Jon Artola
Nazio mailako erabakitze eskubidea gurean bolo-bolo dabilen honetan, badirudi Mikel batzuetan ahaztu egiten zaigula egunero dugula erabakitzeko eta bozkatzeko eskubidea, maila pertsonalean bada ere. Izan ere, kontsumitzen dugun produktu edo zerbitzu oro, beraien aldeko bozka moduan ere uler liteke. Edaten dugun Coca-Cola bakoitza, empresa horren aldeko bozka bezala eta erosten dugun alkandora bakoitza, denda horren aldeko bozka. Honek, noski, botere handia ematen digu kontsumitzaileoi, askotan ohartzen ez bagara ere.
Baina dena ez da kontsumismoaren gurpil zoroa elikatzea izango, noski, eta gure aurrezkien tokia aukeratzerakoan ere bozka ematen ari gara era berean. Ez baita gauza bera adibidez, espekulazioa oinarritzat duen nazioarteko banku erraldoi bat, edo etekin ekonomiko gutxiago eman arren, armagintzan inbertitzen ez duela ziur dakigun banku-etiko kooperatiba bat.
Gauzak horrela Mikel, egunero eskuan dugun pertsona mailako bozkaren arma boteretsuaz egiten dugun erabilpen zabarra ikusita, ez dakit benetan nazio mailakoaz zein emaitza espero ditugun. Ez ote garen ari batzuetan, gure ekintzen ardura hartzea ekiditen, etengabe atzeratzen den balizko erabakitze eskubide baten aitzakiatan.
Mikel Alvarez
Nik ere egin izan dut hori Artola, eta egiten dut oraindik, egunero. Balizko eskubide horren zain, beste hainbat gauzatan konpromisorik ez hartzeko aitzakia aurkitzen dut. Badakit, beraz, zertaz ari zaren… Hala ere, terapia egiteko gogo gutxirekin harrapatu nauzu gaurkoan. Hori dela eta, nahiago nuke zure testuaren beste puntu batean jarri arreta. Axola ez bazaizu noski? Kolektiboa eta pertsona, pertsona eta kolektiboa, hain zuzen ere. Aipatzen duzu produktu bat erostean enpresa baten aldeko bozka ematen dugula eta egia da. Hala ere, askotan, gainontzekoetan jartzen dugu bizitza errazari heltzen jarraitzeko aitzakia. Hau da, zer axola zaio nik Coca-Colari nik bere produkturik ez erostea mundu guztiak bere horretan jarraitzen badu? Edo Zaran arroparik ez erostea? Dendak beteta jarraituko du ziur (eta jarraitzen du. Ez dut Zaran arroparik erosten baina sartzen ez zaidalako). Besteen jarrera epaitzen dugu eta gure ganoragabekeriaren errudun egiten ditugu. Agian honekin amaitzeko ordua da… Bihartik aurrera ez dut Coca-Colarik erosiko! Eta zer demontre! Arroparik ere ez dut erosiko baldintza justuetan egina dela ez badakit! Eta ze hostia! Goizago esnatu eta barazkiak azokan erosiko ditut! Eta… Buff Artola, ikaragarrizko pereza sartzen ari zait. Zuek hasi eta abisatu, ondoan izango nauzue eta. Ni Carrefourrera noa erosketak egitera.