Martina Irizar, Igartzako errotako azken errotaria, Beasaingo historiaren museo bizia da.
Martina Irizar (Beasain, 1933) Beasaingo historiaren zati garrantzitsua da, Igartzako errotako azken errotaria izan baita. Irailaren 26an, Mutur Beltz egunean, herriaren omenaldia jaso zuen.
Aitona Migel Irizar Lazkaoko Errotaunditik joan zen Beasaingo errotara. Martinaren aitak ere aitonaren martxarekin jarraitu zuen, eta Martina eta anaia-arrebek ere bai. Martinak etxean izan du eskola. Batez ere garagarrarekin egiten zuten irina. Gainerako irina, gariarena eta artoarena, ehotuta ekartzen zuten.
Etxerako ogia larunbatetan egiten zuten: «Aste osorako ogia egiten genuen. Ogi handiak izaten ziren. Gogorra egongo zen baina hala jaten genuen», dio irribarrez. Legami naturalarekin egiten zuten ogia. «Mamitsuagoak ziren, trinkoagoak eta denboran gehiago irauten zuen». Gaur egungo ogia belakia edo esponja bezalakoa dela dio. «Onak ere badaude, txia hazia pekatua da», aitortu du.
Tresneria zaindu
Tresneria ere zaindu behar izaten zen. «Errota azpian turtukiak daude eta haiek askotan kateatu egiten ziren». Aldaparoa ere garbitu behar izaten zuten. «Urtero bizpahiru aldiz garbitu behar izaten zen. Garai hartan gainera, ur zikina zegoen, dena botatzen zen errekara».
Furgoneta eta gerraostea
Aita sormen handiko gizona zuen Martinak. 1929an furgoneta erosi zuen. Aurretik idiekin joaten zen Nafarroara pentsu eta irin bila. Bi furgoneta besterik ez zeuden Beasainen eta aitari denetik egitea egokitzen omen zitzaion, baita hildakoak garraiatzea ere.
Gerra ondorena gogorra izan zen errotarientzat ere. 1952ra arte arrazionamendua egon eta errotak ere mugatuta edukiko zuten beraien lana. «Fiskalekoak etortzen ziren eta ehotzen harrapatuz gero prezintatu egiten zuten errota. Disgusto handiak izan genituen. Askotan eraman genuen Usategi baserrira ogia eta irina ezkutatzera. Guardia zibil batzuk ez ikusiarena egiten zuten baina bazegoen El Japones delako gaizto bat. 1952ko maiatzan utzi zuten libre ogia egiten».
Ogi partiketan ibiltzen ziren Beasaingo auzoetan. Ostiraletan Mandubiara eta Astigarretara joaten ziren; larunbatetan, Arriarana eta Garina. 1975ean ogi industrializatua egiten hasi zenez, erroten gainbehera hasi zen. Anaia Pagosara joan zen lanera eta Martina bakarrik geratu zen errotaren martxarekin. 1982ko urrian, presa kendu zutenean ehotu zuten azkenekoz irina Igartzako errotan.