Tere Madinabeitia
Ez dut gogoratzen noiz idatzi dudan azken aldiz gutuna, benetakoa esan nahi dut, paperezkoa, gero gutunazal baten barruan sartu, zigilua jarri eta postaz bidaltzen den horietakoa. Jaso ere, ez dakit noiz jaso dudan horietako azkena. Urteak izango dira seguruaski. Gutunak bai, iristen dira nere etxeko buzoira, baina fakturak edo bankukoak dira gehienak, harpidetuta nagoen aldizkari pare bat gehituta. Ez. Ez naiz horietaz ari.
Garai batean asko idatzitakoa naiz, baita jasotakoa ere. Lehengusuei idazten niela gogoratzen dut, etxekoen berri emateko eta haiena jasotzeko. Aitak Argentinan zituen senitartekoei ere idazten nien, paper fin eta gardenean, abioian bidaltzeko pisu gutxi eraman behar zuten eta. Frantziako eta Inglaterrako lagunak ere izan nituen, eta haiei idatzita praktikatu nuen frantsesa eta inglesa. Bi herrialde horietan denboraldi baterako joan nintzenean, hemengoekin gutunak eta gutunak trukatu nituen. Nobioren bati edo biri ere idatzi dizkiot kartak, amodiozkoren bat ere bai tartean.
Baina ohitura hura galduta dut nik. Telefonoa etorri zen, posta elektronikoa ondoren, orain wathsappa da nagusi…
Gustura jasoko nuke gutun bat, lagunena, lehengusuena, miresleren batena… berdin da. Idatziko al didazu zuk bat Idoia? Badakit tarteka elkartu eta berriketan jarduten dugula, baita telefonoz eta whatsappez ere. Baina nik betiko karta bat nahi dut, kontu gehiagorako ematen du eta. Ni, bitartean, hasi naiz nerea idazten: «Idoia maitea; Hau jasotzean ondo izango zarela espero dut…».
Idoia Luzuriaga
Tira ba, Tere, idatziko dizut gutunen bat. Izan ere beti dago gehiago esateko eta gauzak idazten direnean, batzuetan lasaiago igorritakoak izaten dira, betiko presatik kanpo. Kasualitatez duela gutxi, etxean gordeta egoten den kaxa horietako batean, garai bateko gutunak aurkitu nituen, beste hainbat altxorren artean. Gure ikasle urtetakoak, atzerrian emandako garaietakoak, oporraldietakoak… a ze parreak bota genituen etxean! Baina era berean, garai hartako oroitzapenak ekarri zizkidaten. Nolakoak ginen orduan, gure aisialdiaren nondik norakoak, garai hartako kezkak, zein puntutaraino aldatu den gure bizitza… ez dakit, eguneroko bat irakurtzea bezala izan zen. Eta bai, gaur egun ez genuke horrelako testigantzarik izango edo agian bai, facebook edo horrelakoetan gordeta dagoena ikusita. Guk erosi genuen azkeneko zigilua, oporretan nire alabak lagunei bidaltzeko postal batean jartzeko izan zen; oraindik ere ohitura hori bizirik dirau hala nola. Baina dagoeneko ate joka ditugun Gabonetan ere ez ditugu idatziko .Duela gutxira arte amak bere izeba guztiei idatzi arazten zizkidan Gabonetako postalak, baina orain haiekin batera joan da ohitura hori. Nik azkenaldian, postontzian fakturak eta erakunde ezberdinetako jakinarazpenak jaso izan ditut, eta orokorrean jakinarazpen horiek deserosotasuna eragin didate. Hortaz, banoa zuri idaztera; ea non aurkitzen dudan postontzi hori bat.