Joxepa Madariaga
Aupa, Iñaxio! Arduratuta, kezkatuta natorrek, gaurkoan ere… Izatez estu samarrak garenoi, askotan, sufritzea tokatzen zaiguk. Gibela handixeagoa bagenu… ! «The K is the key. Kultura da gakoa, kultura giltza». Horixe entzun diagu duela gutxi Agirre Lehendakaria Centerrek eta Gure Esku Dagok antolatutako Erabakitzeko Eskubidea, kultura eta berrikuntza hitzaldian. Lehenengo ingelesez eta gero euskaraz esan dutelako, bi hizkuntzak elkarren ondoan direla entzun dudalako izango duk, behar bada; kontua duk, begiak zabaldu eta barrena aztoratu zaizkidala.
Euskal kulturgintzan lan egiten dugunok, euskal kultura dugunok lantresna eta ogibide, bide eta helburu, ordaindutako lan eta borondatezko jardun, egiten dugun horretan sinesten dugulako ari gaituk. Baina entzun dugunean kultura dela giltza, etorkizuna eta baloreak, eskuartean duguna urrea dela konturatu gaituk.
Hainbeste aldiz entzuna sinesten ari gintuan; alegia, kulturan ez dugula «ezer produzitzen», ez dugula jatekorik sortzen, ez langabezia konpontzen, ez ekonomia suspertzen. Udaletako batzordeetan adibidez, ez al dituk Hirigintzakoa garrantzitsua eta, aldiz, Kulturakoa denbora pasa huts eta Euskara azken putza? Bada ez, nonbait, krisi ekonomikoa bezainbesteko krisi gogorra eta alua duk krisi kulturala ere. Beraz, geure kulturari, euskal kulturari eustea izan behar diagu helburu. Balio al dik, Iñaxio, gai jakin batean/batzuetan/askotan ondo jantzitako punta-puntako politikoak, euskaraz ez dakienak, euskaldunon buruzagi/buru/lider izateko?
Inazio Usarralde
Lasai, Joxepa, lasai! Guk gure bideari eutsiko zionagu honezkero: apal-apal gure inguruari eskaintza dotoreak aukeran jartzen. Oraintxe ere ideia bikain askoak zeuzkanagu eskuartean. Esaterako, elikadura eta osasunari buruz prestatzen ari garen zikloa urrutirago joan gabe eta, astearte honetan, Jakoba Errekondoren Bizi baratzea liburuaren aurkezpenarekin hasi genuena. Jakobak dioenez, gaur egun gauzarik iraultzaileena baratzea lantzea omen dun. Eta horrek ere badin kulturatik: zer eta noiz erein, eguraldiaren eta ilargiaren eragina… Errekondoren liburua arrakasta izugarria izaten ari dun eta Iñaki Mendiguren itzultzaile ezkiotarrak dioenez «Edengo baratzean jarri eta urtean horrelako liburu bat idaztera kondenatuko nuke Jakoba».
Baratzeaz ari garela, lehengo asteburuan izan dinagu, beste herri askotan bezalaxe, Amama pelikula ikusteko parada. Hunkigarria, emozioak dantzan jartzen dituen lana. Gure iragan hurbila ondo islatuta agertzen duen lana, irudien indarrari eta aktoreen lan bikainari esker. Bada, hor ere ageri dun aipu bat baratzearekin lotuta: «Bizitza osoan zoriontsu izan nahi baduzu baratzea landu».
Beraz, kultura bizimodu aberatsago eta beteago bat izateko baliagarri zaigula uste dugulako ibiltzen gaitun esparru horretan gure ideia ero bezain ederrak gauzatzen. Horrelaxe aurkitzen zionat neuk zentzua bizimodu honi eta horrela jarraituko dinagu geure hondar aletxoa ipintzen aurrerantzean ere.