Ion Muñoa
«Ez borondate txarrez, baina gizarte erabat espainolizatua daukagu» irakurri berri diogu Goiberrin Zegamako seme Joxe Azurmendi «euskararen langileari» (berak hala definitu du bere burua eta nor gara gu «pentsalari» edo «filosofo» esateko?). Aimar Maizek egindako elkarrizketa labur baina zinez interesgarrian, urtetako bere lan eta idatzietan bezala, Azurmendik ideia pentsarazle eta kritika finak utzi dizkigu. Ia galdera bakoitzaren erantzunari tiraka, edukiko genuke ordu luzez solasteko eta eztabaidatzeko nahikoa gai eta argudio. Denei heltzerik ez-eta, Maizek ezin hobeto goiburura ekarri duen ideia horri heldu nahiko nioke.
Espainolizatutako gizartea al da gurea? Eta zer esan nahi du Azurmendik «espainolizatze» horrekin? «Hemen naturaltzat hartzen diren mila gauzari» egiten dio erreferentzia elkarrizketatuak, «kultura» oso bati, eta ez beraz, hizkuntza kontuei bakarrik. Eta «estatuaren inposizio kulturala» eta «propaganda» aipatzen ditu espainolizatzearen jatorria azaltzeko eta komunikabideen papera azpimarratzen du.
Funtsean nahiko bat nator Azurmendirekin, baina nire buruari ezin galdetu gabe utzi «mila gauza» horietan ez ote dagoen gure esku ere badagoen zerbait? «Sartu digutela» dio Azurmendik eta guk «ezin izan dugula libratu hortatik». Eta beraz, ondoriozta genezake guk ardura handirik ez dugula gure espainolizatzean; eta horretan ez nator bat. Adibide asko eman genitzake, baina galdera moduan formulatuta bakarra jarriko dut: Whatsapp edo sare sozialetan, gure talde euskaldunetara iristen diren eta bidaltzen ditugun txiste, foto-montai, bideo eta antzeko txorradetatik zenbat dira espainiarrak (hizkuntzaz ez ezik erreferentziaz ere)?
Eneritz Gorrotxategi
Egin didazun galderari erantzuteko, zera esango nizuke lehenbizi: hizkuntza batean edo bestean, zuk diozun eran, txorradak edo lelokeriak, horixe izaten jarraitzen dutela, txorrada edo lelokeriak. Sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan txiste, bideo eta muntaia horietan agertzen diren erreferentzietan, sarri, esan nahi denarekin geratzen gara, erabilitako erreferentzia zein den ohartu gabe. Baina, lepoa jokatuko nuke erabilitako erreferentziarik gehienak atzerrikoak direla esatean. Badirudi orain arteko topikoak mahai gainean jarriz, euskaraz umorea egiteko ez dugula tresna edo baliabiderik. Zakurraren putza! Euskarak denerako balio du: umorea egiteko, maitasuna adierazteko edota komunikatzeko! Ingurura begiratu besterik ez dago horretaz ohartzeko.
Joxe Azurmendik dioen eran, euskaraz hitz egin baina espainolez pentsatzen den egoeretan, trasmititzen dena, kultura espainiarra da. Baina positibotasunari helduta, eta aldaketak emateko gai garela pentsatuta, aurrerapausuak ematen ere saia gaitezke. Duela gutxi sare sozialetan saiakera egin da traola berezi batekin: #euskalgif. Akaso baliagarri izango zaizu zure sare sozialetako taldeetan proposatzeko.