Gipuzkoako zahartze tasa altuena duten hamar udalerrien artean, bost goierritarrak dira, Olaberria buruan.
Idiazabal gaztarena, paisaia ederrarena, industriarena… eta orain, adinduen lurraldearena ere bai. Goierrik titulu berria eskuratu du, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak kaleratu berri dituen datuei esker. Gipuzkoako zahartze demografikoa aztertu du Gaindegiak, eta Olaberria jarri du lurraldeko buru, zahartze tasari dagokionez. Are gehiago, Olaberriarekin batera, beste lau udalerri sailkatu dira Gipuzkoako hamar zaharrenen artean: Zumarraga, Eibarren atzetik hirugarren postuan, Gaintza, Legazpi eta Zerain, laugarren, bosgarren eta seigarren postuetan, hurrenez hurren. Bostak, Gipuzkoa osoko zahartze tasa orokorretik, %20,6a, gorako zenbakiekin. Bestelakorik ere bada, eta taularen beste puntan Altzaga kokatzen da, %15,8ko zahartze tasarekin.
Zahartze tasa 65 urte eta gehiagokoen biztanleria osoaren arteko proportzioa da. Gipuzkoan, beraz, biztanle guztien %20,6 da 65 urtetik gorakoa, eta Goierrin, %20,5ekoa, oso antzekoa.
Txostenean jasotzen denez, zahartze fenomeno honek, gainera, generoa du, emakumezkoen artean tasak altuagoak direlako orohar. Goierriko bost udalerri zaharrenen artean, berriz, Gaintzak eta Zerainek ez dute joera bera, 65 urtetik gorako emakume gutxiago dagoelako gizonezkoak baino.
Hamar urtera begira
Gaindegiak, gaurko datuak ezezik, hemendik 10 urtera begirako argazkia ere eskaini du, eta Gipuzkoa zaharkituagoa erretratatu du. Goierri ere, orain baino zaharragoa izango da. Gipuzkoa osoko zahartze tasa %25,6koa izango da, hau da, biztanleriaren laurdena baino gehiago 65 urtetik gorakoa izango da. Ez da oso urruti geratzen Goierri, bere 22 udalerrien bataz besteko zahartze tasa, %23,78koa izango delako. Zerain, Legazpi, Olaberria, Zumarraga eta Gaintza izango dira 10 urte barru Goierriko herri zaharrenak, eta baita Gipuzkoako zaharrenetakoak ere.
Datu horiek bailagarri izan daitezke oso udal, aldundi eta besteko erakundeentzako, etorkizun horri begira gizarte gaietan, inbertsioetan edo politiketan aurre har dezaten. Olaberrian bertan, gaurko egoeraz ezezik, etorkizunekoaz ere jabe dira, eta etxebizitza politikan, esaterako, egin dituzte proposamenak, etxe berriak egin beharrean, hori bai, daudenetan aprobetxamendua handitzearen alde. Gazteak herrian gera daitezen gonbitea, eta hazkunde demografikoari keinua.