Daniel Aranguren Etxeberria goierritar jatorriko kubatarra Legazpin izan da bisitan. Aita zena lehen alkate abertzalea izan zen, Errepublikan. Gerragatik ihes egin behar izan zuen, Kubara. Oroimena tarteko, loturak ez dituzte eten.
Aukera daukan segundo bat ere ez du galtzen Daniel Aranguren Etxeberriak Legazpi aldeko mendiei begiratu gabe. Erraizabal baserriaren atarian, lehengusuez inguratuta, haren aita zenak lehenengo aldiz ikusitako parajeak dira. Duela 80 urteko gertakarien ondorioz, ia 8.000 kilometrok eta bizialdi oso batek bereizten dute bera.
Bost senideen izenean, Daniel Aranguren Mendizabal aitaren ohoreak jaso ditu kubatarrak Goierrin. Bai instituzionala —Legazpiko Udalak harrera egin zion urriaren 14an—, bai familiartekoa ere. Legazpiko eta Mutiloako jatorria dauka.
«Guraso euskaldunen semea naiz», hasi da kontatzen Daniel Aranguren Etxeberria. Aita, Erraizabalen jaioa eta izen berdinekoa, Legazpiko alkate izan zen Errepublikako lehen bi urteetan, 1931tik 1933ra. Ama, Emilia Etxeberria, mutiloarra zuen.
1936an ihes egin behar izan zuen Aranguren aitak, gerragatik, alkate abertzale izana zelako. Donibane Lohizunera lehenbizi, eta Kubara gero. Han anaia bat bizi zuen, Pedro Aranguren fraide frantziskotarra, misioetara joana —Arantzazuko goardian izan zen gero—. Amak 1940an lortu zuen Euskal Herritik irtetea, Libe alabarekin. Beste lau seme-alaba izan zituzten gero, Kuban.
Isiltasunetik trumoira
«Gu argentinarrak, venezuelarrak edo mexikarrak izan gintezkeen», dio Arangurenek. Osaba fraidea Kuban egoteak erabaki zuen, ordea, errefuxiatuen destinoa. «Aita Legazpitik larri irten zen, bizitza jokatuz. Une egokian alde egin zuen. Kuban bizi izan zen 1981 arte. Etxera 1950ean itzuli ahal izan zuen baimen berezi batekin, ama hil zitzaionean. 15-20 egun izan ziren, baina gozatu gabe».
Kubara iritsita, Eusko Jaurlaritzaren Santiagoko kontsul izendatu zuten, paperak eduki zitzan. «Hori ez zen existitzen, ez zeukan horrekin zerikusirik».
Izaera bizikoa baina gertukoa zela dio. «Zurrumurrutik trumoira pasatzen zen. Pertsona batekin solasean aritzetik, bat-batean jenio bizira. Maitasun handiz gogoratzen dut aita. Euskaldunen seriotasuna eta zintzotasuna zituen, baina jatorra eta atsegina ere bazen».
Nahiz eta gerra aurretik kontu eramaile gisa lanean aritua zen, Kuban —Santa Claran kokatu ziren— Erraizabalgo sustraiei heldu zien negozioetarako: abeltzaintzari eta nekazaritzari. «Behetik hasi zen, emigrante guztiak bezala». Negozioak egin zituen, eta eskala sozialean igo zen.
Kubako 1959ko iraultzarekin, enpresak nazionalizatzea «traumatiko samarra» izan zen Arangurendarrentzat. «Baina sekula ez nuen kexaka ikusi, eta ez zen ahuldu. Nire aitarekiko dudan harrotasun handiena hori da. Guri ere ez zigun inoiz mingostasunik igorri. Baikortasuna zuen ezaugarri».
Euskal etxea birsortzen
Emigrantetzat dauka Arangurenek oraindik bere burua. Arreba zaharrenak bi aldiz ezagutu du desherriratzea: Legazpitik Kubara lehenik, eta 1960ko hamarkadatik AEBetan bizi baita. Ingeniari hidraulikoa da lanbidez, eta, 69 urterekin, «jubilazioaren ertzean» dago. Denbora zertan erabili pentsatuta dauka, ordea. Habanako euskal etxearen lehendakariorde da, eta erakundea «birsortzen» ari dira.
«Habanako euskal etxea munduko sendoenetakoa izan zen. 1877an sortu zuten, Kubara joandako euskaldunei laguntzeko. Izena ere bakarra dauka: Vasco-Navarra de Beneficiencia. Euskal gaiak asko interesatzen zaizkit, eta euskaldunen ondorengoekin —bilobak dira gehienak—, atzera euskal etxea indartzen ari gara».
Hain zuzen, urri hasieran Kanpoko Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarrean parte hartu du Arangurenek, Gasteizen. Kuban dauden euskal enpresekin harremana badute, baita jaurlaritzaren Kanpo Ekintzarako Bulegoarekin ere.
Gaur egun 400 bat lagun dituzte elkartean, euskal jatorrikoak. 38 pertsona ari dira Habanan euskara ikasten. «Gu saiatu ginen, baina ez genuen ikasi. Hitz batzuk bakarrik. Aitak eta amak euren artean euskaraz egin zuten, azkeneko egunera arte.
Kubaren gaur egungo aldaketa keinuekin eta etorkizunaren itxurarekin baikor da. Frantzisko aita santuarekin egonak dira Aranguren familiakoak, orain hilabete irlara egin zuen bisitan. «Bera ere emigrantea zela esan zigun, eta asko gustatu zitzaidan hori». Danielen anaia Emilio Aranguren Holguin eskualdeko gotzaina da.
Loturak eta oroimena
Lehenago hiru aldiz egona da Daniel Aranguren Euskal Herrian, eta Legazpin. Oraingo komunikazio tresnekin ezin gusturago dago, «arrebekin egunero truka ditzakedalako mezuak eta argazkiak». Legazpiko alkatetzaren bulegoko horman herriko alkate guztien argazkien artean bere aitarena aurkitzeak bereziki hunkitu du.
«Arreta handia erakarri dit argazki horrek, oroimen historikoa mantentzeko adibidetzat izango dudalako aurrerantzean. Harro ikusi dut euskaldunek oroimen historikoa gordetzen ari zaretela hemen. Zuek normaletik kanpokoak zarete, zentzu horretan».
Bizi zen artean, amak mantendu zien Arangurendarrei oroimena familiarekiko eta herriarekiko. Orain, ama-herriak.
Errepublikako lehendabiziko udalbatzako kideak Legazpin
Errepublika garaian, 1931ko apirilaren 5ean aukeratu zuten lehen udalbatza Legazpin, udal bozetara zerrenda bakarra aurkeztu, eta huraxe automatikoki hartuta. Alderdiak ados jarrita, abertzaleak eta errepublikarrak sartu ziren.
Daniel Aranguren Mendizabal izendatu dute alkate —abertzalea zen—, eta zinegotzi Cayetano Elortza, Avelino Ziaran, Domingo Iñurritegi, Justo Urtzelai, Jose Maria Agirrezabal, Valentin Agirrezabal, Jose Aztiria eta Anselmo Zabaleta.