Luzuriaga
Argazkia irailean ikusi nuen lehen aldiz eta egunkari, sare sozial eta beste euskarriren batean berriro ikusi dut ordundik hona. Bertan jende multzo handi bat ageri da (gero jakin dudanez Black Mass pelikularen aktoreak begiratzen ari dira); denek dute haien eskuetan telefono mobila eta harekin argazkiak ateratzen ari dira guztiak. Denek, amona batek izan ezik. Amona honek irribarre bat du ahoan eta gustora ari da ikuskizunaz gozatzen, besterik gabe. Gainontzekoak bere mugikorretan irudia gordetzearen ardura dute aurpegian eta ez dakit noraino ari diren momentua bizitzen. Ikusi al duzu argazkia, Tere? NIri oso esanguratsua iruditu zitzaidan, aspaldi txundituta naukalako joera honek, hau da, edozein ikuskizun, mugikorraren pantailaren atzetik ikusteko joera, grabatzen edo argazkiak ateratzen ari garelako. Hala gertatu zitzaidan azkeneko kontzertuan. Musikariak eszenatokira irten eta hortxe agertu ziren ez dakit zenbat mugikorren argiak. Gero eta ohikoagoak diren egoera hauek deseroso sentiarazten naute inoren «argazkia»-n bururik edo muturrik sartu nahi ez dudalako eta azkenean nola mugitu ere ez dakidalako. Eta gainera ez dut ulertzen zein den horren helburua; dena telefonoarekin grabatzea alegia. Lagunei bertan egon garela erakustea? Ikuskizunaren grabazio tamalgarri bat gordetzea noizean behin berrikusteko? Artxibo historikoa osatzea? Amonarekin identifikatuta sentitu naiz erabat, gertatzen ari dena ikusi, gozatu eta beste helbururik gabeko gaitasun soilarekin, alegia.
Tere Madinabeitia
Ni ere nazkatuta nago zuk aipatzen duzun fenomemo horrekin, Idoia. Hainbeste bideo eta argazki! Aspaldian bete betea daukat telefonoko galeria whatsapp-etik iritsitako zabor guztiarekin. Denborarik ere ez dit ematen bidaltzen didaten guztia ikusteko. Ezta ezabatzeko ere! Bideo eta argazki batzuk ikusgarriak-farregarriak-pornografikoak-xarmangarriak-aspergarriak dira, beste batzuk, ordea, zuk esaten duzun horietakoak: non eta nola ibili diren-garen erakusten dutenak. Gure kuadrillan, oporretan norgehiagoka egon da, ea zeinek bidaltzen zuen hondartza handienaren eta politenaren argazkia. Okerrena, ordea, jan kontuekin izan dugu. Hoteletako buffetetan ateratako argazkiak ere izan ditugu tartean-eta. Baina, zer moda da hori, jatetxean, elkartean edo etxean jaten duten-dugun horren argazkia bidaltzearena? Niri bost axola besteek zer jaten duten!
Baina soka luzea duen gaia da hau Idoia, gastronomiak edo jan kontuek azkenaldian hartu duten indarrarena. Ez al gara gehiegi goratzen ari eguneroko behar hori, hau da, jatearena? Telebista, irratia, aldizkariak, liburuak, jardunaldiak, unibertsitatea bera ere… Gaztelaniaz bada esaera bat, hasta en la sopa, oso ondo adierazten duena gure bizitzetan gastronomiak zenbaterainoko presentzia duen. Dena den, gauza on bat ikusten diot honi guztiari: orain neska-mutikoek sukaldariak izan nahi dute handitan, futbolari eta modeloen kaltetan. Eredu aldaketa eragin du, eta ez dago gaizki.