Nafarroako baratzeetako «urre gorria» da. Erraz ezagutzeko modukoak dira. Tamaina txikia, triangelu forma, arin makurtua duen punta eta azal fina. Kolorea, gorria. Baina bereizgarri nagusia zaporea da, nahastezina.
Hiru edo lau aste badira Ordiziako azokara ere ekarri dituztela. Gordinik edo erreta ere saltzen dituzte. Etxe askotan erritua da piperrarena, kiloka erretzeko ohitura dagoelako, ondoren hilabeteetarako gordetzeko.
Nafarroako hego-mendebaleko zonaldeko barazkia da pikilloa. Jatorrizko Deituraren babespean zortzi udalerri daude: Andosilla, Azagra, Carcar, Lerin, Lodosa, Mendabia, San Adrian eta Sartaguda. Landarea, baina, Ameriketakoa da jatorriz, beste hainbat elikagairekin gertatu bezala, Colonek ekarria.
Neguaren amaieran landatzen da hazitokian eta maiatzean, soroetan. Uztaroa, berriz, irailetik abendura artekoa izaten da. Garai hau izaten da fresko kontsumitzeko garaia, beraz. Kontserba industriari, esker, ordea, urte osoan gozatzeko modukoa da.
Aurtengoa ez dela pikillo piperren urte ona izan diote ekoizleek. Angel Iturrik (Arroitz, 1956) BERRIA egunkarian egindako elkarrizketan aitortutakoaren arabera «kanpaina zaila izaten ari da». Lehen bilketa eskasagoa izan dela zioen, baina ondorengoa hobea izaten ari dela. Ekaineko eta uztaileko bero sargoriek lehen loratzea izorratu zuten susmoa du Iturrik. Aleen urritasunak, prezioen gorakada ekarri du.
Kontsumo ohiturak
Kontsumo ohiturei dagokionez, Euskal Herrian, jendea bertakoa kontsumitzeko kontzientzia hartzen ari dela dio Arroitzeko ekoizleak. Testuinguru horretan, Errigora egitasmoan, beste hainbat produkturen artean, pikillo piperrak izango direla ziurtatu du.
Urtean zehar bi kanpaina nagusi egiten dituzte: udaberrian, olioa banatzen dute, eta udazkenean, nekazal produktuz osatutako saskiak, euskalgintza laguntzeko. Lau urteotan, 370.000 kontserba pote eta 88.000 litro olio banatu dituzte, eta 15.000 etxetara iristea lortu dute.
Hilaren 21ean abiatu zen saskiak Euskal Herri osoan saltzeko Errigora egitasmoa. Aste honetan bertan egin dute Ordizian egitasmoaren aurkezpena. Goierriri dagokionez, 5 lantegitan eta 20 toki publikotan banatu eta jasoko dituzte eskaerak egiteko orriak. 14 produktuz osatutako lotea jasotzeko aukera dago, 50 euroan.