Tere Irastortzak (Zaldibia, 1961) Mundua betetzen zenuten poesia liburua aurkeztu berri du Pamiela argitaletxearen zigiluarekin. Honezkero, hamar bat lan zenbatu ahal dira 19 urterekin lehenengo poemak argitara eman zituenetik. Beasaingo Andramendi ikastolan egin du elkarrizketarako hitzordua, ikastola bere lantokia da, zuzendari lanak egiten ditu bertan.
Heriotza al da ‘Mundua betetzen zenuten’ ehuntzen duen haria?
Lehenengo eta behin esan nahiko nuke poema liburu bat dela. Poesia baino errazago laburtu daitezke narratiba edo antzerkia. Pertsonaia batzuk daude, hasiera bat, korapiloa, amaiera… Poema bat ezin da laburtu. Oihenartek XVII. mendean esanda utzi zuen bezala, euskaraz olerkiak hitz neurtuak ere badira . Hitz jakin batzuen bueltan egiten den harilkatze lana da, laburtzea edo beste hitz batzuetan ematea zaila da.
Poesiari buruz baino, gaiari buruz jarduten gara. Hori dela eta, liburua kaleratu aurretik ariketa bat egin dut; zintzoagoa da heriotzaren gaia modu ezberdinetan tratatzen dela esatea.
Ez da gai samurra, baina aldi berean poesiatik betidanik heldu zaio.
Arrazoi askogatik tabua da. Heriotza latzenei buruzko hiperkontakizuna dago eta heriotza naturala bazter geratzen da, beharbada, erlijioak ez daukalako lehen beste indarrik edo edertasunari kultua diogulako. Edozein kasutan, tabua da eta tabu izaera horrek zalantza asko sortu dizkit. Idaztea gauza bat baita eta argitaratzea beste bat.
Argitaratzeko zalantza horiek azalduko zenituzke?
Heriotzari buruz nik hau esan dezaket, baina ba al naiz nor heriotzari buruz hitz egiteko? Jose Anjel Irigarairekin [Pamielako editorea da] solasaldi luzeak izan ditut. Berak sinistu arazi dit argitaratu behar nuela. Asko irakurri dut bidean eta itzulpen lana ere egin dut. Bide horretan distantzia hartu dut. Eta, besteena irakurtzea kalterik egin ez badit, nireak ez dauka zertan inori kalte egin beharrik.
Idazlea irakurlea al da?
Literaturak betetzen nau. Indarra ematen dit bizitzeko eta irakurle izan horrek argitaratzeko indarra ere ematen dit. Jakina, ez gure inguruko heriotzak bereziak direlako, idazle naizenez hitzak bilatzeko baliabidea daukadalako baizik.
Liburuan zure ahots propioa duzula agerian dagoela esan du Irigaraik. Nolakoa da ahots hori?
Naturaltasunetik eta sosegutik dator. Etengabean elkarrizketa batean nagoela esango nuke, gizakiok hala barrura nola kanpora beti elkarrizketan gaude. Horrek halako tonua eman dit; batzuetan noka, beste batzuetan pluralaren hirugarren pertsonan. Pertsona bat hiltzen denean ez da bakar batentzat hiltzen, besteen sentipenekin bat egiteak indartzen zaitu.
Atalak baditu, ezta?
Nire poema liburua pertsona bat hiltzen denean hasten da eta amaitzen da ni ere hilko naizen jakitun, eta nik ere nire bizia norbaiti utziko diodanaren kontzientzia hartzen dudanean. Hasierako poemak heriotzaren astindutik datoz. Sentipenak jantziak bezalakoak dira, hainbat daude eta janzten duzun arte ez dakizu nola egokituko zaizun. Arrazoiak ere badu zeresana eta inportantea da bidea ematea, nik zenbakiak baliatu ditut poema liburu honetan, zenbakien grafiari ere erreparatu diot.
Irakurtzen al da poesia?
Gero eta gehiago, Idazle Eskolan ikusten dut. Poesiak ez du bere tokia galdu gure gizartean.