Irakurtzen ari nintzena ezin sinisturik nenbilen. Mahai gaineko kikara bete kafea ere bat-batean hoztu zela iruditu zitzaidan, eta opil egin berria, ezkutuan zeukan hanka parea aterata, korrika ihesi joango zela pentsatu nuen. Tamalez, gosariaren babesik gabe geratzera nindoan.
Hitz bakoitzak, banan-banan irakurrita, bazuen zentzua, baina testuak bere osotasunean ez. Ez, behintzat, niretzat. Ezin zitekeen hala izan. New Yorken gertatu da. Izeba batek 12 urteko iloba salatu du 8 urte bete zitueneko urtebetetze festan agur beroegia egin, biak lurrera erori eta eskumuturrean min hartu zuelako. 4 urte luze igaro dira harrezkero, eta orain jo du izebak bide judizialera. Kolpearen ondorioak gogorregiak omen dira, hainbesterako, jan beharrekoak erretilu txiki batean ere ezin baititu eraman. Eta bizi ere, hirugarren solairuan bizi da, igogailurik gabeko eraikin batean. Eskumuturrarentzat solairu gehitxo, antza. Bizitza izugarri zaildu omen dio gertakari hark. 54 urte ditu andreak. Tira… jaio zenetik urte horiek igaro direla esan nahi dut. Ez naiz haren adimena zer adini dagokion neurtzen hasiko, badaezpada ere.
Aho bete hortz ni. Eta are gehiago emakumearen iloba, jakina. Pozez egin omen zion ongietorria izebari, «maite zaitut!» ozen esanez. Euren arteko harremana ere oso ona dela aitortu dute batak zein besteak, benetan mutil atsegina eta maitekorra izaki. Nerabeak maite du izeba, nonbait; izebak, berriz, maiteago ditu 127.000 dolar, horiek eskatzen baititu kalte-galerengatik. Sentimendu eta balio ukiezinak baino garrantzitsuagoak dira-eta sakela betetzen duten txanpon ukigarri distiratsuak.
Ez naiz ni nork zer eta nola egin behar duen esaten eta epaitzen hasiko. Baina zer egin zuen, bada, mutikoak? Asmo txarrik antzematen al diozue? Ekidin zitekeen zerbait zen, jakina, baina horrelakoak (bai eta askoz okerragoak ere) ekartzen ditu halabeharrak, ditxosozko patuak. Ez al zen, bada, istripu madarikatu bat izan? Baina zer begirekin begiratzen zaion, beste zerbaitek eragindakoak izaten dira sarri gauzak. Barkaezinak, salatu beharrekoak. Mutikoak bere ekintzen erantzule izan behar duela aldarrikatu du emakumeak lotsagabeki. Gaizki jokatu zuela, eta horregatik, ordaintzea tokatzen zaiola.
Gaizki egindako zenbat ote dago gure inguru honetan? Eta horietatik zenbatek ordaindu ote du egindakoagatik? Eta ez preseski maitasun keinuak adierazteagatik, ez besarkatu nahi izateagatik, ez sentimendu gozoak erakusteagatik. Ez, ez… Politikari lapurrez, enpresaburu ankerrez eta boteredun gupidagabeez ari naiz, besteak beste.
Enpresaburu ezagun batek gazte euskaldunei buruz esandakoak datozkit gogora, bai eta krisialdiaren izenean enpresa munduan egin dituzten sarraskiak, bidegabeki epaitu dituzten pertsona guztiak, hondakinekin egin nahi duten kudeaketa zentzugabea, euskarari eta euskal naziotasunari jarri ohi zaizkion muga zorrotzak, eta azken batean, gure izateko eskubideak, izango bagara, gainditu behar izaten dituen langa garaiak ere. Asko, tamalez.
Non ote daude horiei guztiei jarritako salaketak?