Goierriko asteroko ferietan ibiltzeaz gain, baserritarrak hasi dira Internet bidez ere jakiak saltzen. Mutiloako Atiber etxekoek orain urtebete sortu zuten webgunea.
Azokara geroz eta gazte gutxiago joaten dela ez da jada berria. Erosteko ohiturak aldatzeak eragin die herrietako asteroko merkatuei ere. Baserritarrak, joateari utzi gabe, bide berriak jorratzen hasi dira, ordea. Mutiloako Atiber baserrikoak, adibidez, aitzindariak izan dira Interneten webgunea jartzen; duela urtebetetik daukate zerbitzua: atiberbaserria.com.
«Feriara gaur egun adinekoak joaten dira gehienak, gazteak gutxi. Gazteekin pentsatuz sortu genuen webgunea. Ezer galtzekorik ez dauka, apustu bat da, proba egiteko», azaldu du Atiberko Ixiar Muñoak.
Inbertsio bat eskatzen du Interneteko plaza irekitzeak. Baina erakundeek diru laguntzak badaude, eta behin martxan jarritakoan ez dauka mantentze kostu handirik. Urtebete daramate Atiberkoek esperientziarekin, eta gustura da Muñoa: «Ezagutaraztea falta zaigu agian, jendeak jakitea badela webgunea».
Ordenagailuan eskaria jaso, eta postaz bidaltzen dute eskatutakoa, etxeraino. Azkar eta eroso, baratzetik sukalderaino.
Kurioski, Euskal Herritik kanpoko eskari gehiago jaso dituzte. «Bartzelona, Valentzia, Albacete… Kanpotik gehiago iristen zaizkigu webgunera eskariak. Orain babarruna garaia da bete-betean».
50 urtetik gora ferietan
Muñoa-Telleriatarren oinarria feria fisikoak dira, oraindik ere. Astean sei azokatara joaten dira: Lazkao, Beasain, Ordizia, Arrasate, Zumarraga eta Oñati. 1960 inguruan hasi zen Jesus Mari Muñoa, Ordiziara joaten.
Orain, webgunearen bitartez, norberaren etxeko ateraino iristen dira.