Brinkolako Igeralde errotak 500 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egin dira asteburuan Lenbur Fundazioak bultzatuta eta ondoan duen Ogiaren Txokoa museoak lagunduta.
Lurdes Iriondo eta Xabier Leteren Errota zahar maitea abestian jasotzen diren hitzak ondo egokitzen zaizkio Legazpiko Brinkola auzoan dagoen Igeralde errotari. Zaharra baita, eta maitea ere bai. Aurten 500 urte betetzen dira berari buruz dokumentu batean lehen aipamena egin zenetik, eta urteurren hori baliatu du Lenbur Fundazioak hainbat ekitaldiren bitartez eraikuntza zahar baina zaindu honen historia zabaltzeko.
Igeralde errotari buruzko aipamen zaharrena 1515ekoa da, Ojer Lopez de Agirrek Miguel Ibañez de Elorregiri zati bat saldu zionekoa. Elorregi etxeko jaunak Oñatiko Juan Perez de Lazarragari saldu zion bere zatia 1516an.
Mendeetan aurrera eginda, 1729ko data da errotaren historian hurrengo mugarri garrantzitsua, orduan eraberritze lanak egin baitziren. Francisco Manuel de Plaza, Oñatiko Lazarragatarren ondorengoa, eta Francisco Aguirre ziren jabeak. Martin de Garro hargin-maisu ospetsuari enkargatu zizkioten lanak. Haren hargin-lana gaur egunera arte iritsi da.
XIX. eta XX. mendeetara iritsita, Urmeneta da Igeralde errotan nagusitzen den abizena. Azkeneko Urmenetatarra Marceliano izan zen, eta honek, auzoko bertako Olazar baserriko Klara Iñurritegirekin ezkonduta, 1906an hartu zuen errotaren jabetza. Ez zuten oinordekorik izan, eta Klararen iloba Benito Iñurritegi (1918) jaso zuten etxean hilabeteak zituela. Hark eman zion jarraipena errotari, Manoli Beristain emaztearen laguntzaz –Benitok fabrikan egiten zuen lan arratsaldeko erreleboz–, eta haien seme-alabak dira gaur egungo jabeak.
Azken errotariak
Ez dira oraindik urte asko Igeralde errotak lan egiteari utzi ziola. Auzotarrek gogoan dute artoa eramaten zuten garaia, ordainetan Benitori edo Manoliri, ehotakoaren parte bat emanez. Horixe izaten zen, normalean, errotariaren saria, laka (irindutakoaren edo txikitutakoaren portzentaia, gehienez ere %10koa). Pentsu-saltzaileentzako ere lan egiten zuten Igeralden, artoaz gain, baba eta garagarra txikituz. Hauei, xehetutakoaren zatiaz gain, dirutan ere kobratzen zieten.
Atxurra hartu eta errotako beste elementuak zaintzen ere gogoratzen dute Benito brinkolarrek. Olalde inguruko presatik errotaren gainaldeko aldaparo bitartean doan kanala garbitzen, kanalera ura bideratzeko llabea irekitzen, aldaparoa bera garbi mantentzen, ehotarria eta egurrezko makineria zaintzen … Izan ere, errotariak ez zuen alea ehotzen bakarrik, bazituen beste lan batzuk ere. Lan horiei, gainera, turismo-gidariena ere gehitu zitzaien, 1995ean Legazpiko udalarekin sinatutako akordio bati jarraiki. Errotak bere ateak ireki eta bisitariak hartzen hasi zen.
Benito eta Manolik 2002ra arte egin zuten lan errotan. Azken urteak lasaiak izan ziren lanaren aldetik. Erretiroa hartu zutenean, haien alaba Maria Luisaren senarrak, Pepe Segadek hartu zien erreleboa, etxera ezkondutakoan lanbidea ikasi eta urtetan laguntzaile izan eta gero. Honek ere errotan lan egiteari utzi zion, eta Lenbur Fundazioaren eskuetan utzi zuen familiak. Lenbur arduratzen da harrezkero errotaz, 2007etik, baina Iñurritegi familiaren jabetzakoa da oraindik.
Bizirik dirau Igeralde errotak, Ogiaren txokoa museoren alboan
Paraje zoragarrian dago kokatuta Igeralde errota, Brinkola erdigunean, auzoko zubi ikusgarrien artean eta Urola ibaiaren ertzean. Ez du garai batean bezala baserritarrentzako alea xehetzen, baina noizean behin martxan jartzen ditu errotarriak, ondoan dagoen Ogiaren Txokoa museoa ikustera joandako bisitariei bere funtzionamendua erakusteko.
Errotaren gainaldean, bidearen beste aldean dago Ogiaren Txokoa, Igeralde-Goena baserrian. Tibur Agirre bertako semea da arduraduna, eta Lenbur Fundazioarekin lankidetzan egiten ditu anfitrioi lanak. Bere etxean kokatuta dagoen museoa erakusteaz gain, martxan jartzen du errota ere. Errota honen 500. urteurrena ospatzeko antolatu diren bezalako tailerrak ere gidatzen ditu noizean behin, eta haurrei ogia egiten erakusten die.
Ogiaren Txokoak errotaria eta ogiaren kontsumoa omendu nahi ditu, elementu garrantzitsuak izan baitira gure historian. Bertan, hazia nola landatu eta jasotzen den azaltzen da hasteko, irina nola lortzen den gero, eta ogia labetik atera arteko prozesu osoa erakusten da. Nekazaritza-tresnak, hazia mugitzen duen errota, ogia erretzen duen labea eta beste elementu asko daude gune horretan. Errota, bisitaren ezinbesteko osagarri egiten da.