Garapen Jasangarriari buruzko hezkuntzaz ikastetxeei eta irakasleei aholkularitza emateko ekipamendu publikoak dira Ingurugelak. Legazpiko Brinkola auzoko eskola zaharretan dago Gipuzkoan sortu zen lehena, 1992an.
Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sisteman ingurumen hezkuntza planak eta programak koordinatzen dituzten ekipamenduak dira Ingurugelak, eta Jasangarritasunerako Hezkuntza garatzen laguntzen diete EAE Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe eta irakasleei. CEIDA (Centro de Educacion Didactico Ambiental) izenarekin sortu zen lehena Bilbon 1989an Eusko Jaurlaritzako bi sailen –Hezkuntza eta Ingurumena– ekimenez. Gaur gaurkoz lau daude, erkidegoko hiru hiriburuetan bana eta Legazpiko Brinkola auzoan bestea.
«Bilbokoa sortu ondoren, Eusko Jaurlaritza ekipamendu hauek zabaltzeko toki bila hasi zen, eta garai hartako Legazpiko alkateak, Prontxio Larrañagak, Brinkolako eskola zeregin horretarako eskaini zuen, eta onartu egin zioten», adierazi du Edurne Huesa ordiziarrak, Brinkolako Ingurugelako aholkularietako batek. 1992. urtea zen. Gerora sortu ziren Gasteizko eta Donostiako zentroak. Huesak 15 urte daramatza bertan lanean. Denbora horretan, Joxan Auzmendi ataundarra izan du lankide –irekieratik aholkulari aritua, eta orain bi urte t’erdi erretiratua–, eta gaur egun Gurutze Laboa pasaitarra.
Goierri, Tolosaldea, Urola Erdia, Urola Kosta eta Debagoiena da Legazpiko Ingurugelaren eragin eremua. «Batez beste, 91 bat ikastetxe izango ditugu, eta zuzenean 67 bati ematen diegu arreta Eskolako Agenda 21aren bidez. Hortik kanpo daudenei ere, laguntza ematen diegu». Aurrerapen teknologikoei esker, Eskolako Agendan dauden zentroei baliabideak eskaintzen dizkiete atari digital baten bidez, eta horrek zentroekin komunikazio zuzena izateko aukera ematen die. «Bertara ere joaten gara, eta orain, batez ere, Eskola Baratzako prestakuntza saioekin ari gara».
Baratzak, ikasketa toki
Ikerketa, esperimentazioa eta ebaluazioa da Ingurugelen lehen lan-ildoa, eta horretarako jasangarritasunerako ingurumen hezkuntzako programak garatzen dituzte: Eskolako Agenda 21 (kudeaketa, hezkuntza eta partaidetza), Ikerketa proiektuak (Ikastetxe jasangarrien saria. IRAES 21) eta Aldizkako ebaluazio-prozesuak. Sentsibilizazioa eta informazioa da bigarren ildoa, Irakasleen prestakuntza hirugarrena eta Jasangarritasunerako eta Ingurumen Hezkuntzako Baliabideak (Unitate didaktikoak, Ihitza aldizkaria eta dokumentazioa zentroak) eskaintzea laugarrena.
Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten ikastetxeen artean abiatutako ikerketa proiektu bati egin dio aipamena Huesak. «Eskola jasangarriaren izendapena lortzeko aurkezten dira zentro batzuk. Auditoria bat egiten zaie, eta baldintzak betez gero, izendapena hori ematen zaie. Agiri hori dutenek eskola jasangarrien IRAE sarean parte hartzen dute». Eta sentsibilizazio eta informazioari begira, azken bost urteetan bultzatzen ari den EAE mailako ikasleen konferentzia nabarmendu du. «20 bat ikastetxek parte hartzen dute, eta dauzkaten iritziak, proposamenak eta konpromisoak elkarjartzen dituzte».
Eskola baratzena da gaur egun «garrantzia handia» hartzen ari den proiektua, Huesak zehaztu duenez. «Eskola baratzak bultzatzen ditugu ikasketa toki bezala. Irakasle batzuek esan didate ikasleek gero eta gutxiago dakitela nondik datozen jaki horiek. Eta horregatik, lehen beharrezkoak baziren, orain gero eta beharrezkoagoak dira. Ikasleek bizitzeko elikagaien prozesua ikastetxean bertan ikasteko modu bat da».
Ikasturte berriko gaiak
Horregatik ez da harritzekoa Goierri beheko ikastetxeek Elikadura Jasangarria hartzea Eskolako Agenda 21ean lantzeko gaitzat. Bigarren ikasturtea da. «Alde batetik aztertuko dugu gure aitona-amonen elikaduratik gurera zer aldaketa egon diren, eta aldaketa horiek hobeak diren edo ez osasunerako eta ingurumenerako». Erleekin eta haziekin dagoen problematika ere jorratuko dute, baita baserriaren egoera ere. «Gero eta baserri gutxiago dago, gero eta elikagai gutxiago ekoizten da, eta horrek dependentzia suposatzen du». Azpeitia-Azkoitian gai bera landuko dute.
Goierri garaian, berriz, Ekonomia Jasangarria hartu dute gaitzat. «Oraintxe ari dira antolatzen, eta irakasleek prestakuntza jaso dute dagoeneko. Bailarako ekonomiaren berri eman die Uggasak, eta ekonomia jasangarrirako zer norabide hartu beharko lukeen azaldu zaie. Ekonomia herri mailan zer sektoretan dagoen aztertuko dute, eta jasangarritasunaren bidean zer pausu eman ere bai». Tolosaldean Kontsumoa da gaia, Urola-Kostan Ekitatea eta Debagoienan Bizitzeko Herriak, hirigintzari lotuta.
Eskolako Agenda 21a, ordea, ikastetxez harago doa, eta udalerriari berari ere eragiten dio. Hezkuntza komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du, bai eskolan zein eskolatik kanpo. «Ikasleei mezu zuzenik ez zaie ematen. Ingurumen arazoak era kritiko batean ikertzera bultzatzen zaie, eta Garapen Jasangarriaren arabera baloratzera, haien bizitza pertsonalean, ikastetxean eta herrian aldaketak eragiteko». Eta hitz-aspertua amaitzeko Afrikako esaera bat ekarri du gogora Huesak: «Haur bat hezteko herri oso bat behar da».
EAEko Eskolako Agenda 21aren lana aitortu du Unescok
Unescok, Nazio Batuen Hezkuntzarako Erakundeak, jasangarritasun hezkuntzako mundu mailako 25 praktika onenen zerrenda sartu zuen Eusko Jaurlaritzak Ingurugelen bidez sustatutako Eskolako Agenda 21 programa. Unescok gonbidatuta, Japonian izan zen iaz EAEko ordezkaritza bat.
«Horrek esan nahi du errekonozimendu handia duela mundu mailan. Errekonozimendu hori Eskolako Agenda 21ean parte hartzen ari den jende guztiarentzat da, hezkuntza komunitatearentzat eta udalentzat».