Lurrikararen hondamena arintzen laguntzeko goierritarrek emandako laguntza iritsi da nepaldarrengana. Mendi aldeko herrixka urrunetan txabolak eraiki dituzte udan hiru goierritarrek. Hunkituta itzuli dira ikusitakoarekin.
CAF lantegiko urteko oporrak elkartasun ekintza aipagarri baterako erabili dituzte hiru goierritarrek, aurten. Nepalen izan dira, apirilean lurrikarak suntsitutako lau eskualdetan laguntzeko. Goierrin aurrez bildutako laguntza helburura iritsi dela ziurtatu dute. Nekatuta eta hunkituta itzuli dira.
Tilk Gurung ordiziar-nepaldarra gidari, eta Joseba eta Iñaki Iparragirre Ariztimuño anaia idiazabaldarrak lagun, Nepalgo Annapurna mendi aldeko herrixka txiki urrunetan aritu dira laguntza alea ereiten. Katmanduko Ingeniaritza Eskolak diseinatutako urgentziazko txabolak eraiki dituzte, goierritarrek jarritako dirua baliatuta.
Uztailaren 24an joan, eta abuztuaren 30ean etorri ziren Nepaldik. Bitarte horretan, zazpi herritan aritu dira lanean. Guztira 201 etxola eraiki dituzte, nepaldarrekin batera.
«Mendietan, toki oso urrunetan ibili gara, hiriburutik 170-200 kilometrora, baina lurrikararen epizentrotik 40-60ra. Iristea oso zaila da. Hiri artean errepidea konpondu dute, baina herrixketara lehen ere ez zegoen. Gainera, lurrak mugitu dira, lerradurak eta lur jausiak oraindik ere izaten dira», azaldu du Tilk Gurung-ek, Ordizian bizi den nepaldar jatorrikoak. Eurak Nepalen zirela, esate baterako, euriteen eta mendi mazelaren ezegonkortasunak eraginda, luizi batek 28 lagun hil zituen.
Hegoaldeko Herriak eta Herriak Elkarlanean erakundeek bideratu dute laguntza. Mendigoizaleek ere lagundu diete.
Lehenbizi, esker oneko hitzak jaulki ditu Gurungek goierritarrenganako, adierazi duten elkartasunagatik eta eman duten laguntzagatik. Bestetik, nepaldarrengandik jaso dituzten inpresioak elkarbanatu nahi dituzte: «Erabat baztertutako komunitateak dira, marjinatuak. Gizarteko maila apalena da. Ukiezinak deitzen diete Nepalen. Txabola hauek eurentzat luxua dira; kobetan, oihanaren erdian edo arroz soroetan bizi baitira, zerupean. Asko eskertu digute laguntza», azaldu du Gurungek.
Materiala Katmandutik eraman zuten zazpi herritara: Ghyalchok (39 etxola), Nimbuasara (15), Betyani (40), Chipla (22), Chailung (60), Lumle (15) eta Thulakhet (10). Kamioietan moldatu dira lehenengo; 4x4etan edo traktoreetan gero, ahal zenean; eta bizkarrean askotan, sei ordu arteko ibilaldi aldapatsuetan. Gorkha, Dhading, Lamjug eta Kaski barruti edo probintzietan ibili dira.
Giza talde txiroa izanagatik materialki, esker ona ez zeukaten tokitik ere eman diete goierritarrei: «Eztia eskaintzen ziguten, edo esnea. Eta ez daukate ezer jateko».
Gobernuaren laguntza ez da iristen mendietara. Hala, hiru goierritarrak paraje urrun haietan ikusitakoan, eta zertara joan ziren jakindakoan, ulertu ezinik gelditu dira nepaldarrak: «Gobernuko inor ez dela joan zioten. Eta gu, mendebaldetik, ea nolatan joan garen hain urruti, halako arriskuak hartuta. Zer eta laguntzera, lanera gainera. Ez zuten ulertzen», gogoratu du ordiziarrak.
Elkartasunaren balioak goraipatu ditu, berriz ere, nepaldarrak. Edozein unetan, edozein lekutan, edonor beharrean suerta daitekeelako. «Nepalek sufritu du orain, baina heziketa, baloreak eta pentsaera aberastea ere bada besteentzat».
Alde onena eta txarrena
Nepalgo lau eskualde horietan, 74 herritik 73 txikituta daude. «Lan asko dago, oso kaxkar daude barruti horiek. Gainera, montzoi garaia izan da, garraioa zaildu da… Laguntza ez da iristen mendietara». Gainera, bake prozesuan, Indiak ez du onartu Nepalen konstitzuioa, eta enbargoa jarri dio.
Goierritarrak asko hunkitu ditu han ikusitakoak. «Negar asko egin dugu. Geneukana emateko beharra sentitu dugu, dirua eskaini. Baina ez dute onartzen».
Ezin horrek sortutako amorrua eta desesperazioa gainditu behar izan dituzte. «Gure artean lasaitu behar izan dugu elkar. Urduri jarri ginen, egiteko zegoen guztia ikusita eta ezin zela askorik hobetu jabetuta. Desesperagarria da. Baina babes mentala, soziala eta laguntasunezkoa ematea ere bada».