Ez da musika taldea, Legazpiko gazte batzuek kaleko animaliekiko dituzten kezkak eta ardurak biltzen dituen elkartea baizik. Lau Katu du izena, eta herriko kale-katuen egoera hobetzea da bere helburu nagusia. Eva Triguero (Legazpi, 1980) da elkarteko lehendakaria, eta Leyre Duran (Legazpi, 1996) eta Unai Fragoso (Legazpi, 1991) taldeko kideetako bi.
Animaliekiko maitasuna dute komunean, eta haien ongizatearen alde lan egiteko gogoa ere bai. Gazteak dira, eta kezkatuta daude Legazpin kalean bizi diren katuen kopuruarekin eta beren egoerarekin. Kalkuluak egin dituzte, eta une honetan herriko kaleetan 150 bat bizi direla uste dute. Koloniak egin dituztela ere ikusi dute: Patrizio Etxeberria kalearen atzealdeko berdegunean, Azpikoetxe inguruan, San Inazio eta Urtatza auzoetan… Batzuk abandonatutakoak dira, besteak kalean bertan jaio eta hazitakoak. Jatorri batekoak edo bestekoak izanik, kexak eragin dituzte gune horietako bizilagunen artean.
Hori dela eta, katu horiek kontrolatzea dute helburutzat, eta lehen pausoa kaletik ateratzea litzateke. Gero, antzutu egingo lituzkete, hainbeste ez ugaltzeko, eta, azkenik, adopzio eta harrera etxeetan edo egoitza berezi batean kokatu. Baina hori egiteko dirua behar da, albaitaria ordaindu egin behar delako eta janaria erosi behar delako. Hori dela eta, Lau Katukoek dei egiten diete legazpiarrei, eta animaliak maite dituzten guztiei, egitasmo honi dirulaguntza eman diezaioten.
Harrera etxeak
Lau Katu elkarteak lehen pausoak besterik ez ditu eman, eta oraindik ez du erabat osatuta bere kide eta boluntarioen sarea. Horregatik, Gasteizko Esperanza Felina izeneko elkartearen babesean egiten du lan, eta bertara bideratzen ditu, adibidez, kalean jasota iristen zaizkien katakumeak. Helburua, ordea, independiente izatea da, eta Legazpin bertan kudeatu ahal izatea animalien arreta. Dirulaguntzaz gain, boluntarioak ere behar dituzte, tartean beren etxeetan animaliak aldi baterako jasotzeko prest daudenak ere.
Legazpiko hirukoak erakusten dutenez, musika, ikasketak, kirola, lagunak, bikotekidea edo parrandak ez dira gazteek dituzten kezka bakarrak. Animaliak gustuko dituztenek eta egoera larrian daudenei lagundu nahi dietenek badute orain non asetu ardura hori. Hauxe da Lau Katu elkartearekin harremanetan jartzeko helbidea:asociacionlaukatu@gmail.com. Facebook-en ere badute irekita perfila, Lau Katu elkartearen izenean.